Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) kanpaina polar antartiko batean parte hartuko du lehen aldiz, “Sumendien zaintzarako sorgailu termoelektriko autonomoak” (VIVOTEG) proiektuari esker. David Astrain Ulibarrena katedraduna eta Álvaro Martínez Echeverri irakaslea dira proiektu horren ikertzaile nagusiak. Ikerketarako Estatuko Agentziak finantzatzen du proiektua Jakintza Sortzeko deialdiaren barrenean, eta Espainiako Batzorde Polarrak koordinatzen du Espainiako Armadaren laguntza logistikoarekin. Zehazki, NUPeko espedizioak, David Astrain Ulibarrenak, Miguel Araiz Vegak eta Leyre Catalán Rosek osatuak, Deception uhartera bidaiatuko du abenduan. Uharte hori Antartikako sumendi aktiboetako bat da, eta bertan Gabriel de Castilla base militar espainiarra dago. Kanpaina martxoan amaituko da.
ITF taldeko ikertzaileak, Teiden, sorgailu termoelektrikoaren prototipoaren instalazioan. Ezkerretik eskuinera: David Astrain, Patricia Alegría eta Leyre Catalán.
Ikertzaile taldeak azaldu duenez, “sumendien zaintza arras garrantzitsua da balizko erupzio batek herritarrengan izanen lukeen inpaktua aurreikusi eta murrizteko. Hori hala izanik ere, sumendien zaintza-estazioetako sentsoreak eta datuak igortzeko ekipoak elikatzeko behar den energia-hornidura nola lortu erronka teknologiko oso handia da gaur egun, eta askotan irtenbidea ez da erraza, batez ere urrun dauden eta muturreko klimatologia duten eremuetako sumendietan”. Energiaz hornitzeko ekipoek sendoak eta fidagarriak izan behar dute. Modulu fotovoltaikoek betetzen dituzte ezaugarri horiek, “baina eguzki teknologia horrek arazo larriak ditu, haien energia-hornidura ez baita jarraikorra, eta arazo horiek are larriagoak dira elurra, lainoa, errautsa edo kalima daudenean edo gauaren beraren ondorioz ere; izan ere, halako gertaerek zenbait hilabetez iraun dezakete latitude altuetan, eta hori da Antartikaren kasua”, adierazi dute.
Zehazki, Deception uhartean sumendien geologiarekin lotutako zenbait proiektu garatzen ari dira, eta haietan biltzen diren datuak oso interesgarriak dira zientifikoki. Baina, hango muturreko klimatologiak eta kokapen geografikoak –argi ordu gutxi daude urteko hilabete askotan– asko mugatzen dute datuak denbora errealean lortzeko aukera, eta gaur egun negu australean zehar hori ezinezkoa da.
Testuinguru hori kontuan hartuta, ikerketa-proiektu horretan inoiz erabili ez den teknologia bat garatzea proposatzen dute, hain zuzen sumendi aktiboen fumaroletako bero geotermikoa aprobetxatzeko gai izanen diren sorgailu termoelektrikoak erabiltzea elektrizitatea sortzeko eta, hala, sumendien zaintza-estazioak energiaz hornitzeko. “Teknologia hori, efizientzia handiko eta parte mugikorrik gabeko bero-trukagailu pasiboekin konbinatuta, arras sendoa, fidagarria eta trinkoa da, eta aukera ematen du energia elektrikoa etenik gabe ekoizteko”, azaldu du David Astrain katedradunak. Proiektuan, halaber, komunikatzeko eta datuak igortzeko sistemak garatzea planteatzen dute, estazioan erregistratutako informazioa denbora errealean eskuratzearren. “Hala, energia elektrikoaren etengabeko hornidurari eta komunikazio sistema egoki bati esker, modu jarraituan egiten ahalko da sumendiaren zaintza, baita neguan ere”, adierazi du.
NUPen bi prototiporen instalazioa Deception uhartean
Kanpaina honetan, NUPeko ikertzaileek sorgailu termoelektrikoen bi prototipo instalatuko dituzte Deception uhartean. Prototipo horiek Espainiako Armadaren Hespérides itsasontzian daude dagoeneko, Suaren Lurraldea probintziara bidean (Argentina), eta gero Antartikan den Gabriel de Castilla base militar espainiarrera eramanen dituzte.
“Proiektu hau eta haren helburuak ongi betez gero, aurrerapen esanguratsua eginen dugu termoelektrizitatearen arloan, eta aurrekaririk gabeko aurrerapausoa eginen dugu, Deception uhartean hedatuak dauden estazioetako batzuk denbora errealean monitorizatuko baititugu. Hala, bertako ikerketa geologikoa eta sumendien zaintza hobetuko ditugu”, azaldu du David Astrainek. Sorgailu termoelektriko horien instalazioak aukera emanen du, lehenbiziko aldiz, datu geologikoak denbora errealean izateko urte osoan zehar, baita neguan ere, eta, gainera, uharteko zenbait tokitan, Gabriel de Castilla basetik urrun daudenetan ere. “Antartikan ongi funtzionatzen duela frogatzen badugu, aukera egonen da teknologia hori munduko beste sumendi askotara estrapolatzeko, eta, ondorioz, gizarte zibilaren segurtasuna handitzeko, sumendien urruneko zaintza hobetuz gero hobeto eta aurrerapen handiagoarekin eginen baitiegu aurre sumendien erupzioei”, erantsi du.
Probak Timanfayako Parke Nazionalean eta Teiden
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) “Ingeniaritza Termikoa eta Fluidoena” taldeko (ITF) ikertzaileak ari dira proiektu hau garatzen, David Astrain katedradunaren gidaritzapean, zeinak esperientzia zabala du sorgailu termoelektriko pasiboen garapenean, hots, parte mugikorrik gabeko (hala nola ponpak edo haizagailuak) trukagailuak dituzten sorgailu termoelektrikoen garapenean. Timanfayako Parke Nazionalean eta Teiden (Kanariak) sorgailu termoelektrikoak instalatuta frogatu du taldeak teknologia hori geotermiari aplikatzen ahal zaiola.
Esan bezala, NUPeko hiru pertsonak osatuko dute aurten Hego Polora joanen den taldea. Hori hala izanik ere, proiektuaren ikerketa-talde osoak egin du lana, eta, aipatutako hiru ikertzaileez gain, hauek osatzen dute taldea: Álvaro Martínez Echeverri, Patricia Alegría Cía, Nerea Pascual Lezáun, Gurutze Pérez Artieda eta María Mina Urbiola.