Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) doktoretzako sei sari berezi eman ditu 2018-2019 eta 2019-2020 ikasturteetan defendaturiko tesien artean. Hauek dira sarituak: María Ancín Rípodas (Nekazaritzaren eta Nekazaritzako Elikagaien Zientziak), Gonzalo Martín Vicente Fuenzalida (Industria Zientziak eta Teknologiak), María Isabel Domínguez Yamasaki (Ekonomia, Enpresa eta Zuzenbidea), Esther Aldave Monreal (Giza eta Gizarte Zientziak), Pablo Zubiate Orzanco (Komunikazio Teknologiak, Bioingeniaritza eta Energia Berriztagarriak) eta Mikel López Sáez de Asteasu (Osasun Zientziak).

María Ancín Rípodas nekazaritzako ingeniariak bere doktoretza-tesian (2019n defendatu zuen) landareen fotosintesia irradiazio handiko baldintzetan optimizatzen duen proteina bat identifikatu zuen, zeinari esker landareek prozesu biokimiko hori optimizatu baitezakete. Inmaculada Farran Blanch NUPeko irakasle eta IMAB Institutuko ikertzailea izan zen ikerketa-lanaren zuzendaria. 

zoom TEzkerretik eskuinera, María Isabel Domínguez Yamasaki, Mikel López Sáez de Asteasu, Esther Aldave Monreal eta Pablo Zubiate Orzanco. Argazkian falta dira María Ancín Rípodas eta Gonzalo Martín Vicente Fuenzalida.

Ezkerretik eskuinera, María Isabel Domínguez Yamasaki, Mikel López Sáez de Asteasu, Esther Aldave Monreal eta Pablo Zubiate Orzanco. Argazkian falta dira María Ancín Rípodas eta Gonzalo Martín Vicente Fuenzalida.

Bestalde, Gonzalo Martín Vicentek, bere doktoretza-tesian, emakumeen aurkako krimenak aztertzeko eredu estatistikoak aplikatzea aztertu zuen, eta batez ere Indian jarri zuen arreta. Ikerketaren berritasuna da denbora eta espaziozko ereduak asko erabili izan direla osasun publikoaren esparruan gaixotasunen –batez ere minbiziaren– intzidentzia- eta heriotza-ereduak aztertzeko, baina orain arte ez zirela erabili emakumeen aurkako indarkeria aztertzeko. Lanaren zuzendari Lola Ugarte Martínez aritu zen, NUPeko Estatistika eta Ikerketa Operatiboko katedradun eta INAMAT2 institutuko ikertzailea. 

Isabel Domínguez Yamasaki Zuzenbideko graduatuak bere doktoretza-tesian (2018an defendatu zuen) egungo kontratazioaren azterketa bat egin zuen, eta ardatz nagusi moduan kontratuen autonomia pribatuaren printzipioa hartu zuen. Horrek berekin dakar “kontratu-zuzenbidea aztertzeko abiapuntu izatea pertsonaren askatasunarekiko eta duintasunarekiko errespetua eta, horrekin batera, eginbide egokiarekiko eta beharrezko erantzukizun indibidualarekiko errespetua”. María Ángeles Egusquiza Balmaseda eta Raquel Luquin Bergareche NUPeko Zuzenbide Saileko irakasleak aritu ziren lan horren zuzendari. 

Esther Aldave Monrealen doktoretza-tesiak, “Violencia y sociedad en Pamplona (1876-1936)” izenekoak , XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako sei hamarkadetako indarkeria-adierazpenak aztertu ditu (taldekoak, pribatuak, pertsonen artekoak, politikoak, etab.). 2019an defendatu zuen ikerketa-lana, eta José Miguel Lana Berasáin NUPeko Historia eta Erakunde Ekonomikoetako katedraduna izan zen haren zuzendaria. 

Bestalde, Pablo Zubiate Orzancoren tesiak aurrera egiten lagundu nahi du modu galeraduneko erresonantzia galeradunek (LMRak, ingelesezko sigletan) oinarri dituzten sentsore optikoen teknologian, eta, hala, gailu horien errendimendua hobetzea du xede, ondoren zenbait gaixotasunen diagnostiko selektiboa eta goiztiarra ahalbidetuko duten biomarkatzaile espezifikoak detektatzeko. “Zuntz optikoko sentsoreen garapenak, nanoteknologiaren aurrerapenarekin batera, aukera bikaina eman du sentsore plataforma optiko eramangarri, arin eta errendimendu handikoak garatzeko, gai direnak detekzioak in situ eta denbora errealean egiteko”, azaldu du tesiaren egileak. Saritutako lana 2018an defendatu zuen, eta Carlos Ruiz Zamarreño eta Francisco Javier Arregui San Martín irakasleak izan zituen zuzendari. 

Azkenik, Mikel López Sáez de Asteasuren tesiaren muina hau izan zen: jarduera fisikoan oinarritutako interbentzio batek izan ditzakeen ondorio positiboak paziente oso zaharren ospitaleratzearekin lotutako narriadura funtzionala eta kognitiboa lehengoratzeko. Ikerketa-lana 2019an defendatu zuen Navarrabiomeden, eta Mikel Izquierdo Redín eta Nicolás Martínez Velilla NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakasleak aritu ziren haren zuzendari.