Joan eduki nagusira

Atzo, astelehena, urriak 14, osotara 140 lagunek bete zuten Iruñeko Kondestablearen Jauregiko ekitaldi-aretoa, Adimen Artifizialaren bigarren Astean parte hartzeko. Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak antolatu du Astea Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuarekin lankidetzan. Ekitaldian “Kodetik gorputzera” izenburuko hitzaldia eman zuen Julián Estévez Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta errobotikari eta adimen artifizialari buruzko dibulgatzaileak, eta adimen artifizialak hamarkadetan zehar izan duen bilakaerari buruz hitz egin zuen.

zoom semana ia

Kondestablearen Jauregiko ekitaldi-aretoaren irudia Adimen Artifizialaren Astearen inaugurazioa dela eta.

Aurkezpenean, Estevezek azaldu zuen adimen artifiziala robot eta eguneroko gailu bihurtzen ari dela, eta robot humanoideak zer-nolako bilakaera izaten ari diren zehaztu zuen, gizaki baten mugimenduak imitatzeko edo simulatzeko diseinatuak baitaude. Estévezek erakutsi zuen robot humanoide horiek egiten dituzten enpresek  zer entrenamendu sistema erabiltzen dituzten, roboten prestazioak hobetzeko, eta aurreratu zuen zer prezio izanen duten makina horiek etorkizun hurbilean (30.000 eta 60.000 euro bitartean).

zoom semana ia2

Julián Estévez, bere hitzaldian.

Agintariak inaugurazioan

Estévezen dibulgaziozko hitzaldiaren aurretik Astea bera inauguratu zuten Edurne Barrenechea Tartas NUPeko Garapen Digitaleko errektoreordeak, Patricia Fanlo Mateo Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak eta Mikel Galar Idoate NUPeko irakasle, Smart Cities Institutuko (ISC) kide eta Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrako zuzendariak.

Estévezen aurkezpenaren aurretik, Carlos Aranda Torres Katedrako buru eta Tracasa Instrumentaleko Berrikuntza zuzendariak aztergai izan zuen zer onura eta mehatxu dituen adimen artifizialaren erabilerak, eta zentratu zen Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoak herritarrei segurtasun eta babes handiagoa eskaintzeko adimen artifiziala duten tresnak erabiltzen dituen sektoreetan, hala nola ingurumena, justizia eta hirigintza.

Alde horretatik, Patricia Fanlo kontseilariak azpimarratu zuen Adimen Artifizialak duen funtsezko zeregina Nafarroako eraldaketa digitalean, eta nabarmendu zuen arlo horretako ikerketarekiko konpromisoaren erakusgarri dela Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren Katedraren sorrera NUPekin eta Tracasa Instrumentalekin lankidetzan.  Fanloren iritzian, sektore publikoaren, unibertsitateen eta enpresa teknologikoen arteko lankidetza “ezinbestekoa” da Foru Komunitateak berrikuntzaren arloan buru izaten jarraitzeko.

Gaur, asteartea, urriak 15, Adimen Artifizialaren II. Asteko beste ekitaldi bat eginen da Nafarroako Liburutegian, “Adimen Artifiziala, zalantza gehiagorik ez” izenburuko jardunaldiarekin. Mikel Galar izanen da moderatzailea, eta honako hauek hartuko dute parte: Mikel Elkano Ilintxeta Neuraptic AIko CTOak, Leire Arbona Puértolas Legal  &  Cumplimiento de Veridaseko zuzendariak eta Carlos Fernández de Vigo Professor Octopus AI_LABeko CEOak. 
Adimen Artifizialaren Astearen programa osoa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean dago kontsultatzeko.