Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Poloniako, Kroaziako, Serbiako, Bulgariako eta Errumaniako beste bost erakunderekin batera, irakaskuntzako proiektu batean parte hartzen du. Proiektu horren helburua da unibertsitateko ikasleek aukera izatea EBko herrialdeen dibertsitatea kontuan hartuta europar identitatearen eta haren balioen eraikuntzarekin zerikusia duten hainbat alderdi aztertzeko. Ekimenak “EUROPIA” du izena, eta Spasimir Domaradzki Varsoviako Unibertsitateko Zientzia Politikoen Fakultateko irakaslea da haren zuzendaria. Europar Batasunak finantzatu du Erasmus + Programaren bidez, 250.000 eurorekin guztira, eta 2025ean amaituko da.
Zehazki, proiektuan, alde batetik, irakaskuntzako material batzuk egitea aurreikusten da, zazpi multzotan banatuak; gero materialok ekimenean parte hartzen duten herrialdeetako graduko eta graduondoko ikasleei eskainiko zaizkie. Bestetik, udako eskola bat antolatu da Europako balioen, printzipioen eta identitatearen bilakaera soziokulturala lantzeko, bai eta herritarrek horri guztiari buruz nolako kontzientzia duten aztertzeko ere. Udako eskola 2024ko abuztutik irailera bitartean eginen da, Varsovian (Polonia). Era berean, emaitzen zabalpena egiteko mintegi bat egitea aurreikusi da 2025eko bigarren hiruhilekoan, kasu honetan, NUPen.


Proiektuan parte hartu duten NUPeko ikertzaileak eta irakasleak. Ezkerretik eskuinera: Sergio Díaz Sánchez, Ander Loyola Sergio, Alejandro Torres Gutiérrez eta Sergio García Magariño.
EUROPIA proiektuan, NUPez gain, Europako beste 5 herrialdetako lau unibertsitatek eta gobernuz kanpoko erakunde batek hartzen dute parte. Zehazki, Varsoviako Unibertsitatea (Polonia), Zagrebeko Unibertsitateko (Kroazia), Belgradeko Unibertsitateko (Serbia), Brasoveko Unibertsitateko (Errumania) eta Foundation PAX Rhodopica GKEa (Bulgaria) dira. Proiektuaren NUPeko arduradunak azaldu duenez, Alejandro Torres Gutiérrez Zuzenbide Konstituzionaleko katedradunak, Serbiako erakunde unibertsitario baten parte-hartzea bereziki garrantzitsua da; izan ere, “nahiz eta herrialde hori gaur egun ez den Europar Batasuneko kide, hartara sartzeko hautagaia da, eta, beraz, bereziki garrantzitsua da berak lankidetza akademikoko harremanak sortzea EBko beste unibertsitate eta zentro batzuekin, EBren balioak eta europazaletasuna sendotzeko, eta, horrela, Balkanetako eskualdean tentsio eta konfrontazio egoera berri samarrei aurre egiteko”.
Irakaskuntzako materialak eta ekimenean parte hartzen duten NUPeko irakasleak
EUROPIA proiektuak jasotzen dituen irakaskuntzako materialak zazpi multzotan daude antolatuak: gutxiengoak; Zuzenbide Estatua, nazio-identitatea eta nazionalismoa; Elizaren eta Estatuaren arteko harremanak; Europaren integrazioa herritarren ikuspegitik; kultura europarraren eraikuntza eta horrek nazio-identitatean duen eragina; eta, azkenik, herentzia historiko nazionala (herrialde bakoitzean) eta Europaren ideiaren eraketa.
NUPen izenean, honako irakasle eta ikertzaile hauek parte hartzen dute proiektuan, Alejandro Torres arduradunaz gain: Sergio García Magariño (Soziologia), Javier Martín Lanas (Zuzenbidearen Filosofia) eta Ander Loyola Sergio eta Sergio Díaz Sánchez (biak ala biak Zuzenbide Konstituzionaleko ikertzaileak).