Joan eduki nagusira

Hamalau herrialdetako 24 ikasle ari dira egiten Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 2022-2023 ikasturte honetan eskaini duen Master in Management, Organization and Business Economics delakoa. Graduondo ofizial hori ingelesez ematen da oso-osorik, 60 kreditu ditu, nazioartekoa eta unibertsitateartekoa da, eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoarekin eta Balear Uharteetako Unibertsitatearekin batera eskaintzen da, formatu honetan: lehenbiziko bi hiruhilekoak Bartzelonan ematen dira, hirugarren hiruhilekoa Iruñean, eta masterreko tesinen aurkezpena eta defentsa Palma Mallorcakoan egiten da.

zoom Masterreko ikasleak, gelan.

Masterreko ikasleak, gelan.

Alejandro Bello Pintado Enpresen Antolaketako katedradun eta masterreko zuzendari akademikoak adierazi duen bezala, ikasleak hautatzeko prozesua oso zorrotza da. Izan ere, 250 inskripzio eskaera baino gehiago jasotzen diren arren, ikasle gutxi batzuk baizik ez dituzte hautatzen matrikula formalizatzeko. Ikasturte honetan matrikulatutako ikasleak herrialde hauetatik datoz: Herbehereak, Bulgaria, Ukraina, Georgia, Estatu Batuak, Polonia, Txina, Honduras, Kazakhstan, Espainia, Egipto, Uzbekistan, Errusia eta Brasil.

Nazioartekotzea eta zorroztasun akademikoa

Alejandro Belloren hitzetan, zorroztasun akademikoa eta nazioartekotzea dira graduondo horren bi ezaugarri nagusiak. Haren funtsezko helburua “profesionalak erakundeen azterketan trebatzea” da, eta “oinarri kontzeptual eta kuantitatiboa ematea enpresa, gobernu edo nazioarteko erakundeentzako jardueren inplementazioari eta ikerketari buruzko analisiak egin ahal izateko”, zehaztu du. “Halaber, egresatuak trebatuak egonen dira ezagutza horiek guztiak ikerketa-ildo propio eta aurreratuen garapenean aplikatzeko”, zuzendari akademikoak adierazi duenez.

zoom Masterreko ikasleak, Alejandro Bello irakaslearekin batera (argazkiaren eskuinaldean).

Masterreko ikasleak, Alejandro Bello irakaslearekin batera (argazkiaren eskuinaldean).

Hogei urteko ibilbidean, graduondoak 56 herrialdetako 270 ikasle bildu ditu guztira (% 57 emakumezkoak izan dira). Horietatik 245ek bukatu dute beren Master Amaierako Lana, eta, horien artetik 40k amaitu dute doktoretza-tesia. Ikasleen % 54 enpresarekin lotutako titulazioetatik dator, % 21 ekonomiarekin lotutakoetatik eta % 18 ingeniaritzetatik.