Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bat egin du Iruñeko Batasunaren Pribilegioa (1423) ospatzeko ekitaldiekin. Erakusketa urriaren 9an inauguratuko da Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza berrian, eta Unibertsitateak han egiten duen lehen jarduera izanen da, bi erakundeek espazioak partekatzeko eta ekintzak garatzeko sinatutako hitzarmenari esker. Erakusketa osatzeko, Batasunaren Pribilegioari buruzko hitzaldi ziklo bat eginen da, eta, harekin, Nafarroako Unibertsitate Publikoak hiriaren erdigunetik ekinen dio dibulgazio lanari. Aipatutako efemeridea –Iruñeko hiri modernoaren sorreraren erakusgarria da, San Zernin burgua, San Nikolas herria eta Nabarreria hiria elkartu baitziren– irailaren 8an izanen da, ostirala, eta 600. urteurrena ospatuko du.
NUPek egindako erakusketarako –Juan Carlos Lopez-Mugartza Iriarte NUPeko irakaslea aritu da komisario–, Asisko Urmeneta marrazkilariak 28 ilustrazio egin ditu, hiri bateratu berriaren sortze-testuaren kapitulu bakoitzeko bat. Irudi horietako bakoitzak nafar erromantzean idatzitako testuaren transkripzioa du –Roldán Jimenok Los Fueros de Navarra lanean garatutako ediziotik hartua (Estatuko Aldizkari Ofizialaren Estatu Agentzia, 2016)–, baita gaztelaniarako eta euskararako itzulpenak ere, López-Mugartzak berak eginak.
Testuak XV. mendean Iruñean mintzatzen ziren hizkuntzetan ere idatzi dira. Horrela, nafar erromantzeaz eta euskaraz gain, gaskoia sartu du, okzitanieratik hurbil dagoen hizkuntza bizi gisa (Jakes Lafitte idazlearen bertsio itzulia sartu da), baita hebreera ere (ESmedo enpresako itzultzaileek egindako testua). Gaskoizko bertsioa egiteko, aldez aurretik frantseserako itzulpena egin behar izan da, eta, horregatik, testu hori ere jasoa dago, QR kode baten bidez, nahiz eta Iruñean Erdi Aroan ez ziren mintzatzen hizkuntza hartan. Testuak eta marrazkiak NUPek argitaratutako katalogoan jaso dira. Katalogoaren hitzaurrea Ramón Gonzalo errektoreak egina da.
NUPek irisgarritasunarekin duen konpromisoa
Erakusketa irisgarria da ikusmen-urritasuna duten pertsonentzat, testu guztiak braillera itzuli baitituzte Espainiako Itsuen Erakundearen (ONCE) Nafarroako ordezkaritzari esker. Era berean, Asier Marzo NUPeko irakasleak erakusketaren zenbait ilustrazioren erreprodukzioak inprimatu ditu 3Dn, pertsona haientzat ere irisgarri izan daitezen eta, etorkizunean, braillez idatzitako testuekin batera, ONCEren Nafarroako tiflotekan integratuta gera daitezen. Era berean, ONCEri aholkuak eman dizkio Batasunaren Pribilegioa dela-eta atera duen kupoia sortzeko.