Joan eduki nagusira

Tuteran eta Sakanan, hots, oso errealitate desberdinak bizi izan zituzten bi toki horietan trenbideko langileek jasan zituzten garbiketak ikertzea eta alderatzea izan da Aitor Carrillo Pérez NUPeko Historiako eta Ondareko Graduko ikasleak egindako lanaren helburua. Lankidetza-beka bati esker egin du ikerketa, Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentu Funtseko (NOHDF) ikertzaile taldearekin batera, eta etorkizuneko azterketa kuantitatibo eta konparatiboetarako abiapuntua izan liteke Nafarroan nahiz Espainian.

zoom Aitor Carrillo Pérez Arrosadiko campusean.

Aitor Carrillo Pérez Arrosadiko campusean.

Hau da Aitor Carrilloren lanaren izenburua: “La depuración del personal ferroviario durante la Guerra Civil y el franquismo: una primera aproximación a partir de la comparación entre Tudela y el valle de la Sakana (Navarra)”. Lanean gogora ekartzen du nola, gerran eta gerraostean, hots, 1936. eta 1942. urteen bitartean, “enpresa publikoetako edo zerbitzu publikoen emakidadunetako (trenbidea, esaterako) funtzionario eta langile guztiei garbiketa-espedienteak ireki zizkieten, gerra hasi aurretik, gerran zehar eta gerraren ondoren beren lanbidea, ideologia, militantzia eta portaera zein ziren ikertzeko”. Horren arabera, berriz hartu zituzten (zigorrarekin edo zigorrik gabe) edo kaleratu egin zituzten.

Nolanahi ere, ikertzaileek uste dute “trenbideko langileen garbiketa ez dela behar adina garatutako ikerketa-ildo bat izan, gutxienez beste profesional batzuek jasandako bestelako garbiketekin alderatuta”. Ildo horretan, lana txosten luze bat da —Memoriaper(ak)  gordailuan argitaratua—, non, gerraurreko Nafarroako egoera sozial eta politikoaren errepaso labur bat egin ondoren, profesionalek jasandako garbiketa horien legezko oinarria azaltzen baitu. Tuterako eta Sakanako geltokietako garbiketa-espedienteak ere aztertzen ditu, besteak beste, galdera honi erantzuten saiatzeko: langileen militantzia ezagunak eraginik izan ote zuen langileek jasandako lan-zigorretan.