Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP)  Nutrizioaren eta Elikadura Pertsonalizatuaren arloko Ikerketako Unibertsitate Masterra eskainiko du 2025-26 ikasturterako. Masterrak arlo horietan, bai osasun arloan bai arlo akademiko eta industrialean, estrategia eraginkor eta berritzaileen buru izateko gai diren profesionalak prestatuko ditu. Campus Iberuseko titulu bat da, eta nazioarteko bikaintasuneko aliantza estrategiko hori osatzen duten lau unibertsitate publikoek eskaintzen dute: Zaragozako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Lleidako Unibertsitatea. 

Masterra formatu hibridoan (“online” eta presentzialean) eskainiko da lau campusetan, eta ikasleak modu presentzialean joaten ahalko dira irakasleek irakasten duten unibertsitatean, ikasgela hibridoan gainerako 3 unibertsitateetan edo “online” jarraituz modu sinkronoan. Gainera, praktika presentzialak eginen dira astebetez NUPen, eta ikasleek ikasiko dute metodologia aurreratua erabiltzen nutrizio-ebaluazioan. Aurreinskripzioa egiteko epea zabalik egonen da ekainaren 4tik 20ra Unibertsitatearen webgunean, eta eskolak irailean hasiko dira.

zoom Ikasle batzuk, NUPen.

Ikasle batzuk, NUPen.

Masterrak 60 kredituko iraupena du, eta ikasleek eskuratuko dituzte gaitasun aurreratuak, aukera emanen dutenak bizitzako etapa eta egoera fisiologikoetan, bizimoduaren, aldagarritasun genetikoaren eta elikadurari ematen zaion erantzunaren arteko lotura ezagutzeko; markatzaile epigenetikoak, metagenomikoak, metabolomikoak eta soziodemografikoak identifikatzeko eta nutrizio arloko esku-hartze pertsonalizatuko azterketetan parte hartzeko; bai eta nutrizio-egoera eta gorputz-osaera baloratzeko metodologia aurreratuak ezagutzeko ere, elikadura pertsonalizaturako eta doitasunezko nutriziorako.     Era berean, ikasleei aukera emanen die elikadura pertsonalizatuak eta doitasunezko nutrizioak patologien prebentzioan eta tratamenduan eta ongizatearen eta osasun fisiko eta mentalaren sustapenean duten eginkizunean sakontzeko, eta elikagaien propietate funtzionalak identifikatzeko, populazio-talde espezifikoen osasunerako elikadura-aukera berriak sortzeko. Masterrak aukerako irakasgaiak eskaintzen ditu, eta ikasleei aukera emanen diete esparruko klinikoko edo elikagaien zientzietako nutrizio pertsonalizatuan sakontzeko.  

Sarbide-profila osasun-arloko graduetako tituludunena da, hau da, Erizaintza, Medikuntza, Farmazia, Fisioterapia, Giza Nutrizioa eta Dietetika; edo biozientzietako graduak, hala nola Biologia, Biokimika edo Bioteknologia. Osotara 20 ikaspostu eskainiko dira.

Eskari handia lan merkatuan

Masterra NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko graduondokoen eskaintzaren barruan dago, eta irteera profesionalak eskaintzen ditu osasun zentro publiko eta pribatuetan profil klinikoko dietista-nutrizionista gisa. Orobat aukera ematen du I+G+Bko eta kalitateko arduradunaren lanetan aritzeko eta ikerketa proiektuen kudeaketako, emaitzen transferentziako eta aholkularitza teknikoko lanak egiteko nekazaritzako elikagaien industrientzat, industria farmazeutikoentzat, teknologia zentroentzat eta unibertsitateentzat. Bestalde, aukera ematen du orobat ibilbide profesional bat egiteko administrazio publikoetan, osasun arloko eta garapenerako lankidetzako nazioarteko erakundeetan, agentzietan eta aholkularitza-enpresetan.

“Masterrak erantzuten dio osasun arloaren eta nekazaritzako elikagaien industriaren eskari gero eta handiagoari, nutrizioaren eta elikadura pertsonalizatuaren arloko azken aurrerapen zientifikoetan trebatutako profesionalak behar baititu”, esan du Idoia Labayen Goñi masterreko zuzendari, NUPeko katedradun eta erakunde horretako IS-FOOD ikerketa-institutuko arduradunak.