Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) otsailaren 15era arte ireki du epea graduko azken ikasmailako, masterreko eta doktoretzako ikasleek Mentoretza Seniorraren Programan izena eman dezaten. Azken bi ikasturteetan ikasketak NUPen amaitu dituztenek ere aukera dute izena emateko. Programa horretan, Nafarroako enpresa eta erakundeetan esperientzia eta garrantzizko karguak dituzten eta NUPekin lotura duten edo izan duten zenbait profesionalek lan etorkizunerako aukerei buruzko orientabidea ematen diete ikasle eta egresatu horiei, laneratzeko aukera handiagoak izan ditzaten. Parte hartu nahi duten ikasleek programaren web orriaren bidez egiten ahal dute inskripzioa.
Programa positiboa bi aldeentzat
Programak orain arte izandako lau edizioetan 450 ikaslek hartu dute parte. 2021-2022 ikasturtean, 170 profesional 71 ikasleren mentore aritu ziren, eta parte-hartzaileek programari emandako nota 8,7 puntukoa izan zen 10etik, NUP Fundazioak egindako inkesta baten arabera.
Mentoretza jaso zuten ikasleen artetik, % 95ek hurrengo edizioetan parte hartzeko gomendatuko liekete beren ikaskideei, eta % 90ek aitortu zuten espero zutena eman ziela programak. Gainera, % 92k adierazi zuten programak eragin positiboa izan zuela beren etorkizunean, eta % 97,5en ustez ekimena positiboa da Unibertsitatearentzat. Bestalde, mentore aritu zirenen % 98 pozik agertu ziren programarekin, eta 10etik 8,3ko nota jarri zioten. Haien hitzetan, ekimenak ikasleen laneratzeko aukerak hobetzen laguntzen du.
Mentoretza Seniorraren Programaren xehetasunak
Mentoretza-programa martxotik ekainera bitarte gauzatzen da. Mentore bakoitzak hiru ikasle izan ditzake, eta gutxienez bi aldiz elkartu behar du haiekin lan arloko orientabidea emateko eta etorkizunean izanen dituzten lan aukerak hobetzen laguntzeko. Gainera, haien gaitasunak estimulatu eta indartuko ditu, eta erraztasunak emanen dizkie “networking” delakoa egin dezaten, hau da, enpresekin harremanetan jarri, kontaktuak egin eta sarean lan egin dezaten.
Bestalde, mentoretzapeko ikasleek konpromisoa hartzen dute lan orientabideko tailer batzuk egiteko, hamar ordukoak, beren lanerako helburuak zehazten eta espektatibak zentratzen lagunduko dietenak. Halaber, bi bilera eginen dituzte esleitutako mentorearekin, eta haren laguntzaz lana aktiboki bilatzeko eta pertsona horrek eskainitako zerbitzuak baliatzeko konpromisoa hartzen dute. Programan parte hartzen duten graduko ikasleei unibertsitate zabalpeneko kreditu bat emanen zaie jarduera honengatik. Upnapassean sartuko diete kreditu hori.