Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Biocompas izeneko proiektuan laguntzen du. Proiektuaren xedea da Nafarroako landa-ingurunean diharduten ekonomia sozialeko enpresen jarduerak sendotzea eta dibertsifikatzea. Nafarroako Gobernuak finantzatu eta erakunde akademikoko Tokiko Jasangarritasunari buruzko NILSA Katedrak babestutako ekimena 2025era arte luzatuko da, ekonomia zirkularreko teknikak erabiliz praktika jasangarriak bultzatzeko eta enpresak ezagutaraztea eta ahalduntzea sustatzeko.
Josenea Ambiental eta Gure Sustraiak erakundeetako langileak, Inazio Irigoienekin (6.a eskuinetik) NUPen egindako gaikuntza-ikastaroetako batean.
Proiektuak 228.000 euro jaso ditu Nafarroako Gobernuarengandik Nekazaritza Politika Bateratuaren plan estrategikoaren (2023-2027) nekazaritza berrikuntzarako lankidetzako proiektu pilotuetarako laguntzen esparruan, eta Josenea Ambiental eta Gure Sustraiak jasangarritasunarekin eta ekonomia zirkularrarekin konpromisoa duten erakunde nafarrek bultzatzen dute. Lehenengoak Irunberrin du egoitza, eta gizarteratze-zentro bat da, gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan daudenei laneratzeko aukera emateko, eta ingurumenarekin (baso-, lorezaintza- eta konpostaje-zerbitzuak) eta landare aromatikoak eta sendagarriak hazi eta merkaturatzearekin lotutako lanak egiten ditu. Bigarrena gizarte ekimeneko kooperatiba bat da, Ollo bailaran baserri-eskola bat eta aterpetxe bat eta desgaitasun intelektuala dutenentzako pisu funtzional bat kudeatzen dituena. NUPez gain, orobat laguntzen du Maestro Compostador aholkularitza-enpresak. Enpresa hori hondakin organikoen tratamendu biologikoan espezializatuta dago, eta proiektuan laguntzen du zenbait esperientzia pilotu martxan jarriz eta ebaluatuz.
Hondakinetatik ongarrietara
NUPen kasuan, Green Circular Economy ikerketa-taldeak, zeina Biologia Aplikatuko Diziplina Anitzeko Ikerketarako Institutuari (IMAB) atxikita eta Inazio Irigoien Iriarte irakaslearen zuzendaritzapean baitago, bi enpresa horietako teknikari eta erabiltzaileentzako ekonomia zirkularreko gaikuntza programak egiten ditu. “Gure ikerketa taldeak — azaldu du Irigoienek — Josenea Ambiental eta Gure Sustraiak erakundeei laguntzen die aztertzen nola bihurtzen ahal dituzten ongarri organiko sortzen dituzten hondakinak, izan abeltzaintzakoak, izan hirikoak, eta, gero, erakusten die nola bihurtzen ahal dituzten ongarri horiek balio erantsi handiagoko produktu, esaterako, barazkien laborantzarekin lotutakoak”.
NUPen ekonomia zirkularrari buruz egindako ikastaro praktikoko parte-hartzaileak, hondakinak sailkatzeko prestatzen.
Biocompasen jarduera nagusien artean, nabarmentzekoa da bermikonpostaje-sistema bat martxan jarri izana (materia organikoa zizareak erabiliz deskonposatzeko prozesua), Josenea Ambiental eta Gure Sustraiak erakundeek sortutako material organikoak prozesatzeko, eta, horren bidez, lortutako bermikonpostajeen kalitatea ebaluatzen da. Ikerketak, hasiera batean, NUPeko instalazioetan egiten dira (Olibondoak eraikineko laborategiak eta Unibertsitateko Praktiketarako eta Nekazaritza Ikerketarako Etxaldeko berotegiak), eta, ondoren, ateratzen diren produktuak bi entitate bazkideen instalazioetan egindako esperimentuetan ebaluatzen dira. Jada egin dira Ingurumen Agrobiologiako Unibertsitate Masterreko ikasketa amaierako bi lan. Bermikonpostajean daude zentratuak eta Inazio Irigoienek zuzendu ditu: Raquel Ezcurra Zarraluquik gai hori aztertu du Josenea Ambiental erakundean eta Alejandra Cuaces Morochok, berriz, Gure Sustraiak erakundean.
Barazki-saskiak saltzeko
Horrez gain, Gure Sustraiak erakundean areto pilotu mugikor bat garatzen ari da barazkiak eta berdurak egokitzeko eta salmentara bideratutako saskien prestakuntza optimizatzeko, desgaitasuna duten pertsonen parte-hartze aktiboarekin, eta hala nekazaritzako elikagaien sektorean laneratzea eta gizarteratzea sustatzeko.
Biocompasek landa jasangarritasunaren arloko jakintzen eta esperientzien trukea ere bultzatzen du proiektuko bi erakunde bazkideen artean. Horretarako, topaketak egiten ari dira eta bisitak Josenea Ambiental eta Gure Sustraiak erakundeen egoitzetara.
Azkenik, proiektuan zehar garatutako emaitzak eta praktikak zabaltzea aurreikusten da, ekimen hori antzeko beste testuinguru batzuetan errepikatzeko aukera sustatzeko funtsezko faktore gisa.
Proiektuari buruzko informazioa bere web-orrian dago kontsultatzeko: https://www.biocompas.eu/.