Joan eduki nagusira

Alicia M.ª Alonso Martínez Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasleak zuzendutako eta erakunde akademikoko Ariketa Fisikoa, Osasuna eta Bizi Kalitatea (E-FIT) ikerketa-taldeak eta Navarrabiomed ikerketa biomedikoko zentroak  bultzatutako Nafarroako ikasleen Jarduera Fisikoaren Behatokiak 2. accesita eskuratu du Eskolen Esparruko Jarduera Fisikoaren kategorian NAOS Estrategia Sarien XVIII. edizioan (Nutrizioa, Jarduera Fisikoa eta Obesitatearen Prebentzioa). Gizarte Eskubideen, Kontsumoaren eta 2030 Agendaren Ministerioaren Elikadura Segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentziak egin du sarietarako deialdia.  Sari horien helburua da gizentasuna eta transmititu ezin diren beste gaixotasun batzuk elikadura osasungarriaren eta jarduera fisikoaren praktika erregularraren bidez prebenitzera bideratutako ekimenak aitortzea.

zoom Ezkerretik eskuinera: Loreto Alonso, Yesenia García, Alicia M.ª Alonso eta Gaizka Legarra, Navarrabiomedeko laborategi batean.

Ezkerretik eskuinera: Loreto Alonso, Yesenia García, Alicia M.ª Alonso eta Gaizka Legarra, Navarrabiomedeko laborategi batean.

Epaimahaiak bereziki baloratu du Behatokiaren ekarpena, familiak eta ikastetxeak haurtzaroko bizitza aktibo eta osasuntsuaren garrantziaz ohartarazteagatik eta kontzientziatzeagatik, arreta berezia jarriz 3-12 urteko etapan, ohitura osasungarriak hartzeko eta gizentasuna eta sedentarismoa prebenitzeko garrantzitsutzat jotzen baita.

Ia 2.000 ikasleren monitorizazioa

2019an sortu zenetik, Behatokiak Nafarroako ia 2.000 ikasleren osasuna eta ohiturak monitorizatu ditu, ikastetxe eta familiekin lankidetzan.  Bere metodologiak konbinatzen ditu proba fisikoak eta motorrak, neurketa objektiboak azelerometroekin eta autopertzepzioari, loari eta elikadurari buruzko galdetegiak, eta horrek haurren ongizatearen ikuspegi integrala lortzea ahalbidetzen du. Haren ekarpen nagusien artean nabarmentzekoak dira ariketak garapen kognitiboan duen eragin positiboa frogatzea, jarduera fisikoko maila handienak dituzten ikasleek emaitza hobeak baitituzte memorian, arretan eta autokontrolean; ebaluazioko teknika aurreratuak txertatzea, hala nola giharren ekografia, haurtzaroan kalitate eta tamaina muskularrerako nazioarteko erreferentziako balioak lehen aldiz ezartzeko; eta programa berritzaileak garatzea  hala nola “3, 2, 1… Mugitu!”, zeinak nabarmen areagotu baitu egunero egiten den jarduera fisikoa eta parte hartzen duten ikasleen egoera fisikoa.

zoom Nafarroako Ikasleen Jarduera Fisikoaren Behatokiak ikasleekin egindako saioetako bat.

Nafarroako Ikasleen Jarduera Fisikoaren Behatokiak ikasleekin egindako saioetako bat.

Behatokiaren web plataformak  jarduera fisikoa sustatzeko eta haurren bizimoduan aldaketa iraunkorrak errazteko baliabideak, gomendioak eta esku hartzeko programak eskaintzen ditu, baita ikerketa-emaitzak eta egoera fisikoa eta eskolako errendimendu akademikoa ebaluatzeko metodo berritzaileak ere.

Alicia M.ª Alonsoz gain, honako hauek osatzen dute Behatokia: Loreto Alonso Martínez, Yesenia García Alonso eta Gaizka Legarra Gorgoñón, ikertzaile gisa.

Ariketa, garapen fisiko eta mentalaren giltzarri

Behatokiaren emaitzek  erakusten dutenez, haurrak egunero mugitzera, jolastera eta ariketa fisikoa egitera animatzea funtsezkoa da garapen fisiko eta mentalerako, eta, horrez gain, haurtzarotik obesitatea eta sedentarismoa prebenitzeko funtsezko tresna ere bihur daiteke –adierazi du Alicia M.ª Alonso ikertzaile eta Behatokiko zuzendariak–. Ebaluazio-teknika berriei esker, datozen urteetan osasun arloko profesionalek eta ikastetxeek tresna zehatzagoak izanen dituzte haurren osasuna neurtzeko eta hobetzeko, eta jarduera fisikoa haurren osasunaren oinarrizko zutabea izanen da”.

Alicia M.ª Alonso irakasle, dekanorde eta NUPeko Osasun Zientzien Fakultatean ematen den Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako  Graduaren arduradun akademikoak ikastetxeen, familien eta ikerketa-taldearen parte-hartzea eskertu du, eta azpimarratu du “haurtzaroan jarduera fisikoan inbertitzea gaur egun eta etorkizunean bizi kalitate hobea izanen duen belaunaldi osasungarriago baten aldeko apustua egitea dela”.