Ximena Herrera Alvarez ekologoak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza-tesian, ezaugarri biofisiko zehatzak dituen Amazoniako espezie zurgai tropikalaren definizioa proposatu du. Bere tesian, datu masiboak aztertzeko tresnak garatu ditu, eta tresna horiek Amazoniako espezie zurgai kontzeptuan sakontzeko eta munduko beste eskualde tropikal batzuetara estrapolatzeko aukera eskainiko dute. Honako hauek zuzendu dute ikerketa: Juan A. Blanco NUPeko irakasle titular eta Ekologia eta Ingurumena ikerketa-taldeko zuzendaria eta Gonzalo Rivas-Torres Quitoko (Ekuador) San Francisco Unibertsitateko irakasle eta Tiputini Estazio Zientifikoko zuzendaria.
Ximena Herrerak bere tesian azaltzen duenez, Amazoniako eskualdea bere 9 nazioekin (Bolivia, Peru, Ekuador, Kolonbia, Venezuela, Guyana, Surinam, Guyana Frantsesa eta Brasil) duela milaka urtetatik gertatutako prozesu geologiko, ebolutibo eta giza historia desberdinen emaitza da. “Herri indigenek Amazonia duela hamabi mila urte inguru etxekotu zutela frogatu da, eta gaur egun dauden zuhaitz-espezie asko prozesu horren emaitza dira. Era berean, garai kolonial eta postkolonialean, duela ehunka urte, egur tropikala ustiatzen hasi ziren merkataritza-helburuekin. Orduz geroztik (1983), Egur Tropikalen Nazioarteko Erakundeak (ITTO) munduko egur tropikalaren merkataritza arautu du herrialde esportatzaile eta inportatzaileekin. Zehazki, Amazoniako herrialdeek egur tropikala esportatzen dute, eta haien merkatu nagusia Txina, Estatu Batuak eta Europar Batasuneko zenbait herrialde dira”, azaldu du.
Nolanahi ere, egur tropikalak zenbait ezaugarri ezagun izan baditu ere, “arlo horretan ardura duten nazioarteko erakundeek ez dute planteatu Amazoniako espezie zurgai tropikalaren kontzepturik, eta ez da aztertu, ezta ere, zer ezaugarri ekologiko izan behar dituen zuhaitz tropikalaren espezie batek zurgaitzat har dezaten aipatutako 9 nazioek”.
Kontzeptuen eta datu-baseen berrikuspena
Tesian, lehenik eta behin, espezie zurgai kontzeptuaren berrikuspen sistematikoa egin zen, eta datuak alderatu ziren ITTO eta FAO nazioarteko erakundeek planteatutako kontzeptuekin eta aipatu herrialdeei egindako inkesta baten erantzunekin. Inkestak aztergai zuen herrialde horietako baso-erakundeen arabera espezie batek zer ezaugarri edo irizpide izan behar dituen zurgaitzat hartua izateko.
Bigarrenik, MADERA izeneko datu-base bat sortu zen Amazoniako 9 herrialdeetako espezie zurgaien izen zientifikoen estandarizazio taxonomikoarekin (1.136 zuhaitz-espezie). Horrez gain, honako hauei buruzko informazioa gehitu zen: populazioa, hiperdominantzia, Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren kontserbazio-kategoriak, merkataritza eta espezie horiek klima-aldaketaren eta baso-soiltzearen egoeretan duten kalteberatasuna.
Hirugarrenik, Amazoniako zuhaitzen beste datu base bat sortu zen beren taxonomiaren arabera, eta 6.457 zuhaitz-espezietarako estandarizatua. Datu-base horri MADERA datu-baseko zenbait informazio gehitu zitzaizkion, baita ForestPlots (Leedseko Unibertsitatea) basoak monitorizatzeko sare iraunkorrekoak diren hektarea bateko 846 lursailen aldagai ekologikoei buruzko datuak eta Amazon Tree Diversity Network (Herbehereak) sarearen beste informazio osagarri bat ere.
Azkenik, datu horien analisiei esker, lehen aldiz ezagutu zen Amazoniako eskualde horretan zuhaitz tropikalaren espezie batek zer ezaugarri ekologiko izan behar dituen “zurgarritzat” har dezaten aipatu herrialdeek. Alde horretatik, “tesi horren ekarpen nagusietako bat Amazoniako espezie zurgai tropikalaren aurretiazko kontzeptu baten planteamendua da, honako aurkikuntza hauek baititu: ugariak edo hiperdominanteak dira, ohikoak maila lokalean, eta biomasa indibidual handikoak. Espezie horiek baso mota guztietan daude, baina batez ere lehorreko basoetan eta baso zingiratsuetan. Gainera, espezie horiek erabilera asko izaten dituzte aprobetxamendu zurgarriaz harago, eta, beraz, litekeena da egur horren dentsitate maila handia izatea”, adierazi du tesiaren egileak.
Hala ere, Ximena Herrerak dioen bezala, nazioarteko erakunde arduradunek ebaluatu behar dute Amazoniako espezie zurgaiaren definizio hori, batez ere arriskuan dauden eta datu nahikorik jaso gabe dauden espezieen zura ateratzea saihesteko. Espezie horien aurkako beste mehatxuetako bat dira Amazoniak azken urteetan izan dituen lehorteak. “Nazioarteko erakundeak gonbidatzen ditut eskualde eta nazio mailan ondo zehaztutako irizpide eta adierazle batzuk sustatzera, komunitate zientifikoak aldez aurretik ebaluatuta, herrialde bakoitzean aplikatzeko, eta, ondoren, tokiko komunitateek eta komunitate indigenek bizirauteko erabili ahal izango lituzketen espezieak zerrendatzeko, bai eta zurgintzan erabiltzeko ere. Amazonia osoaren paisaiaren ikuspegia eta klima-aldaketaren eta bioma horren baso-soiltzearen ondoriozko inflexio-puntuaren balizko agertokia kontuan hartu behar dira nahitaez”, ondorioztatu du tesiaren egileak.
NUPek eta Nafarroako Gobernuak finantzatu dute ikerketa, eta Amazoniako tropikoko zenbait ikertzaileren laguntza ere izan du, hala nola Oliver L. Phillips, (Leedsek Unibertsitatea, Erresuma Batua), Hans ter Steege (Naturalis Biodiversity Center, Herbehereak), Leonardo Ortega – López (Ikiam Amazoniako Eskualde Unibertsitatea, Ekuador), Martin Sullivan (Manchester Metropolitan University, Erresuma Batua), Vicente Guadalupe (Lankidetza Amazonikoaren Itunaren Erakundearen BioAmazonia proiektua bere herrialdeekin).
Ximena Herrera Álvarezen curriculum laburra
Ximena Herrera Alvarezek Ekologia Aplikatua ikasi zuen Quitoko San Francisco Unibertsitatean (Ekuador), eta, gero, Ingurumeneko Agrobiologiako Masterra, zeina Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Euskal Herriko Unibertsitateak batera irakasten baitute. Bere doktoretza-tesiaren emaitzak “Ecology” aldizkarian argitaratu dira, eta nazioarteko hainbat kongresutan defendatu dira. Aldizkari hori nazioartean bere esparruan ospe handiena duenetako bat da.
Hainbat ekosistemetako ekologiako proiektuetan parte hartu du, eta bere ikerketa-lerroek aztergai dute batez ere baso tropikal eta epelek izaten duten dinamika perturbazioen ondoren, hala nola mozketa selektiboa eta suteak, eta altitude gradiente desberdinetan.
Basoak hobeto ulertzeko interesa du, horiek erabiltzea ekosistemen funtzionamendurako arriskutsua izan ez dadin. Era berean, zientzia bere aplikazioarekin konektatzeko interesa du, nazioarteko erakunde arduradunen eta gizartearen bidez.