Irailaren 27an, ostirala, Nafarroako Unibertsitate Publikoak doako 30 bat dibulgazio-jarduera eginen ditu, publiko guztiei zuzendurikoak, Ikertzaileen Gau Europarrean. Jardueren artean daude lantegiak, hitzaldiak, ibilaldiak naturan, esperimentuak, monologoak, lehiaketak eta dastaketak; hori guztia artea, zientzia eta herritartasuna uztartuz, eta NUPeko 80 zientzialari inguruk gidatzen dituzte.
Programatutako jarduera gehienak Civican kulturgunean eginen dira, hilaren 27an, 17:00etatik 22:00etara, baina, horrez gain, San Andres errotan (Atarrabia) ere eginen dira jarduerak, eta, berritasun modura, Iruñetik kanpo beste bi egoitza izanen dira: San Adrian eta Lizarra. Jarduera guztiak doakoak dira, baina gehienetan aldez aurretik izena eman behar da Unibertsitatearen webgunearen bidez, toki mugatuak baitaude.
NUPek bosgarren urtez jarraian hartuko du parte ekimenean. Europako 400 hiritan egiten da aldi berean, eta Europar Batasunak finantzatzen du Horizon Europe programaren barrenean. Haren helburua da ikerketa-lana jende guztiari hurbiltzea Europar Batasunak munduko erronkei erantzuteko ezarritako “misioetako” bostekin bat datozen jardueren bidez. Misio horiek hala nola erronka hauei erantzuten diete: klima-aldaketarako egokitzapena, minbizia edo hiri adimendun eta klimatikoki neutroak. NUPek Unibertsitateen G-9 Taldearen eskutik hartuko du parte Gauean G9-SCIENCE4ALL baterako proiektuaren bidez.
Dastaketak, pintxoak, esperimentuak eta ibilaldiak
Hogeita hamar jarduera horiek bost modalitatetan daude banatuta: Zientziazko dastaketak, Zientziazko ibilaldiak, Zientzia-pintxoak, Esperimentatu eta Zientzia artearekin. Lehenbizikoa 17:30ean hasiko da Civicanen, eta bertaratzen direnek NUPen ikertzen ari diren produktuak dastatzen ahalko dituzte, hala nola garagardoak, ardoak eta mahatsak, gaztak edo olioak eta baita produktu kosmetikoak ere.
“Zientzia-pintxoak” jardueran (17:00etatik aurrera Civicanen), beren lan-arloko aurrerapen eta emaitza nagusien berri emanen dute unibertsitateko ikertzaileek. Hala, azalduko dituzte suaren ezaugarriak eta ekosistemarako duen garrantzia, eta orobat mintzagai izanen dira minbizitik bizirik ateratzea, ekonomia zirkularra, turismo jasangarria, emakumeen kontrako indarkeria eta ugaztunen bilakaera. Bestalde, “Esperimentatu” proposamena hamahiru jarduerek osatzen dute, eta jendeak askotariko proba zientifikoak eginen ditu, besteak beste: sentsazio berriak sortzen dituzten errealitate birtualeko inguruneak, adimen artifiziala, zuhaitz espezie desberdinen kontrola hartzeko aukera emanen duten mahai-jokoak, objektuen lebitazioa soinuaren bidez, etab.
“Zientziazko ibilaldiak” atalak ekitaldiaren erdigunetik ateratzera gonbidatzen du parte-hartzailea, naturaz goza dezan; izan ere, bertako jarduerek aukera emanen diote ibilaldi gidatuak egiteko ilunabarrean saguzarrak entzutearren, Arga ibaiaren arroan “safari” bat egitearren edo Iruñean pasieran ibiliz hiriko mineralak ezagutzearren.
Zientzia artearekin eta egoitza berriak
Azkenik, “Zientzia artearekin” atalak jasotzen ditu “NUP Show” ikuskizuneko monologo batzuk. Ikuskizuna aurtengo maiatzean estreinatu zen. Egoitza bana izanen du aldi bereko bi emanalditan: hilaren 27an, 19:00etan: Civicaneko auditoriuma, non arituko baitira Arantza Almoguera Martón, Sonia Elizondo Martínez, Sergio García Magariño, Idoia San Martín Biurrun, Pablo Sanchis Gúrpide eta Iñigo Olcoz Basarte; eta San Andres errota (Atarrabia), Joaquín Sevillarekin eta Mar Rubiorekin.
Aipatutako jardueren aurretik, hilaren 26an, Gavia Los Llanos kafe antzokian, Lizarrako programazioa eginen da. 19:00etan hasiko da zientzia lantegi batekin Dictel elkartearen eskutik. Jarraian, monologo zientifikoen emanaldi bat eginen da Joaquín Sevilla, Alberto Berrueta eta Leyre Catalánen eskutik. Jardunaldiari amaiera emanen dio “5778 k. Atardecer” dantza-performanceak.
Bestalde, ostegun horretan berean, hilak 26, 19:00etan, San Adriango Kontserbaren Museoan, “Gastronomia kontserban” izeneko dibulgazio- eta dastaketa-saioa eginen da Bistronomikoko Carlos Oyarbide sukaldariarekin eta IS-FOOD Institutuko Idoya Fernández Pan ikertzailearekin.