Aurreko urtean egin bezala, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) kanpaina zientifiko antartiko batean parte hartuko du berriz ere “Sumendien zaintzarako sorgailu termoelektriko autonomoak” (VIVOTEG) proiektuaren bidez. David Astrain Ulibarrena katedraduna, erakunde akademikoaren Smart Cities Institutuari (ISC) atxikia, da proiektuaren burua. Ikerketarako Estatu Agentziak finantzatzen du proiektua Jakintza Sortzeko deialdian, eta Espainiako Batzorde Polarrak koordinatzen du Espainiako Armadaren laguntza logistikoarekin.


Ezkerretik eskuinera Patricia Alegría, David Astrain eta Nerea Pascual, NUPeko Errektoretzako eraikinean.
Oraingoan, David Astrain Ulibarrena katedradunak eta Nerea Pascual Lezaun eta Patricia Alegría Cía ISC Institutuko ikertzaileek osatzen dute NUPeko espedizioa, eta Deception uhartera joanen dira, aurreko urtean sumendi aktibo horretan ezarritako sorgailu termoelektrikoaren emaitzak eta Antartikako muturreko klimari aurre egiteko duen gaitasuna aztertzeko, negu australa igaro ondoren. “Gainera, kanpaina berri honetarako potentzia handiagoko sorgailu termoelektriko geotermiko (GTEG) berri bat diseinatu eta eraiki da, geodesia sistema baten kontsumo elektrikoa hornitzeko gai izan dadin, eta horrek datorren urte osoan jarduteko aukera emanen dio”.
NUPeko taldeak dagoeneko gainditu ditu kanpaina honetan parte hartu ahal izateko proba mediko eta fisikoak, eta “motibazio handia” du abentura eta erronka teknologiko berri horri aurre egiteko. Izan ere, Astrain irakasleak adierazi duenez, “teknologia horren garapen osoak aurrerapen oso esanguratsua ahalbidetuko du termoelektrizitatearen arloan, eta lorpen nabarmena izanen da urte osoan zehar aldagai termometrikoak eta geodesikoak denbora errealean monitorizatzeko eta haien urteko erregistroa egiteko, eta Gabriel de Castilla basetik urrun dauden lekuetan, aurretik inoiz lortu ez den zerbait, eta horrela zona horren azterketa geologikoa eta zaintza bolkanikoa hobetuko dira”. NUPeko taldea Iruñetik Punta Arenasera joanen da, eta han ikertzaileek Drake itsasartea zeharkatu eta, azkenik, Deception uharteko Gabriel de Castilla base militarrera iritsiko dira, eta 3 aste baino gehixeago egonen dira han.
Gogoratu behar da proiektuaren lehen kanpainan, 2024ko urtarrilean, aurrerapen zientifiko erabakigarria egin zela. Izan ere, “mundu mailan lehen aldiz, Antartikan energia elektrikoa etenik gabe sortzea lortu zuen proiektuak, bero geotermikoa erabiliz, basetik urrun dauden lekuetan”, azaldu du David Astrainek. “Frogatu da GTEGak gai direla fumarola bolkanikoen beroa energia elektriko bihurtzeko modu jarraituan. Teknologia trinko eta zati mugikorrik gabeko horren diseinu esklusiboari esker, Cerro Calienten (Deception uhartea) instalatutako GTEGak 4,2W-ko batez besteko potentzia elektrikoa sortzen du, hau da, urtean 36,8kWh elektrizitate sortzen da”, adierazi du.
Sumendien zaintza erupzioak aurreikusteko
Sumendietan azterketa geologikoa egitea eta horiek zaintzea oso garrantzitsua da haien mekanismoak hobeto ulertzeko eta balizko erupzioak aurreikusteko. Hori hala izanik ere, ikerketa bolkanologikoko estazioetako sentsoreak eta datuak igortzeko ekipoak hornitzeko behar den energia-hornidura nola lortu erronka teknologiko oso handia da gaur egun, eta askotan irtenbidea ez da erraza, batez ere urrun dauden eta muturreko klimatologia duten eremuetan. Energiaz hornitzeko ekipoek sendoak eta fidagarriak izan behar dute. Modulu fotovoltaikoek betetzen dituzte ezaugarri horiek, baina teknologia horrek arazo larriak ditu, haien energia-hornidura ez baita jarraikorra, eta arazo horiek are larriagoak dira elurra, lainoa, errautsa edo kalima daudenean edo gauaren beraren ondorioz ere; izan ere, halako gertaerek zenbait hilabetez iraun dezakete latitude altuetan, eta hori da Antartikaren kasua.
Antartikan dauden bi sumendi aktiboetako batean, Gabriel de Castilla espainiarn basea dago, Deception uhartean, eta han geologia bolkanikoarekin lotutako zenbait proiektu ari dira garatzen. Interes zientifiko handikoa da urteko datuak biltzea, eta uharteko hainbat leku estrategikotan neurtzen dira. Baina, hango muturreko klimatologiak eta kokapen geografikoak (argi-ordu gutxi daude urteko hilabete askotan) asko mugatzen dute urte osoan datuak denbora errealean lortzeko aukera, eta gaur egun negu australean hori ezinezkoa da hainbat lekutan.
Ikerketa-taldeak azaltzen duenez, ikerketa-proiektu horretan inoiz erabili ez den teknologia bat garatzea proposatzen dute, hain zuzen sumendi aktiboen fumaroletako bero geotermikoa aprobetxatzeko gai izanen diren sorgailu termoelektrikoak erabiltzea elektrizitatea etenik gabe sortzeko eta, hala, sumendien zaintzako eta azterketa geologikoko estazioak energiaz hornitzeko. Teknologia hori, efizientzia handiko eta parte mugikorrik gabeko bero-trukagailu pasiboekin konbinatuta, arras sendoa, fidagarria eta trinkoa da, eta energia elektrikoa etenik gabe ekoiztuko dela ziurtatzen du. Proiektuan, halaber, komunikatzeko eta datuak igortzeko sistemak garatzea planteatzen dute, estazioan erregistratutako informazioa denbora errealean eskuratzearren. Hala, energia elektrikoaren etenik gabeko hornidurari eta komunikazio-sistema egoki bati esker, bi aurrerapen garrantzitsu lortuko lirateke: batetik, zaintza bolkaniko zabalagoa, urte osoan, negua barne, denbora errealean erregistratzeko eta isurtzeko eremu gehiagorekin; eta, bestetik, geodesiako denbora serieak, urte osoko datuekin, kanpaina polarrak irauten duen hilabeteetatik harago.