Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) espedizioak Antartikan energia elektrikoa modu jarraituan, etenik gabe, ekoiztea lortu du munduan lehenbiziko aldiz, Deception uharteko lurraren barnealdeko bero geotermikoaz baliatuz. Orain, ekoizpen elektrikoa zaintzeko monitorizazio sistema elektroniko bat instalatuz eman dio bukaera Hego Poloko kanpainari. “Ingeniaritza Termikoa eta Fluidoena” izeneko ikerketa-taldea, David Astrain Ulibarrena katedradunaren gidaritzapean, heldu den uda australean itzuliko da Antartikako sumendi aktibo horretan instalatutako teknologia nolako egoeran dagoen egiaztatzera. Teknologia hori aurrerapauso handia da fenomeno geologikoak eta bolkanikoak denbora errealean monitorizatzeko.
Ezkerretik eskuinera: Miguel Araiz, Leyre Catalán eta David Astrain Antartikatik itzuli ondoren, Arrosadiko campusean, Iruñean.
“Antartikan instalatutako sorgailu termoelektrikoak ekoitzitako energia elektrikoak modua emanen du sumendi hori, lehenbiziko aldiz, basetik urrun dauden lekuetatik monitorizatzeko, hau da, Interneterako konexioa duen munduko edozein lekutatik, urte osoan zehar, baita neguan ere, satelite bidez igortzen baititu datuak”, esan du David Astrainek. Deception uharteko Gabriel de Castilla izeneko base militar espainiarrean egin du lan 18 egunez, Miguel Araiz Vega eta Leyre Catalán Ros Smart Cities Institutuko ikertzaileekin batera (ISC).
NUP lehenbiziko aldiz hartzen ari da parte kanpaina polar antartiko batean, “Sumendien zaintzarako sorgailu termoelektriko autonomoak” (VIVOTEG) proiektuari esker, David Astrain Ulibarrena eta Álvaro Martínez Echeverri ikertzaile nagusien gidaritzapean. Ikerketarako Estatuko Agentziak finantzatzen du proiektua (Jakintza Sortzeko deialdiaren barrenean), eta Espainiako Batzorde Polarrak koordinatzen du, Espainiako Armadaren laguntza logistikoarekin.
NUPeko ikerketa-taldeak Seebeck efektuko modulu termoelektrikoak erabili ditu, bero geotermikoa energia elektriko bihurtzen duten gailuak. Modulu horiek funtzionatzeko, alde bat beroa eta bestea hotza izan behar dute. Lurraren beroak moduluaren alde bat berotzen du, eta Antartikako aire hotzak bestea hoztu. Ikertzaile taldeak, beharrezko diferentzia hori sortzeko, efizientzia handiko bero-trukagailu batzuk garatu ditu, lurrean 40 zentimetroko sakoneran dagoen bero geotermikoa modulu termoelektrikora garraiatzeko gai direnak tenperatura oso gutxi galduta. Bero geotermikoa Lurraren barnean sortzen da, eta fumarola bolkanikoen bidez askatzen.
Hego Polorako teknologia sendoa
NUPen diseinatutako sorgailu termoelektriko geotermikoek ez dute parte mugikorrik erabiltzen, ponpak edo haizagailuak esaterako. Horrek, mantentze-lanak minimora murrizteaz gain, gailu horiek “sendotasun handiko sorgailu elektriko” bihurtzen ditu, eta “gailuok Antartikan instalatzeko funtsezko ezaugarria” da hori, David Astrainen arabera. Hego Poloko lehenbiziko kanpaina honetan, sorgailu termoelektrikoen bi prototipoek 6 W-eko (watt) potentzia elektrikoa erregistratu dute, sumendien zaintzarako eta ikerketarako sentsoreak elikatzeko eta urte osoan funtzionarazteko adinakoa (neguan barne). Gainera, NUPek diseinatutako teknologia modularra da, eta, beraz, posible da sortutako potentzia handitzea modulu termoelektriko gehiago instalatze hutsarekin.
Ez da ahaztu behar Antartika planetako ingurunerik desafiatzaileenetako bat dela, bere ezaugarri paregabeengatik: muturreko baldintza klimatikoak, Lurreko tokirik hotzena eta haizetsuena baita —neguan zero azpitik hirurogei gradutara jaisten ahal da tenperatura—; eguzki-argiaren aldaketak, neguko hilabeteetan iluntasuna etengabekoa baita eta, beraz, eguzkian oinarritutako energia-iturriak, panel fotovoltaikoak kasu, ez baitira hain fidagarriak eta efizienteak urtearen parte handi batean; eta sarbidea eta logistika, urruntasunak eta ingurune-baldintza kaltegarriek asko zailtzen baitituzte ekipoen mantentze-lanak eta konponketa. Hortaz, Hego Poloan ezarritako edozein teknologia bereziki sendoa izan behar da, eta behar dituen mantentze-lanak, minimoak.
Energia etengabe lortzeko erronka teknologikoa
Ikerketan egindako aurrerapenaren garrantzia honako honetan datza: “proiektu zientifiko geologiko eta bulkanologikoetarako neurketa-sentsoreak eta datuak igortzeko ekipoak eta sumendien zaintzarako estazioak elikatzeko behar den energia hornitzea erronka teknologiko izugarria da, batik bat leku urrunetan eta muturreko kondizio klimatologiakoetan badaude”. “Gaur egun, modulu fotovoltaikoak erabiltzen dira energia-hornidurarako —adierazi du ikertzaileak—. Hala ere, eguzki-teknologia horrek arazo larriak ditu energia-horniduraren jarraitutasunik ezaren ondorioz; izan ere, irregulartasun hori areagotu egiten da elurraren, lainoaren, errautsaren eta ganduaren ondorioz, baita gauez ere, zenbait hilabetekoa izan baitaiteke latitude altuetan, Antartikan kasu”.
Ingeniaritza Termikoa eta Fluidoena taldeak, teknologia honen egileak, esperientzia handia du sorgailu termoelektriko pasiboak garatzen, hau da, parte mugikorrik behar ez duten trukagailuak dituztenak. Timanfayako Parke Nazionalean eta Teiden (Kanariak) sorgailu termoelektrikoak instalatuta frogatu du taldeak teknologia hori geotermiari aplikatzen ahal zaiola.
NUPeko hiru kide aritu dira Hego Poloan lanean, baina proiektuaren ikerketa-talde osoak gauzatu du proiektua, honako hauek osatua: Patricia Alegría Cía, Álvaro Martínez Echeverri, María Mina Urbiola, Nerea Pascual Lezáun eta Gurutze Pérez Artieda.