Joan eduki nagusira

Lurreko Ekologiaren Espainiar Elkarteak (Espainiako ekologiako elkarte zientifiko handienak) Zientzia Irekia 2025 saria eman dio Ximena Herrera Alvarez Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ekologo eta ikertzaileari. Zehazki, epaimahaiak aitortu du saridunak egindako lanaren eragin zientifiko eta soziala, bereziki MADERA lanarena, zurgai diren Amazoniako espezieen datu-base oso eta estandarizatua (bederatzi herrialde biltzen ditu). Bere doktoretza-tesiaren alderdietako bat da. Tesia duela gutxi defendatu zuen NUPen, eta orain proiektuko lankidearen lanetan dihardu unibertsitate horretan.

zoom Ximena Herrera Alvarez, NUPen.

Ximena Herrera Alvarez, NUPen.

Sarian, orobat baloratu ziren “datu-base honen argitalpen irekia eta erabilitako kodea, eta horrek aukera ematen du lana beste baso tropikal batzuetan egiteko”. Gainera ebaluatzaileetako batek azpimarratu zuen “baliabide gutxiagoko testuinguruetan garatutako zientzia irekiko ekimenak babestearen balioa”, eta “potentzial esanguratsua duen ikertzaile gaztea” dela nabarmendu zuen. Saria duela gutxi eman zen Pontevedran, Lurreko Ekologiaren Espainiako Elkartearen (AEET) XVII. Biltzar Nazionalean.

Saritutako ikerketa

Ximena Herrera Alvarezek aztergai ditu zurgai diren espezie tropikalak. Hain zuzen ere, espezie horien definizioa eta aurretiazko sailkapena proposatu zituen bere doktoretza-tesian. Zehazki, MADERA izeneko datu-base bat sortu du Amazoniako 9 herrialdeetako espezie zurgaien izen zientifikoen estandarizazio taxonomikoarekin (1.136 zuhaitz-espezie). Horrez gain, honako hauei buruzko informazioa gehitu du: populazioa, hiperdominantzia, Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren kontserbazio-kategoriak, merkataritza eta espezie horiek klima-aldaketaren eta baso-soiltzearen egoeretan duten kalteberatasuna.

Gero, Amazoniako zuhaitzen beste datu base bat sortu zuen beren taxonomiaren arabera, eta 6.457 zuhaitz-espezietarako estandarizatua. Datu-base horri MADERA datu-baseko zenbait informazio gehitu zitzaizkion, baita ForestPlots (Leedseko Unibertsitatea) basoak monitorizatzeko sare iraunkorrekoak diren hektarea bateko 846 lursailen aldagai ekologikoei buruzko datuak eta Amazon Tree Diversity Network (Herbehereak) sarearen beste informazio osagarri bat ere.

Azkenik, datu horien analisiei esker, lehen aldiz ezagutu zen Amazoniako eskualde horretan zuhaitz tropikalaren espezie batek zer ezaugarri ekologiko izan behar dituen “zurgarritzat” har dezaten aipatu amazoniar herrialdeek. Datu-base horien izaera irekia eta munduko beste eskualde batzuetara estrapolatu daitezkeen analisi-tresnen proposamena erabakigarriak izan dira saria emateko.

Ximena Herreraren curriculum laburra

Ximena Herrera Alvarezek Ekologia Aplikatua ikasi zuen Quitoko San Francisco Unibertsitatean (Ekuador), eta, gero, Ingurumeneko Agrobiologiako Masterra, zeina Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Euskal Herriko Unibertsitateak batera irakasten baitute. Bere doktoretza-tesiaren emaitzak “Ecology” aldizkarian argitaratu dira, eta nazioarteko hainbat biltzarretan aurkeztu dira. Aldizkari hori nazioartean bere esparruan ospe handiena duenetako bat da.

Hainbat ekosistemetako ekologiako proiektuetan parte hartu du, eta bere ikerketa-lerroek aztergai dute batez ere baso tropikal eta epelek izaten duten dinamika perturbazioen ondoren, hala nola mozketa selektiboa eta suteak, eta altitude gradiente desberdinetan.

Basoak hobeto ulertzeko interesa du, horiek erabiltzea ekosistemen funtzionamendurako arriskutsua izan ez dadin. Era berean, zientzia bere aplikazioarekin konektatzeko interesa du, nazioarteko erakunde arduradunen eta gizartearen bidez.