Aitor Carrillo Pérezek (Historiako eta Memoriako Unibertsitate Masterra), Irune Bueno Delgadok eta Edurne Turrillas Buenok (biak ere Historiako eta Memoriako eta Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Gradu Bikoitzekoak) Foru Komunitatean garai historiko espezifiko batzuetan izandako errepresio frankista ikertu dute, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egiten ari diren ikasketen barrenean. Hori horrela, ikuspegi kronologikotik, hurrenez hurren aztergai izan dituzte trenbideko langileen lan-garbiketa, Ordena Publikorako Auzitegia (TOP) eta Potasaseko langileen aurkako zigor-neurriak. Haien lanak kontsultagai daude Memoriapaper(ak) argitalpenean, Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentazio Funtsaren barrenean (NOHDF). Ikerketak funts horrek eginiko enkargu batzuei esker egin dira, hark Nafarroako Parlamentuarekin duen hitzarmenaren barrenean.
Zehazki, Aitor Carrillok Nafarroako trenbideetako langileek Gerra Zibilean eta frankismoan izandako lan-garbiketa ikertu du, eta konparazioa egin du Erriberaren eta Sakanaren artean. Lana iaz argitaraturiko beste lan baten zabalpena da. Beste auzi batzuen artean, Carrillok ondorioztatu du Sakanaren kokapen geografikoari esker trenbideko langile askok lortu zutela errepublikaren eremura ihes egitea. “Agintari kolpistentzat, hori traizioa izan zen, hau da, etsaiarekin lankidetzan aritzea”, azpimarratu du Aitor Carrillok. “Ondorioz, gerra amaitu zenean Erriberan baino lan-zigor gehiago jaso zituzten Sakanan. Alde handiz, Altsasuko geltokiko langileak Nafarroa osoko zigortuenak izan ziren”.
Emakumeen desafio bikoitza erregimenari
Irune Buenok Ordena Publikorako Auzitegian epaitu zituzten emakume nafarrak ikertu ditu. Auzitegi horren epaiei esker, 1967tik 1975era epaitu zituzten 26 emakumeen profila aztertu du. Gehienak ezkongabeak ziren, 20-30 urte bitartekoak, langileak edo ikasleak, eta Nafarroa ageri da haien jaiotza- eta atxiloketa-probintzia moduan; hala ere, epaietan beste probintzia batzuk ere ageri dira, hala nola Madril, Gipuzkoa eta Zaragoza. Kasu horiek guztiak jarduera antifrankistekin lotuta daude, eta leporatu zizkieten delituen artean daude elkarte ez-zilegia izatea edo legez kanpoko propaganda egitea. Zigortutako 26 emakumeetatik 24k salatu zuten torturatu egin zituztela atxiloketetan. Buenok defendatzen duenez, emakume horiek jasan zuten zigorra bikoitza izan zen, “erregimenari egindako erronka bikoitza zelako, disidente politikoak eta genero disidenteak baitziren aldi berean”.
Edurne Turrillasek, azkenik, Potasas de Navarrako langileek jasan zuten errepresioa aztertu du, ikuspegi “mikro” batetik. Potasas Nafarroako langile-mugimenduaren lantegi garrantzitsuenetako bat izan zen frankismoaren hondar urteetan, lurralde hartako enpresa handiena zelako eta 1975eko urtarrileko itxialdi ospetsuaren protagonista izan zelako. Turrillasek dionez, “errepresioaren funtzio nagusia langile klasea kontrolatzea eta haien arteko elkartasuna eta antolaketa eragoztea zen. Enpresako zuzendaritzak hartutako zigor neurriek langileen gaineko kontrola mantentzeko balio izan zuten, bereziki lan-gatazka handieneko aldietan”.