Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Masterrean orain dauden ikaspostuak halako ia bi eskainiko ditu 2022-2023 ikasturtean, hau da, 120 ikaspostu izatetik 210 izatera pasatuko da. Gainera, hiru espezialitate berri izanen ditu masterrak: Hezkuntzako Orientazioa, Gorputz Hezkuntza eta Osasuneko Prestakuntza. Beste nobedade bat ere izanen da 2022-2023 ikasturtean: Genero, Emakume eta Berdintasun Gaietako Masterra emanen da lehenbizikoz. Masterretako aurreinskripzioa egiteko lehenbiziko epea 2022ko martxoaren 14tik apirilaren 29ra bitartekoa da, eta Unibertsitatearen webgunea erabiltzen ahal da horretarako.
Heldu den ikasturtean, unibertsitate masterreko 29 titulu ofizial eskainiko ditu NUPek guztira (haietako bat bikoitza), eta lanbide arauetan aritzeko gaitzen dute haietako bostek. Lehenbiziko matrikula 2022ko ekainaren 2an eta 3an eginen da, eta eskaintza osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.
Genero, Emakume eta Berdintasun Gaietako Masterrak 60 kreditu izanen ditu, bi seihilekotan banatuak, eta lehenagoko Generoko Espezializazio Diplomaren ordezkoa eta zabalpena da. Azken batean, genero ikasketetako eta teoria feministako prestakuntza ematea du helburua. Gainera, ikasleei prestakuntza emanen die ikerketa akademikorako eta genero ikuspegia txertatua duten diagnostikoak egiteko. Bestalde, masterra egiten dutenek berdintasuneko programak eta politikak diseinatzen, ezartzen, kudeatzen eta ebaluatzen ikasiko dute, bai eta politika publikoetan generoaren ikuspegia zeharka aplikatzen ere.
Masterren eskaintza osoa eskola eta fakultateen arabera
Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoak (IITIGMET) master hauek eskainiko ditu heldu den ikasturtean: Proiektuen Zuzendaritza; Energia Berriztagarriak: Sorkuntza Elektrikoa; Ingeniaritza Biomedikoa; Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritza; Ingeniaritza Mekaniko, Aplikatu eta Konputazionala; Modelizazio eta Ikerketa Matematikoa, Estatistika eta Konputazioa; Informatika Ingeniaritza, eta lanbide batean aritzeko gaitzen dutenak: Telekomunikazio Ingeniaritza eta Industria Ingeniaritza. Industria Ingeniaritzako eta Enpresen Zuzendaritzako Unibertsitate Master Bikoitza ere badauka (lanbide batean aritzeko gaitzen duena).
Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoaren kasuan (NIGMET), titulu hauek eskaintzen dira: Ingurumen Nekazaritzako Biologia; Nekazaritza Ingeniaritza, lanbide batean aritzeko gaitzen duena; Enologia Berritzailea; Kimika Sintetikoa eta Industriala; Informazio Geografikoko Sistemak eta Teledetekzioa; Lurzoruen eta Uren Kudeaketa, eta, azkenik, Nekazaritzako Elikagaien Industrietako Teknologia eta Jasangarritasuna.
Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak master hauek eskaintzen ditu: Enpresen Zuzendaritza; Enpresen Kudeaketa, Antolaketa eta Ekonomia; Ekonomia Zirkularra eta Informazio Sistema Integratuen bidezko Prozesuen Kudeaketa (ERP).
Osasun Zientzien Fakultatean, berriz, Osasun Zientzietako Ikerketa eta Osasun Publikoa.
Zientzia Juridikoen Fakultateak hiru master eskainiko ditu: Abokatutzarako Sarrera, lanbidean aritzeko gaitzen duena; Ondare Zuzenbide Pribatua, eta Lan Arriskuen Prebentzioa.
Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, berriz, bi hiru hauek: Bigarren Hezkuntzako Irakasletza (lanbiderako gaitzen duena); Gizabanako, Familia eta Taldeekiko Esku-hartze Soziala; eta master berria, Genero, Emakume eta Berdintasun Gaietakoa.