Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 11 ikastaro kultural eskainiko ditu (ikasleei espezifikoki zuzendutako hiru talde egonkorren jarduerez gain) 2023-2024 ikasturtearen udaberriko seihilekoan, Arrosadiko campusean (Iruñean). 

Monografiko gehienetan doakoa da inskripzioa, eta Unibertsitateko komunitateko kideei daude zuzenduak (ikasleek ez ezik, irakasle eta ikertzaileek eta teknikariek eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek osatzen dute talde hori); dagoeneko ematen ahal dute izena. Beste hiru ikastarotan, ikasle ohiek, A3U Programakoek eta Unibertsitatetik kanpoko pertsonek ere ematen ahalko dute izena, urtarrilaren 22tik aurrera. Eskaintzaren inguruko informazio guztia, egutegiak eta prezioak Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko. 

zoom NUPeko Antzerki Taldearen emanaldi bat.

NUPeko Antzerki Taldearen emanaldi bat.

Mindfulnessa, irakurketa, musika, antzerkia edo “maker” kultura

Zehazki, honako ikastaro hauek emanen zaizkie Unibertsitateko komunitateko kideei —parentesi artean, ikastaroen arduradunak ageri dira—: “Mindfulness teknikak: oraina bizitzea” (Lara López Hernáez), “Maker skills for researchers” (Asier Marzo), Eztabaida-gela (Miguel Rodríguez), NUPeko irakurketa-kluba eta NUPeko “online” irakurketa-kluba (Begoña Espoz) eta Osasun Zientzien Fakultateko irakurketa-kluba (Francisco Javier Blázquez, Alfonso Arteaga eta Itziar Mikeleiz). 

Ikasleei bereziki zuzendutako monografikoak Bazen behin euskarazko irakurketa-kluba (Ilazki Muniain) eta Zeinu hizkuntza hezkuntzan ikastaroa dira (Sofía de Esteban), baita ikasturtearen hasieran hasi ziren talde egonkorrak ere: Antzerki Taldea (Óscar Orzaiz), Iruñeko Orfeoiaren Gazteen Abesbatza (Iruñeko Orfeoia) eta NUPeko orkestra (Gian Luca Mangiarotti). Azkenik, “Idazteko sormena pizteko tailerra” (Marisol Artica), “Jendaurrean hitz egitea” (Óscar Orzaiz) eta “Demokrazia Eskola” (Jorge Urdánoz) interesa duen edonork egiten ahalko ditu.

Ikasturte osoan zehar, indarrean egonen da ikasleei zuzendutako “Eman kreditua zure kulturari” izeneko programa, eta, hari esker, 6 kreditu aitortzen ahalko zaizkie zabalpen jardueretan, puntuen sistema baten bidez (beharrezkoa da aldez aurretik erregistratzea). Programari buruzko informazio guztia Unibertsitatearen webgunean dago.