Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ikasleak praktiketan hartzen dituzten entitateei eskerrak emateko ekitaldia egin zuen atzo, ekainak 13, asteartea. 700 erakunde baino gehiago dira, enpresak, ikastetxeak, erakunde publikoak eta irabazi asmorik gabeko erakundeak besteak beste. Horretaz gainera, 2022-2023 ikasturtean Mentore Seniorren Planean parte hartu duten 86 lagunen lana aitortu zuten ekitaldian. Unibertsitatearekin lotura duten profesionalak dira, eta etorkizun profesionala bideratzen laguntzen diete hala nahi duten ikasleei.

zoom Enpresen, erakundeen eta mentore seniorren lana aitortzeko ekitaldian parte hartutakoak.

Enpresen, erakundeen eta mentore seniorren lana aitortzeko ekitaldian parte hartutakoak.

Ekitaldian, Ramón Gonzalo NUPeko errektorea aritu zen buru. Honako hauek ere hartu zuten parte: Iosune Pascual Azcárate, NUP Fundazioko zuzendari kudeatzailea; Javier Goicoechea Fernández, NUPeko Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Eskola Teknikoko zuzendaria; Manuel Iribarren Oscoz, Iruñerriko Zerbitzuak SAko Antolaketaren eta Pertsonen arloko zuzendaria, eta Daniel Antoñanzas Díaz de Rada, Exkal enpresako zuzendari kudeatzailea. Ikasleen ordezkari gisa, Estíbaliz Nicolás Gradín aritu zen, NUPeko Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko graduduna eta Zeharkako Gaitasun Profesionaletako Espezializazio Diplomako ikaslea.

Praktikak eta lana lortzeko aukera handitzeko beste jarduera batzuk

Unibertsitateko ikasleen prestakuntzako jardueretako bat da praktikaldia, eta titulazioaren ikasketa-planean integratuak egoten ahal dira (curriculumeko praktikak) edo ez (curriculumetik kanpoko praktikak). Aipatzekoa da lau ikasletik hiruk curriculumeko praktikaldi bat egina izaten duela gradua bukatutakoan. Unibertsitateak urtean 3.200 praktika baino gehiago kudeatzen ditu.

zoom Ekitaldiaren lehendakaritza mahaia. Ezkerretik eskuinera: Estíbaliz Nicolás, NUPeko egresatua; Manuel Iribarren Oscoz, Iruñerriko Zerbitzuak SAko Antolaketaren eta Pertsonen arloko zuzendaria; Daniel Antoñanzas, Exkal enpresako zuzendari kudeatzailea; Ramón Gonzalo, NUPeko errektorea; Javier Goicoechea, IITIGMETeko zuzendaria, eta Iosune Pascual, NUP Fundazioko zuzendari kudeatzailea.

Ekitaldiaren lehendakaritza mahaia. Ezkerretik eskuinera: Estíbaliz Nicolás, NUPeko egresatua; Manuel Iribarren Oscoz, Iruñerriko Zerbitzuak SAko Antolaketaren eta Pertsonen arloko zuzendaria; Daniel Antoñanzas, Exkal enpresako zuzendari kudeatzailea; Ramón Gonzalo, NUPeko errektorea; Javier Goicoechea, IITIGMETeko zuzendaria, eta Iosune Pascual, NUP Fundazioko zuzendari kudeatzailea.

Praktiken helburua ikasleek prestakuntza akademikoan lortutako ezagutzak aplikatzea eta osatzea da. Hala, gaitasunak eskuratzen dituzte lanbidean hasten direnerako, eta areagotu egiten dituzte lana lortzeko aukerak eta ekintzaile izateko trebetasuna. Horri dagokionez, adierazi behar da NUPek, gainera, Ikasleen Laneratzea Hobetzeko eta Ekintzailetza Sustatzeko Plan bat duela, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzak koordinatua, eta, plan horren bidez, zeharkako gaitasunei buruzko prestakuntza (garapen pertsonaleko gaitasunak, gaitasun digitalak eta garapen jasangarrikoak) eta lan-orientazio pertsonalizatua eta tailerren bidezkoa ematen direla. Unibertsitateak hizkuntzetako prestakuntzaren aldeko apustua ere egina du, eta graduari lotutako titulu berekiak eskaintzen ditu. Horrek guztiak ikasleen enplegu aukerak hobetzen ditu.

Azkenik, aipatu beharra dago ezen, Unibertsitateen Ministerioak 2022ko maiatzean argitaratu duen Unibertsitateko Egresatuen Laneratzeari buruzko Azterlanaren arabera, Espainiako unibertsitate publikoetako lehena dela NUP bere gradudunen laneratze-tasari dagokionez, zeina % 86,1 baita (titulua lortu eta lau urtera Gizarte Segurantzan afiliatutakoen tasa). Masterdunen kasuan, % 84,8koa da tasa hori.

Mentore Seniorren Plana

NUPeko Mentore Seniorren Planean, mentore bakoitzak hiru ikasleri laguntzen dio gehienez, eta gutxienez bi aldiz elkartzen da haiekin martxotik maiatzera bitartean. Mentoreek lan orientabidea ematen diete, ikasleen aukera profesionalak hobetzeko, beren gaitasunak indartzeko eta erraztasunak emateko “networking” delakoa egin dezaten, hau da, enpresekin harremanetan jarri, kontaktuak egin eta sarean lan egin dezaten.

Ikasleek, bestalde, konpromisoa hartzen dute Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako 10 orduko trebakuntza presentzial batera joateko. Doakoa da ikastaroa, eta “coaching”-ean, lan orientazioan eta adimen emozionalean esperientzia eta prestakuntza egiaztatua duten profesionalek ematen dute. Ikasleek konpromisoa hartzen dute, halaber, esleitutako mentorearekin bi bilera egiteko, haren laguntzaz lana aktiboki bilatzeko eta mentoreak eskainitako zerbitzuak baliatzeko. NUP Fundazioak egindako inkesta baten arabera, mentoreen % 98 kontent dago programan parte hartzeagatik eta prest legoke beste behin ere mentore izateko.

2018-2019 ikasturtean plana martxan jarri zenetik, 500 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte programan eta 200 profesional baino gehiago izan dira mentore.