Ximena Herrera Álvarez ekologo eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) doktoregaiak Panamazoniako espezie zurgaiei buruzko artikulu bat argitaratu du “Ecology” aldizkari zientifikoan. Amerikako Ekologia Elkartearen aldizkaria da (ESA), eta ekologiaren arloan nazioartean ospe handiena duenetako bat. Lehenbiziko artikulua da lurralde horretako bederatzi herrialdeetako espezie zurgaiak biltzen dituena (Bolivia, Brasil, Kolonbia, Ekuador, Guyana, Guyana Frantsesa, Peru, Surinam eta Venezuela), eta horixe da, hain zuzen, ikertzailearen doktoretza-tesiaren aztergaia. Artikulua idazteko, Amazoniako basoak eta munduko baso tropikalak ikertzen aitzindariak diren ikerketa-zentroen laguntza izan du Ximena Herrerak.
Ekologoaren argitalpenari esker, badakigu gaur den egunean 1.112 espezie zurgai daudela Panamazonia osoan, 337 generotan eta 72 familiatan banatuak, eta horietatik 161 salerosketarako erabiltzen direla. Ez dakigu, ordea, espezieen % 30 nolako kontserbazio egoeran dauden, Natura Babesteko Nazioarteko Batasunaren (IUCN) Zerrenda Gorrian ezarritako irizpideen arabera.
Datu multzo ordenatu bat da artikulua (dataset), eta, hori egiteko, informazio ofiziala bildu zuen doktoregaiak Amazoniako Lankidetza Itunaren Erakundearen (OTCA) Amazoniako Behatokiari (ORA) gorago aipatutako herrialdeek emandako datuetatik. Gero, “taxonomic name resolution service” (TNRS) izeneko baliabidea erabiliz estandarizatu zuen informazioa. Datu horiez gain, beste iturri batzuetako informazioa bildu zuen zurgaien populazioari, kontserbazioari eta salerosketari buruz, eta klima-aldaketari eta Amazonia osoko deforestazioari nola erantzuten dieten ere ikertu zuen.
Ximena Herrera NUPeko Ekologia eta Ingurumena ikerketa-taldeko kidea da, eta taldeko buru den Juan A. Blanco irakaslea izan du tesiaren zuzendari, Gonzalo Rivas-Torres Quitoko San Francisco Unibertsitateko irakaslearekin batera (Ekuador). Bi ikertzaile horiez gainera, beste hauek ere aritu dira artikulurako kolaboratzaile lanetan: Oliver Phillips (Leedseko Unibertsitatea, Erresuma Batua), Vicente Guadalupe (OTCA), Leonardo D. Ortega-López (Syracuseko Unibertsitatea, New York) eta Hans ter Steege (Naturalis Biodiversiy Center, Utrechteko Unibertsitatea, Herbehereak).
Espezie gehien dituzten familiak, salerosketa eta kontserbazio egoera
Ximena Herrerak identifikatutako 72 landare-familietatik, Fabaceae, Lauraceae, Sapotaceae, Malvaceae eta Lecythidaceae familiek dituzte espezie gehien. Ale kopuru gehien dituztenak, berriz, Fabaceae, Lecythidaceae, Moraceae, Sapotaceae eta Myristicaceae dira. 147 espezie hiperdominante identifikatu ditu (sarriagoak eta ugariagoak). Amazonia guztiko espezie ugaritasun osoaren % 57,50 osatzen dute, eta zoru sendoko basoetan bizi dira batik bat, eta proportzio txikiagoan zingiretan, eta igapó, podzol eta varzea deituriko habitatetan.
Tiputini Biodibertsitate Estazioa (TBS), Yasuní Biosfera Erreserban, Ekuadorren (Gonzalo Rivas-Torresek lagatako argazkia).
Gorago esan bezala, 161 espezie erabiltzen dira nazioarteko merkataritzan, batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago, Zur Tropikalen Nazioarteko Erakundearen datuen arabera (OIMT). Hala ere, artikuluak dioenez, espezie horien % 0,4 baino ez daude erregistratuak Basa Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Nazioarteko Merkataritzari buruzko Konbentzioaren eranskinetan (CITES).
Azkenik, gorago aipatu bezala, espezie bakoitzaren kontserbazio egoerari buruzko informazioa lortu zuen Natura Babesteko Nazioarteko Batasunaren (IUCN) Zerrenda Gorritik. Erakunde horrek ebaluatutako 800 espezie identifikatu zituen (espezie guztien % 71,9), zeinak 65 familiatan baitaude sailkatuak. Espezie horietako gehienen kategoria kezka txikiena eragiten duten landareena da (721, espezieen % 64,8), baina gainerako 79ak mehatxu handiagoko beste kategorietan daude sailkatuak zerrendan. “Hala ere, espezie eta kategoria kopuru hori handitu eginen da klima-aldaketak eta deforestazioak Amazonian izanen dituen ondorioen eraginez”, esan du Ximena Herrerak.
Ximena Herrera Álvarezen curriculum laburra
Ximena Herrera Álvarezek Ekologia Aplikatua ikasi zuen Quitoko San Francisco Unibertsitatean (Ekuador), eta, gero, Ingurumeneko Agrobiologiako Masterra, zeina Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Euskal Herriko Unibertsitateak batera irakasten baitute. Ekologiako zenbait proiektutan hartu du parte, eta bere ikerketa-lerroetan lantzen duen gaia da baso tropikalek eta epelek izaten duten dinamika perturbazioen ondoren, besteak beste mozketa selektiboaren eta suteen ondoren, eta altitude gradiente desberdinetan.
Ximena 2019an sartu zen NUPeko Ekologia eta Ingurumena ikerketa-taldean eta IMABen, eta beste proiektu batzuetan aritu da talde horietan ere.