Esther Aldave Monrealen “Violencia y sociedad en Pamplona (1876-1936)” doktoretza-tesiak XIX. mendearen amaieratik eta XX. mendearen hasierara bitarteko sei hamarkadetako indarkeria-adierazpenak aztertu ditu (taldekoak, pribatuak, pertsonen artekoak, politikoak, etab.). Egileak ondorioztatu duenez, “Iruñean 1883tik 1918ra bitartean egindako delitu gehienak ez ziren indarkeriazkoak izan. Espainian eta Nafarroan gutxi gorabehera hiru delitutik bat bortitza izaten zen, eta Iruñean, berriz, bostetik bat baino gehixeago”.
José Miguel Lana Berasáin Historia eta Erakunde Ekonomikoetako irakasle titularrak gidatu du doktoretza-tesia, zeinak bikain cum laude kalifikazioa lortu baitu. Erabilitako iturriak, funtsean, justizia-organoak, erakunde ofizialak eta prentsa idatzia izan dira, baina egileak berak adierazi du “eragozpen garrantzitsu batzuekin” egin duela topo, “hala nola dokumentazioaren suntsiketarekin edo desagerpenarekin”.
XIX. mendearen erdialdean, datu estatistiko batzuek Nafarroa probintzia “biolentoa” zela baieztatzen zuten, eta odol-krimen ugari izaten zela. Hamarkada batzuk geroago (XIX. amaieraren amaieratik XX. mendearen hasierara), tokiko prentsan ospea zuten zenbait ahotsek behin eta berriz azpimarratu zuten Nafarroako hiriburua galbideratzen ari zela, eta segurtasunik eza areagotzen. “Era berean —azaldu du egileak—, lurralde kristau eta errukitsu baten irudia gero orokorragoa izan zen Gerra Zibilaren garaian eta ondoren. Hala ere, diskurtso horietako zein egokitu zen 1876 eta 1936 arteko Iruñeko errealitatearekin?”.
Indarkeriaren fenomenoaren konplexutasuna kontuan hartuta, Esther Aldave hura mugatzen eta boteregune batzuen arabera kokatzen saiatu da, “etxeko eremutik hasi eta publikora iritsi arte, aparatu judizial eta zigortzailea eta hari eusten lagundu zuten diskurtsoak ahaztu gabe”. Horrela, aztergai izan ditu bizitza pribatuaren esparruko indarkeria (pertsonen arteko motibazioak), indarkeria kolektiboa (komunitatearen baitan nahigabeak eragiten dituen bat-bateko adierazpenak) eta indarkeria politikoa (planifikatua edo bat-batekoa).
Gizonezkoen gehiengo nabarmena
Iruñean 1883. eta 1918. urteen artean izandako delitu gehienak ez ziren indarkeriazkoak izan, “nahiz eta Espainian, Nafarroan eta Iruñean krimen kopuruak gora egin zuela esan daitekeen, batez ere Iruñean, seguru asko mende amaierako krisialdi ekonomikoaren eta kanpaina kolonialen eraginaren ondorioz”. Nolanahi ere, Nafarroan eta Espainian hiru delitutik bat izaten zen indarkeriazkoa; Iruñean, berriz, kopurua txikiagoa zen: bostetik bat baino gehixeago.
Auzipetuen profilari erreparatuz gero, gizonezkoen gehiengo nabarmena egon zen: auzipetuen % 90 baino gehiago gizonezkoak izan ziren pertsonen eta ordena publikoaren aurkako delituen kasuan. “Pertsonen arteko indarkeria, nabarmen maskulinoa, ohorean eta oldarkortasuna erakutsiz berretsitako gizontasunaren artikulazioan oinarritu zen, eta horrek arma zuriak eta su-armak erabiltzea ekarri zuen”.
Horren harira, Esther Aldavek adierazi duenez, mendeen arteko aldi horretan, “gatazka jakin batzuk konpontzeko, ohikoak izan ziren desafioak edo dueluak”. Era berean, agintaritzaren aurkako atentatu- edo erresistentzia-delitu gehienak “ez ziren izan motibazio politikoz egindako delitu-ekintzak; izan ere, gizonek parekotzat tratatzen zituzten agenteak, autoritate gisa aitortu gabe”.
Emakumeei dagokienez, “sistema judizialean ikusezintasun sistematikoa izan zuten; izan ere, batzuetan, bestelako delituek estali egiten zituzten tratu txarrak”. Rol aktiboa hartu zuten, eta ohorearen aurkako delituengatik auzipetzen zituzten, “batez ere gatazka jakin batzuk irainaren edo laidoaren bidez sortzen edo konpontzen saiatzen zirenean, biktimaren erreputazio sexuala kaltetzeko ahaleginean”. Bestalde, emakumeek rol aktibo garrantzitsua izan zuten bikotekideen aurkako zapalkuntza-egoerei konponbidea ematen saiatzean; “kasu horietako batzuetan —adierazi du lanaren egileak—, harremana amaitu nahiak errepresalia hilgarriak ekarri zituen”. Azkenik, infantizidio-delituak gutxiengoa izan ziren, “eta hori ez dator bat haurtxo baten gorpua aurkitu ondoren amaitu gabe gelditu ziren prozesu ugariekin edo prentsan horri buruz agertutako albisteekin”.
Taldeko indarkeria eta indarkeria politikoa
Iruñeko biztanleen artean gertatutako gatazkaren parte bat “bizigarritasun krisiek baldintzatua egon zitekeen, ez baitzegoen hiriko harresietatik haratago hedatzerik, hogeiko hamarkadara arte behintzat”. Komunitatearen esparruan, eta bizikidetzaren eta ordena publikoaren inguruko eztabaidei dagokienez, “garaiko jendeak deserosotzat jotzen zituzten bi sektoreren garrantzia nabarmentzen da: gazteak eta militarrak”. Gazteek kode maskulinoak bereganatu zituzten gatazkak konpontzeko orduan, “bereziki lagun taldeetako kideak defendatzeko garaian”. Militarren kasuan, gotorleku indartsua zelako Iruñean bizi zirenak alde batera utzita, tentsioak “ordezkoen” inguruan sortu ziren; zerbitzu militarra bete behar zutenak ordezkatzeko ordaintzen zitzaien pertsona horiei. Hori ohikoa izan zen XIX. mendearen amaierako kanpaina kolonialetan, “eta tirabirak sortu zituen beren artean, baina baita biztanleria zibilarekin ere”.
Aisia da gizarte-tentsio desberdinekin lotutako beste faktoreetako bat, eta futbola nabarmendu zen gainerako jardueren artean. “Ikusleak inplikatu egin ziren, eta istilu bortitzak izan zituzten ia-ia kirol hori entretenimendu nagusi gisa ezartzearekin batera, baita maila lokalean ere”.
Indarkeria politikoari dagokionez, gatazka ez zen benetan nabarmena izan Bigarren Errepublikara arte, polarizazio politikoaren eta sistema berriaren barruan nolabaiteko irekiera izatearen ondorioz. “Izan ere, aztertutako aldi osoan bildu diren delitu politiko gehienak hogeita hamarreko hamarkadan kokatzen dira”.
Curriculum laburra
Esther Aldave Monreal Historian lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, masterreko ikasketak Zaragozako Unibertsitatean egin ditu, eta doktoretza NUPen. Nazioarteko hainbat kongresu eta jardunalditan hartu du parte, eta “Indarkeria gizarte-mutazioen aroan: hori aztertzeko oinarri teoriko eta metodologikoak” izeneko mintegia antolatu du, baita, bertan, “Eguneroko indarkeria: indarkeria pertsonalaren eta ekintza kolektiboaren artean” hitzaldia aurkeztu ere. Era berean, hainbat lan argitaratu ditu, esaterako “Violencia y radicalización política en Pamplona durante el primer bienio republicano (1931-1933): los sucesos del 17-18 de abril de 1932” artikulua, “Clio & Crimen” aldizkarian argitaratua, eta “La mujer silenciada. Violencia de género en Pamplona durante la Restauración (1876-1923)”, “Principe de Viana” aldizkarian argitaratua. Halaber, 2018an ikerketa-egonaldi bat egin zuen Amsterdameko Gizarte Historiako Institutuan (IISG), Campus Iberus eta Erasmus+ erakundeek emandako beka bati esker.