Graduko eta masterreko ikasle izan nahiz titulatu berriak izan, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin (NUP) lotutako 123 lagunek egin dituzte nazioarteko praktikak azken bi ikasturteetan. NUP Fundazioak bost programa eskaintzen ditu prestakuntza-esperientziak izan ditzaten bai Europar Batasunaren (EB) barruko bai kanpoko enpresa eta entitateetan, nazioarteko inguruneetan enplegagarritasuna eta gaitasuna profesionalak hobetzeko helburuarekin.
Hala, postu horietako batzuk Nafarroa bekak deiturikoei dagozkie. Postu horiek Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan daude, hala nola Estatu Batuak, Erresuma Batua, India, Uruguai edo Txile. Nafarroako Gobernuak finantzatutako programa hori titulatu berriei zuzenduta dago. Bekek sei hilabeteko iraupena dute gutxienez ere.
Praktikak Europar Batasunean egin behar badira, hiru programa daude: Erasmus+ Praktikak enpresetan, enpresa eta erakundeetan bi hilabetetik hamabi hilabetera bitarteko egonaldiak egiten dituzten ikasle eta egresatuentzat; Erasmus+ Ikasleen praktikak, zeinak Europar Batasuneko erakunde eta enpresetan curriculumaren barneko zein kanpoko praktikak egiteko aukera eskaintzen baitu; eta Erasmus+ Praktikak Europar Proiektuetan, zeinak parte-hartzaileei (ikasleak eta egresatuak) aukera ematen baitie Bruselak finantzatutako Europako ekimenen kudeaketan eta garapenean esperientzia hartzeko.
Azkenik, Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren egoitzetan praktikak egiteko programa bat dago, NUPek hitzarmen bat baitu ministerio horrekin. Hala, ordaindu gabeko praktikak eskaintzen dira Espainiak atzerrian dituen enbaxada, kontsuletxe eta ordezkaritzetan. Praktikek iraupen espezifikoa dute (normalean udako hiru hilabeteak), eta haien xedea da prestakuntza akademikoa osatzea esparru diplomatikoko esperientziarekin.
Olaia García de Amézaga (lehena ezkerretik), Auschwitz-Birkenauko (Polonia) Estatu Museoko lankideekin.
Praktikak kontzentrazio esparru batean
Nazioarteko praktiken adibide bat Olaia García de Amézagaren (Iruñea, 2001) kasua da. Amézaga Auschwitz-Birkenauko (Polonia) Estatu Museoan egon zen hiru hilabetez (2023ko martxotik maiatzera bitartean) Historiako eta Ondareko Gradua egiten ari zen bitartean. Curriculum-praktikak museoko artxibo-sailean egin zituen, eta bi kontzentrazio esparruetako (Auschwitz I eta Auschwitz-Birkenau) presoei buruzko dokumentazioa biltzeaz eta datu-basean sartzeaz arduratu zen.
“Presoen dokumentu batzuk digitalizatzen aritu nintzen, eta informazio hori sortzen ari diren datu-basean jasotzen, laster publiko orokorraren eskura egonen baita — adierazi du —. Hala, gidari-lanetan ere aritu nintzen, eta pare bat bisita egin nituen Espainiako bisitari talde batekin. Bisita horietan esparruari eta bertan gertatutakoei buruz nituen ezagutzak probatu nituen. Eta, azkenik, iazko ekainetik urrira bitartean jendaurrean egon zen aldi baterako erakusketa baten gidoian eta hura ingelesera eta espainierara itzultzen aritu nintzen”.
Olaia García de Amézagaren arabera, “esperientzia oso ona eta aberasgarria” izan zen. “Lehen unetik, profesional guztiek beso zabalik hartu ninduten, eta prest agertu ziren behar nuen edozer gauzarekin laguntzeko, bai ikuspegi profesionaletik, bai pertsonaletik, eta ahalik eta aholku onenak eman zizkidaten egonaldi atsegina izan zedin. Era berean, erraztasun asko jarri zituzten, eta artxibozainen lantaldean sartu ninduten lehen egunetik ”, gogorarazi du.
Haren iritzian, nazioarteko praktikak “oso esperientzia gomendagarria dira: etxetik urrun asko ikasten da, kultura eta bizimodu berriak ezagutzen baitira, eta horrek guztiak aberastu egiten du, ez bakarrik akademikoki, baita pertsonalki ere”.
Olaia García de Amézagak ikasten jarraitzen du, Historiako eta Memoriako eta Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Master Bikoitza ari baita egiten.
Praktikak multinazional batean
Atzerrian praktikak egin dituen ikasle baten beste adibide bat Claudia Pérez Martín (Valentzia, 2002) da. Iruñean, NUPeko Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Graduko Programa egin zuen. Ekainean graduatu aurretik, 4 ikasmailan nazioarteko praktikak egin zituen Pragan (Txekiar Errepublika). “Lau hilabete eman nituen, otsailetik maiatzera, AB InBev enpresaren Logistika Sailean. Garagardogintzako enpresarik handienetako bat da, mundu mailan aitortua, eta berrogeita hamar herrialdetan baino gehiagotan dago, eta marka ikonikoak ekoizten ditu, hala nola Budweiser, Corona eta Stella Artois, eta horrek lider global bihurtzen du edarien industrian”, adierazi du.
Praktiketan, Mexikoko merkatura bideratutako nazioarteko logistikarako inbentarioen kudeaketa arloan lan egin zuen. “Herrialde horretan ekoiztutako garagardoaren inbentarioa eta nazioarteko esportazioa planifikatzeaz, kontrolatzeaz eta optimizatzeaz arduratzen nintzen”, adierazi du Claudia Pérez Martínek.
Kontatzen duenez, “esperientzia oso aberasgarria izan zen”. “Asko ikasi nuen, ez bakarrik logistikaz, baita talde global batean lan egiteko moduari buruz ere. Oso pozgarria da ikustea nola nire lanak benetako eragina duen enpresan. Gainera, aukera paregabea izan zen mundu osoko jendea ezagutzeko eta ingurune multikultural batean lan egiteko”, gehitu du.
Nazioarteko esperientzia ez da amaitu Claudia Pérez Martínentzat, praktikak amaitzean enpresak kontratatu egin baitzuen. “Pragan geratzea erabaki dut, eta han talde berarekin lanean jarraitzen dut. Nazioarteko praktikak aukera paregabea izan dira, eta oso eskertuta nago eman didan guztiagatik, bai pertsonalki bai profesionalki”, esan du amaitzeko.