Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) kirol txartelarekin hogeita bost jarduera egiten ahalko dira, astean hirurogeita hamahiru saiotan banatuak, udaberriko seihilekoan. Jarduera guztietatik 14 urtarrilaren 15ean hasiko dira, eta gainerako 11ak hilaren 29an. Kirol txartelarekin egiten ahal diren jarduerez gainera, beste 12 kirol modalitate daude, maila diferenteetakoak, eta, horietan parte hartzeko, aparte izena eman eta ordaindu behar da. Bestalde, entrenamendu saio pertsonalizatuak eta golf ikastaroak ere eskaintzen dira. 

Urtarrilaren 15ean hasiko diren jarduerak astelehenetik ostegunera eginen dira, goizez eta arratsaldez; zehazki, honako hauek: erabateko entrenamendua, spinning, pilates eta tarteko mailako pilates, pump, hatha yoga, eskalada (hastapenekoa), totalbody, GAP, aerobic, zunba, step, HIIT eta boxtraining. Urtarrilaren 29an honako hauek hasiko dira: igeriketa (hastapenekoa eta hobekuntzakoa), pilates + hipopresiboak, yoga eta yin yang, aerobic + core, step + core, fast fit, gap + core eta, azkenik, TRX. Astelehenetik ostiralera izaten dira saioak, 07:40tik 21:00etara. 

zoom Ikasleak kirola egiten NUPen.

Ikasleak kirola egiten NUPen.

Edonork eskuratu dezake kirol txartela eta egin ditzake horrek eskaintzen dituen kirolak. Urtekoa, seihilekoa edo hilekoa izan daiteke, eta Unibertsitatearen webgunearen bidez eskatzen da. Zehazki, udaberriko seihilekorako kirol txartelaren prezioa 66 euro da ikasleentzat, 82,80 euro Unibertsitateko komunitateko gainerako kideentzat, 120 euro Ikasle Ohien eta Adiskideen Elkarteko kideentzat, eta 180 euro Unibertsitatetik kanpokoentzat. Graduko ikasleek kredituak lor ditzakete kirola egiteagatik.

Kirol txarteleko jarduerak “online” erreserbatzea

Kirol txarteleko jarduerak egiteko, “online” erreserba egin behar da aldez aurretik Unibertsitatearen webgunean (egun baterako bi erreserba egiten ahal dira gehienez). Gero, ezin joan izanez gero, bertan behera utzi behar da erreserba, jarduera hasi baino hiru ordu lehenagora arte. Txartela edukiz gero, gainera, kirol instalazioak erabil daitezke (igerilekua, rokodromoa, muskulazio aretoa eta abar), eta pilotalekua, belar artifizialeko zelaiaren erdia, kiroldegiko pista zein kanpoko tenis pistak erreserbatu.

Unibertsitatearen webgunean dago informazio guztia: kirolak (ordutegia, deskribapena eta entrenatzaileak), txartelaren bidez kiroletan izena emateko sistema, eta seihilekoko eta hilabeteko prezioak, Unibertsitateko komunitateko kide direnentzat eta ez direnentzat.

Udaberriko seihilekorako beste jarduera batzuk

Gorago azaldu bezala, udaberriko seihilekoan beste hamabi jarduera eskaintzen dira, txartelean sartuak ez daudenak: dantza latinoak, boxeoa, eskalada (hastapenekoa, garapenekoa eta hobekuntzakoa), kickboxing, igeriketa (hastapenekoa eta hobekuntzakoa), tenisa eta hastapeneko tenisa, boleibola eta waterpoloa. Izena eman eta aparte ordaindu behar diren jarduera horietarako (merkeagoak dira kirol txartela dutenentzat), urtarrilaren 15ean irekiko da izena emateko epea Unibertsitateko komunitatekoentzat, eta otsailaren 5ean gainerakoentzat.