Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bere jakintza-arloetako 36 titulu bereki eskainiko ditu 2025-2026 ikasturtean. Izena emateko lehenbiziko epea ekainaren 2ra arte egonen da zabalik, eta interesdunek NUP Fundazioaren prestakuntza jarraituari buruzko webgunean aurkituko dute horren inguruko informazio guztia.

zoom Ikasle batzuk NUPen.

Ikasle batzuk NUPen.

Titulu berekiak inguruko prestakuntza-beharrei erantzuteko sortzen dira, ezagutzaren bidez pertsonen enplegagarritasuna eta birkualifikazioa sustatzeko helburuz. Asmo hori betetzeko, titulu gehienak gizarte osoarentzat eskaintzen dira, modu irekian; beste batzuk, berriz, graduko ikasketa ofizialekin daude lotuta, ikasleek prestakuntza espezializazio batekin osatu dezaten; eta hirugarren talde bat, enpresa eta entitateekin diseinatzen da, haien beharrei erantzuteko. “In Company” du izena prestakuntza horrek, eta NUPen ikasketa berekiak enpresa edo erakunde interesdunentzat ematea edo egokitzea eskaintzen du, baita haien neurrira egindako tituluak diseinatzea ere. 

Eskaintzaren ezaugarriak eta lankidetza enpresekin

Prestakuntza jarraituaren helburua da gizartearen eta lan-merkatuaren eskaera aldakorrei erantzun zuzena ematea, eta eragile ekonomiko eta sozialekin etengabe eta elkarlanean hitz eginez bultzatu behar da.

Pertsonen prestasun-beharretara egokitzeko, funtsezkoa da prestakuntza ere malgua eta eskuragarria izatea. Alde horretatik, NUPk iraupen laburreko programa modularrak eskaintzen ditu zenbait modalitatetan (presentziala, birtuala edo hibridoa), eta norberak bere egoerara eta nahietara hobekien egokitzen den formatua aukeratzen ahal du. Hala, prestakuntza egiazki inklusiboa eta eskuragarria da denentzat, norberak denboren eta kokapen geografikoaren ikuspegitik dituen mugak gorabehera.

Mikrokredentzial unibertsitarioen eskaintza

Bestalde, gogora ekarri behar da NUPek 2025-2026 ikasturterako abian jarri duela gizartearekin lankidetza estuan diseinatutako sei titulu bereki berriren eskaintza mikrokredentzial unibertsitarioen  esparruan. Mikrokredentzialak prestakuntza malgu eta espezializatura daude bideratuta, eta horiei esker ikasleek gaitasun zehatz eta eguneratuak eskuratzen ahal dituzte, eta horiek metatzeko aukera dago titulu bereki osoa lortzeko. Ekimenak indartu egiten du unibertsitateak bizialdi osoko ikaskuntzarekin eta enplegagarritasunarekin duen konpromisoa, eta ingurune sozial eta ekonomikoaren benetako beharretara egokitutako prestakuntza eskaintzen du.

Ekimenak sendotu egiten du unibertsitateak enplegagarritasuna eta etengabeko garapen profesionala hobetzeko eragile aktibo gisa betetzen duen zeregina. Konpromiso horren bidez Europar Batasunak prestakuntza jarraituari buruz duen helburua lortu nahi da, gutxienez ere 25 urtetik 64 urtera bitarteko helduen % 60k azken hamabi hilabeteetan prestakuntza jardueraren batean parte har dezaten 2030rako. 2023-2024 ikasturtean, prestakuntza jarraituko 2.500 matrikula baino gehiago egin zituzten NUPen.