Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuarekin lankidetzan antolatutako Adimen Artifizialaren Asteak 720 lagun bildu ditu bere bigarren edizioan, urriaren 14tik 18ra. Bost egun horietan, hamahiru jarduera programatu dira Iruñeko lau agertokitan (Arrosadiko campusa, Kondestablearen Jauregia, Bisitazioko Amen eraikina eta Nafarroako Liburutegia); zehazki, honako hauek egin dira: dibulgazio-hitzaldi bat, bi hitzaldi zientifiko, mahai-inguru bat, erakustaldiak zituen saio bat, bi ikerketa-mintegi, bi lehiaketa eta lau lantegi.

zoom semana ia

Astea antolatu duen Tracasa Katedrako ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: José Antonio Sanz, Daniel Paternáin, David Erroz, Mikel Sesma, Iris Domínguez, Rubén Pascual, Aránzazu Jurío eta Mikel Galar.

Mikel Galar Idoate NUPeko Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrako zuzendariak Adimen Artifizialaren Astearen balorazio positiboa egin du. “Aurten, aurreko edizioko maila gainditu dugu. Jarduera askotan parte-hartzaile gehiago izateaz gain, adimen artifizialarekin ikasteko eta esperimentatzeko interes handia ikusi dugu. Asko poztu gaitu ikusteak parte-hartzaile asko teknologia horiekiko jakin-mina eta esperientzia handia duten pertsonak direla. Oso pozik gaude emaitzekin, eta lanean dihardugu hurrengo edizioa prestatzen”, esan du. Aurki, Adimen Artifizialaren Astearen edukiak eskuragarri egonen dira Katedraren webgunean.

zoom semana ia

Adimen Artifizialaren hastapenei buruzko lantegietako baten irudia.

Bi areto beteta

Jardunaldiaren mugarri aipagarrienen artean dago Kondestablearen Jauregiko areto betea Julián Estévez Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta robotikako eta Adimen Artifizialeko dibulgatzaileak emandako Astearen inaugurazio-hitzaldian. Hitzaldia zentratu zen adimen artifizialak hamarkadetan zehar izandako bilakaeran. Nafarroako Liburutegian ere aretoa bete zen Adimen Artifizialarekin lotutako zalantzei buruzko eztabaida-saioan. Mikel Elkano Ilintxeta Neuraptic AI enpresako CTOa, Leire Arbona Puértolas Legal y Cumplimiento de Veridaseko zuzendaria eta Carlos Fernández de Vigo Professor Octopus AI_LABeko CEOa izan ziren hizlariak. 

Joan den ostiral arratsaldean programatutako lau lantegietako 200 postuak ere bete ziren: “ChatGPTren hastapenak”, “Irudiak sortzeko Adimen Artifiziala: ilustratu zure diapositibak”, “Adimen Artifizialak lagunduriko softwarearen garapena” eta “Marketina ChatGPTrekin”. 

Adimen Artifiziala probatzen

Gainera, ehun bat lagunek Adimen Artifizialaren hainbat teknika probatu zituzten Bisitazioko Amen eraikinean. Saio horretan, “Arteko eta Adimen Artifizialeko lehiaketako sariak” eman zituzten arte digitalaren eta mikrokontakizunaren kategorietan. Lehiaketa horretara 84 lan aurkeztu ziren (34 arte digitalean eta 50 mikrokontakizunetan). 

Azkenik,  “Adimen Artifizialeko aurrerapenak” izeneko jardunaldian, doktoretzako hamabost ikaslek konputazioaren zientziei eta Adimen Artifizialari buruzko lanak aurkeztu zituzten arlo horietako ikerketari ikusgarritasuna emateko. Topaketan bi hitzaldi zientifiko egin ziren Francisco Herrera Triguero Granadako Unibertsitateko katedradunaren eta Marisol Gómez Fernández  NAIR Center-Navarra Artificial Intelligence Research erakundeko zuzendari zientifiko eta NUPeko irakasle titularraren eskutik.