Bihar, asteartea, irailak 24, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) jardunaldi akademiko bat eginen du Jehovaren Lekukoek Espainian duten erlijio-askatasunerako eskubidea erabiltzearekin lotutako arazoak aztertzeko. Ekitaldia Arrosadiko campuseko Olibondoak eraikineko Nicolás García de los Salmones aretoan eginen da, eta interesa duten guztien sarbide librea izanen dute. Zuzenbideko espezialistak eta erlijio-sinesbide horren ordezkariak bilduko dira ekitaldian. Erlijio horrek sustraitze nabarmenaren errekonozimendua du Espainian. Topaketaren programa osoa erakunde akademikoaren webgunean dago kontsultatzeko.
Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak antolatu eta Alejandro Torres Gutiérrez katedradunak zuzentzen du jardunaldia, eta Zientzia Juridikoen Fakultateko, Immigrazioari, Atzerritartasunari eta Kultura Aniztasunari buruzko Zuzenbide Publikoko Ikerketak ikerketa taldeko eta NUPeko I-COMMUNITAS Institutuko adituek hartuko dute parte jardunaldian, bai eta erlijio-sinesbide horretako kideek ere.
Erlijio-sinesbideen estatutu juridikoa
“Jehovako Lekukoak Espainian eta erlijio-askatasunaren oinarrizko eskubidearen errekonozimendua” izeneko jardunaldiak aztertuko dituen gaien artean daude erlijio-sinesbide horrek Espainiako eta Europako eskubide zibilei egin dien ekarpena, zerbitzu militarraren aurka bultzatu zuen kontzientzia eragozpena eta bere jarduera soziala. Orobat Unibertsitateak aztergai izanen ditu sustraitze nabarmenaren errekonozimendua duten erlijio-sinesbideen estatutu juridikoa erreformatzeko proposamenak eta aipagai den erlijio-sinesbide horren ondorio fiskalak eta Gizarte Segurantzari buruzko ondorio espezifikoak.
Jarduera hori bi ikerketa-proiekturen barruan dago: bata, Europar Batasunak finantzatua (Europia izenekoa, europar identitatearen eraikuntzari eta haren balioei buruzkoa) eta bestea Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak finantzatua, Espainiarekin lankidetza-hitzarmenik ez duten erlijio-sinesbideen estatutu juridikoari buruzkoa.