Joan eduki nagusira

NUPeko Gizarte Laneko Graduko laugarren ikasmailako ikasleek “Komunikazioa gizarte lanean eta nazioarteko lankidetzan” ikastaroko diploma jaso dute. Asociación Nuevo Futuro GKEarekin lankidetzan egin den ikaskuntza-zerbitzu esperientzia da. Jarduera “Kreamundos 2021. #redes+sociales” ekimenaren barnean dago: Herritartasun Globalerako Hezkuntza proiektu bat da, Nafarroako Gobernuak finantzatua eta aipatu elkarteak egina.

zoom Ikasleen talde argazkia irakasleekin, eta NUPeko eta Asociación Nuevo Futuro GKEko ordezkariekin.

Ikasleen talde argazkia irakasleekin, eta NUPeko eta Asociación Nuevo Futuro GKEko ordezkariekin.

Honako hauek izan ziren diplomak emateko ekitaldian: Begoña Pérez Eransus, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea; Inés Gabari Gambarte, Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa; Jon Echeverría, gizarte eta hezkuntza berrikuntzako proiektuen arduraduna, Asociación Nuevo Futuro GKEaren izenean; eta Javier Arza eta Javier Erro NUPeko Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasleak.

Osotara 16 ikaslek hartu dute parte jarduera horretan. Ikasleek 4. ikasmailako “Gizarte Lana eta Nazioarteko Lankidetza Garapenerako” aukerako irakasgaia egin dute, Javier Erro Sala irakasleak emana. Nuevo Futuroren aldetik, lankidetzan jardun dute Erika Martínez herritarrentzako hezkuntza-proiektuen teknikariak eta Montse Gómez garapenerako lankidetzako proiektuen teknikariak.

Gizarte laneko eta nazioarteko lankidetzako komunikazioari buruzko ikastaroa 7 saiotan egin da irailetik azarora bitartean, Iruñeko Gazteriaren Etxean.

Zehazki, komunikazio eta hezkuntza prozesuak analizatu eta diseinatu zituzten ikasleek, nerabe eta gazteekin gogoeta egin eta esku hartzeko Giza Eskubideen eta 2030 Agendaren gainean, bai eta loturak ezartzeko gizarte lanaren eta garapenerako nazioarteko lankidetzaren artean. Erabilitako metodologia Ikaskuntza eta Zerbitzu Solidarioarena izan zen, non ikasgelatik kanpo egindako jarduerak irakasgai barruan txertatzen baitira eta programa eta ebaluazio barnean baitaude.

zoom Begoña Pérez Eransus errektoreordea bere hitzaldiaren une batean, diplomak banatzeko ekitaldian.

Begoña Pérez Eransus errektoreordea bere hitzaldiaren une batean, diplomak banatzeko ekitaldian.

Ekintzaren bidez gai sozialei buruzko sentsibilizazio mezuak sortzen eta gizarte osoari transmititzen lagundu zuten ikasleek. Munduko eta Ipar-Hego harremanen arloko arazoak aztertu zituzten, eta nola ulertu errealitatearen ikuspegi kritiko batetik. Gazteriaren egitekoari buruz ere aritu ziren, gazteak izan daitezen informazioa sortuko dutenak eta beren kidekoak eta gizartea sentsibilizatuko dituztenak —gogoeta jarraituaren, edukien produkzioaren eta horien zabalpenaren bidez— eta komunikatzaile sozial bihur daitezen. Halaber, komunikazio sozialaren bidez eskubideak defendatzen dituzten pertsona eta gazteekin trukeak sustatzeko zeregina landu zuten, bai eta solidaritatearekin eta garapenerako nazioarteko lankidetzarekin lotutako jarduera publikoetan parte hartu ere.

Irakasgaiko irakasleak eta Asociación Nuevo Futuro GKEak batera koordinatu zuten jarraipen eta ebaluazio batzordea. Horrez gain, autoebaluazio prozesu bat egin zen esku hartu zuten ikasle guztiek parte hartuta.