Batasunaren Pribilegioaren 600. urteurrena ardatz duten hitzaldi ziklo bat eta erakusketa bat izanen dira Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza berrian, hots, Bisitazioko Amen komentu zaharrean, eginen dituen dibulgazio zientifikoko lehen jarduerak. Gogoratu beharra dago bi erakunde horiek espazioak partekatzeko eta ekintzak garatzeko sinatutako hitzarmenari esker erabil daitekeela gune hori.
Hitzaldi horietako gehienak NUPeko irakasleek emanen dituzte, eta 19:00etan izanen dira beti, eraikineko Ansoleaga aretoan. Lehenbiziko hitzaldia urriaren 10ean izanen da, 19:00etan. “Iruñea: hiri bakar baterako bide luzea” du izenburua, eta Eloísa Ramírez Vaquero NUPeko Erdi Aroko Historiako katedradunak emanen du. Aurkezlea, berriz, Roldán Jimeno Aranguren Zuzenbidearen eta Erakundeen Historiako katedraduna izanen da. Hilaren 17an, osteguna, bi hitzaldi emanen dira: “Bizitza Erdi Aroko Iruñean” eta “Iruñeko hizkuntzak 1423an”. Lehenbizikoa Iñigo Mugueta Elizondok emanen du, eta bigarrena Juan Karlos Lopez-Mugartzak. Oraingoan, Agurtzane Paz Morok (NUP) aurkeztuko du saioa.
Hurrengo astean, urriaren 19an, osteguna, Luis Javier Fortún Pérez de Cirizak “Iruñeko erakundeak Batasunaren Pribilegioan” hitzaldia emanen du eta Juan José Martinena Ruizek "Batasunaren Pribilegioak ezarritako Iruñeko sinboloak”. Biak Historiaren Errege Akademiako kideak dira, eta lehenbizikoa, gainera, Nafarroako Unibertsitateko irakaslea. Félix Segura Urrak (Nafarroako Errege Artxibo Orokorra) eginen du aurkezpena.
Urriaren 24an, asteartea, “Batasunaren Pribilegioa Zuzenbidearen ikuspegitik” hitzaldia Roldán Jimeno Arangurenek emanen du, eta “Iruñeko hirigintzaren erregulazioa (1423-2023)” hitzaldia, berriz, Juan Cruz Alli Aranguren NUPeko irakasle erretiratu eta Nafarroako Gobernuko presidente ohiak. Alicia Chicharro Lázaro NUPeko irakasleak aurkeztuko du saioa.
Hilaren 26an, osteguna, Rafael Arrizabalaga Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko kideak “Erdi Aroko Iruñearen kartografia” hitzaldia emanen du, eta Asier Marzo NUPeko ikertzaileak “Pribilegioaren Erdi Aroa 3Dn irudikatzea” saioa. Azken hitzaldiak urriaren 31n izanen dira (asteartea). Hauek izanen dira hizlariak: Rubén Lasheras Ruiz (Komunitate banaezina? Dibertsitatea eta desparekotasunak 2023ko Iruñean) eta Amaia Álvarez Berastegi (Gatazkatik bakera: Batasunaren Pribilegioaren lezio historikoak eta gaur egungoak). Urriaren 26an María González de Audicana arituko da aurkezle, eta urriaren 31n Mikel Lizarraga Rada, biak NUPeko irakasleak.
Bestalde, urriaren 17an eta 24an, 18:00etan, Batasunaren Pribilegioari buruzko erakusketaren marrazkilariak, Asisko Urmenetak, efemeride horren inguruko euskarazko jarduera bat eginen du.
Batasunaren Pribilegioaren erakusketa eta katalogoa
Hilabete honetan, halaber, irailean iragarritako Batasunaren Pribilegioari buruzko erakusketa egonen da ikusgai. NUPek prestatu du, eta Juan Carlos Lopez-Mugartza Iriarte NUPeko irakaslea aritu da komisario. Asisko Urmeneta marrazkilariak egindako 28 ilustraziok osatzen dute erakusketa, hots, ilustrazio bat hiri bateratu berria sortzeko testuaren kapitulu bakoitzeko. Irudi horietako bakoitzak nafar erromantzean idatzitako testuaren transkripzioa du –Roldán Jimenok “Los Fueros de Navarra” lanean egindako ediziotik hartua (Estatuko Aldizkari Ofizialaren Estatu Agentzia, 2016)–, baita gaztelaniarako eta euskararako itzulpenak ere, Lopez-Mugartzak berak eginak.
Testuak XV. mendean Iruñean mintzatzen ziren hizkuntzetan ere idatzi dira. Horrela, nafar erromantzeaz eta euskaraz gain, gaskoia sartu du, okzitanieratik hurbil dagoen hizkuntza bizi gisa (Jakes Lafitte idazlearen bertsio itzulia sartu da), baita hebreera ere (ESmedo enpresako itzultzaileek egindako testua). Gaskoizko bertsioa egiteko, aldez aurretik frantseserako itzulpena egin behar izan da, eta, horregatik, testu hori ere jasoa dago, QR kode baten bidez, nahiz eta Iruñean Erdi Aroan ez ziren mintzatzen hizkuntza hartan. Testuak eta marrazkiak NUPek argitaratutako katalogoan jaso dira. Katalogoaren hitzaurrea Ramón Gonzalo errektoreak egina da. Liburua laster erosten ahalko da liburu-dendetan.
Erakusketa irisgarria da ikusmen-urritasuna duten pertsonentzat, testu guztiak braillera transkribatu baitituzte Espainiako Itsuen Erakundearen (ONCE) Nafarroako ordezkaritzari esker. Era berean, Asier Marzo NUPeko irakasleak erakusketaren zenbait ilustrazioren erreprodukzioak inprimatu ditu 3Dn, pertsona haientzat ere irisgarri izan daitezen eta, etorkizunean, braillez idatzitako testuekin batera, ONCEren Nafarroako tiflotekan integratuta gera daitezen. Gainera, NUPek ONCEri aholkuak eman dizkio Batasunaren Pribilegioa dela-eta atera duen kupoia sortzeko.