Rudy Goroskieta Alfonso Foru Komunitatean rockaren zabalpenean nabarmendu den pertsona etorri da bisitan berriki Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Arrosadiko campuseko Liburutegiko Rockotekara. Topaketan, kultura-sustatzaile eta irratiko esatari ohiak unibertsitateko gune berri horri buruzko interesa adierazi du, eta bere bilduma pertsonaleko zenbait gauza eman ditu, eta horien artean dago Bruce Dickinson Iron Maiden musika-taldeko kantariak sinatutako liburu bat.


Rudy Goroskieta (6.a ezkerretik), Liburutegiko langileekin eta Martin Larraza Ikerketako errektoreordearekin (4.a ezkerretik), Rockotekan.
Solasaldian, gonbidatuak begi onez ikusi du unibertsitatean Rockoteka bezalako ekimen bat egotea, eta esan du hasieran rocka “urrun” zegoela erakundeetatik. Azpimarratu duenez, proiektuak erakusten du bilakaera bat egon dela unibertsitatean kultura ulertzeko moduan, non liburuez gain filmak eta diskoak bezalako beste euskarri batzuk ere egon behar baitira. Goroskietaren iritzian, ekimen hori handitzeko giltzarria da ekarpen kolektiboaren izaera duela. “Espazio horiek maitasunetik eraikitzen dira, modu altruista eta naturalean. Garrantzitsua da El Drogas , Aurora Beltrán eta musikaren munduko beste pertsona batzuk etortzea eta beren bizitzaren berri ematea”, esan du Nafarroako rockaren bi erreferentziek Rockotekara egindako aurreko bisitak direla eta.
Belaunaldien arteko erreleborik ez
Goroskietak gogoeta egin du rockaren egoerari buruz. Belaunaldien arteko erreleboari dagokionez nolabaiteko geldialdia dagoela onartu du, baina ziurtatu du generoa “ez dela hilko” eta “bizirik dagoela” kontserbatorioei, eskolei eta, batez ere, entsegu-aretoei esker, zeinak “benetako musika-mintegiak” baitira, rocka, bluesa edo bertsioak interpretatzen dituzten bandekin askotariko eszena elikatzen baitute.
Goroskietak irratian eta musika-ekitaldien esparruan izan duen esperientzia profesionalaren berri eman du. Gogora ekarri du 1998an Marea musika-taldearekin izan zuela lehen harremana. Irratira joan zitzaizkion maketa aldean zutela, eta senak bultzatuta taldearen abestiak jarri zituen, eta horri esker musika-taldeak berehala erakarri zuen entzuleen arreta. Bere irizpide pertsonalean konfiantza izateko eta gogoko dituen proiektuen alde egiteko filosofia hori aplikatzen jarraitzen du, joan den hamarkadan ekitaldiak antolatzeko bere enpresaren kudeaketa bere gain hartu zuenetik.
Bestalde, gogoratu behar da NUPeko Liburutegia dohaintzak jasotzeko prest dagoela, funtsak handitzen jarraitzeko. Horien artean, liburuak, aldizkari espezializatuak, biniloak, CDak, kaseteak, DVDak eta merchandising-materiala daude. Informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi Liburutegiari bupna@unavarra.es posta elektronikoko helbidearen bidez edo deitu 948 16 90 64 telefono-zenbakira (astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 15:00etara).