Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Unibertsitateko XXIII. Eztabaida Liga eginen du bihar, martxoak 22 (ostirala), 15:00etan, Nafarroako Parlamentuan, galdera honi buruz: “Adimen artifizialaren ondorioz, alferrikakoak izanen dira irakasleak?” Taldekako lehiaketan NUPeko titulazioetako 25 ikaslek hartuko dute parte, 7 taldetan banatuta, eta, horretaz gain, talde bakoitzeko kide bat Mintzaldi Onenaren VII. Sariketan ere arituko da, gain honen inguruan: “Irakurtzearen plazera”. Lehiaketaren xehetasunak Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko.

zoom Nafarroako Parlamentuan egindako Unibertsitateko Eztabaida Ligaren argazki bat (artxibokoa).

Nafarroako Parlamentuan egindako Unibertsitateko Eztabaida Ligaren argazki bat (artxibokoa).

NUPeko Unibertsitateko Eztabaida Liga Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak antolatzen du, eta Nafarroako Parlamentuaren laguntza dauka. Talde irabazleak 650 euro jasoko ditu, bigarrenak 300, eta hirugarrenak, berriz, 150. Mintzaldi onena egiten duenari, bestalde, 100 euro emanen zaizkio.

Talde irabazleak aukera izanen du NUPen ordezkaria izateko G-9 taldearen Unibertsitatearteko Eztabaida Ligan. Aurten, Kantabriako Unibertsitateak antolatuko du, eta apirilaren 10etik 12ra bitartean eginen da, Santanderren.

Eztabaidarako jarrera zozketaren bidez erabakiko da

Eztabaidetan parte hartzen duten taldeek aurkako jarrerak defendatuko dituzte: talde batek aldeko jarrera izanen du, eta beste taldeak aurkakoa, baina defendatu behar duten jarrera zozketa bidez erabakiko da, eztabaida egin baino minutu batzuk lehenago. Eztabaidan, talde bakoitzak hasierako azalpena egiteko txanda izanen du (4 minutu), bi txanda besteei kontra egiteko (5 minutu bakoitzean), eta 3 minutu ondorioak azaltzeko.

Puntuazioa emateko garaian, epaimahaiak honako alderdi hauek hartuko ditu aintzat: diskurtsoaren inpaktua, hizkera, segurtasuna eta gaiaren ezagupena, argudio-ildoaren kalitatea, keinuen erabilera, naturaltasuna eta adierazgarritasuna, adierazpen-erritmoa, espazioaren kontrola, ahotsaren tonua eta proiekzioa eta besteen interesa pizteko gaitasuna. Taldeek gutxienez hiru kide eta gehienez bost kide edukiko dituzte. Kideetako bat kapitaina izanen da. Bere taldea ordezkatuko du arbitroen eta epaimahaiaren aurrean, eta aukera izanen du mintzatzeko txandetan hitz egiteko eta epaimahaiari kexak aurkezteko.