Joan eduki nagusira

Datorren ostiralean, urtarrilak 13, “Eskolako ikasleen bizimodua, egoera fisikoa, osasun kardiobaskularra eta osasun mentala” sinposioa eginen da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Bertan Espainiako hamar ikerketa-taldetako adituak eta ikertzaileak bilduko dira. Topaketaren helburua 2023an PREFIT-UP proiektua martxan jartzeko oinarriak ezartzea izanen da. Horrek jarraipena emanen dio PREFIT proiektuari, zeinak, lehenbiziko aldiz, Espainiako 11 hiritako 3 eta 5 urte arteko 3.000 haurren baino gehiagoren egoera fisikoa ebaluatu zuen.

zoom Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Lehenbiziko ikerketa hori 2014. eta 2015. urteen artean egin zen, eta, orain, adituek ikasle horien ingurune sozialean gertatu diren aldaketak aztertu nahi dituzte, eta aldaketa horiek haien osasunarekin alderatu. PREFIT-UPek duela 8 urte PREFIT proiektuan parte hartu zuten haur horien bizi estiloa, egoera fisikoa, osasun kardiobaskularra eta osasun mentala ebaluatu nahi ditu, hala haien bilakaera aztertzeko –gaur egun 11 eta 14 urte artean dituzte–. Halaber, parte-hartzaileen gurasoen edo legezko tutoreen bizi estiloak ere aztertuko dira.

Horretaz gain, oraingoan beste 4 ikerketa-talde batu zaizkio proiektuari –Espainiako 4 hiritakoak–, eta, beraz, nerabeen lagina are zabalagoa izanen da. Zehazki hiri hauetakoak izanen dira: Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Zaragoza, Madril, Cuenca, Toledo, Castelló de La Plana, Almería, Granada, Jaén, Sevilla, Cádiz, Las Palmas Kanaria Handikoa eta Palma Mallorcakoa.

Sinposio horrekin batera, urtarrilaren 12an, osteguna, prestakuntzako bi tailer eginen dira ikasle horien osasun kardiobaskularraren ebaluaziorako metodologiari buruz: ekografia nutrizionala gihar arteko gantzaren balorazioa egiteko eta arteria-zurruntasunaren balorazio ez-inbaditzailea.

Topaketa NUPeko ISFOOD ikerketa-institutuak antolatu du, eta Jerónimo de Ayanz eraikineko (Arrosadiko campusa) hitzaldi aretoan izanen da, 9:45etik aurrera. Sarrera librea da, baina izena eman behar da aldez aurretik.

Sinposioari hasiera emateko, “PREFIT proiektua, Espainiako eskolaurreko ikasleen egoera fisikoa eta bizimodua: iragana, oraina eta etorkizuna” hitzaldia emanen du Francisco B. Ortega Porcel ikertzaile eta Granadako Unibertsitateko Kirol Zientzien Fakultateko katedradunak. Egun horretan zehar beste bi mahai-inguru ere eginen dira: “Ikasleen osasun kardiobaskularra eta metabolikoa” eta “Ikasleen osasun mentala”.