Ramo Barrena Figueroa Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendaria (NIBGMET) eta Javier Goicoechea Fernández Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendaria (IITIGMET) nazioarteko kalitateko EUR-ACE® eta EURO-INF zigiluak jasotzera joan dira, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikastegi horien mende dauden masterretako lauk lortu baitute. Masterretako hiruk lehen aldiz jaso dute zigilua, eta laugarrenari berritu egin diote.
Zehazki, Industria Ingeniaritzako Masterrak eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Masterrak jaso dute EUR-ACE® aitormena, eta Nekazaritza Ingeniaritzako Masterrari berritu diote. Bestalde, Ingeniaritza Informatikoko Masterrak lortu du EURO-INF zigilua. Aipatutako akreditazio horien helburua ingeniaritza irakasten duten ikastetxerik hoberenak nabarmentzea da, Europako estandarrei jarraikiz prestakuntza akademikoaren kalitatea bermatzeko.
Hiru aintzatespen berri horiekin, eta unibertsitateak jadanik zituen era horretako beste zazpiekin batera, NUPek hamar zigilu ditu guztira graduko eta masterreko ikasketetan. Hain zuzen, honako hauek dira lehendik zigiluren bat duten ikasketak, aipatutako Nekazaritzako Ingeniaritzako Unibertsitate Masterraz gainera: Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Gradua, Ingeniaritza Mekanikokoa, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzakoa, Industria Teknologien Ingeniaritzakoa eta Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzakoa. Ingeniaritza Informatikoko Graduak, bestalde, bazuen lehendik EURO-INF zigilua.
Zigiluak banatzeko ekitaldia Amerikako Etxean egin zen, Madrilen, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak antolatua (ANECA), eta, bertan, Espainiako beste 32 unibertsitatek jaso zituzten halako akreditazioak.
Ingeniaritzako kalitate handiko programak
EUR-ACE® zigilua nazioartean dago aitortua, eta aukera ematen du Europan ingeniaritzako kalitate handiko programak identifikatzeko. Baimendutako akreditazio agentzia independente batek ematen du ziurtagiri hori, ENAEE agentziak alegia (Ingeniaritzako Hezkuntza Akreditatzeko Sare Europarra).
EUR-ACE® zigiluak zenbait abantaila ematen ditu lan arloan. Ingeniaritzako graduen izenen dibertsitateak eta horiek ematen dituzten unibertsitateen kopuru handiak nahasmena sortzen ahal diete ingeniari lehiakorrak kontratatzeko premia duten enpresei. Zigilu horri esker, enplegatzaileek informazio argia dute bereizteko zein tituluk betetzen dituzten mundu osoan aitortutako nazioarteko kalitate-estandarrak. Izan ere, EUR-ACE® zigilua duten tituluetako graduatuak EUR-ACE® graduatuak direla esaten ahal da.
Gainera, aitormen horrek aukera ematen die NUPeko egresatuei maila gorenean trebatzen jarraitzeko, bidea ematen baitie EUR-ACE® zigilua duten Europako masterrik hoberenetan sartzeko, ezinbestekoa baita zigilu bera duen gradu batetik etortzea.
Aldi berean, profesional horiek mugikortasun handiagoa dute Europar Batasunean eta Europar Batasunetik kanpo, kualifikazio profesionala aitortzen zaie eta. Hala, Ingeniaritzako Elkarte Nazionalen Federazio Europarrak EUR-ACE® zigilua duten tituluak sartu ditu EUR ING izendapena duten tituluen direktorioan (“European Engineer” edo Ingeniaritza Europarra).
Ingeniaritza informatikorako zigilua
Bestalde, EURO-INF zigilua ingeniaritza informatikako graduko eta unibertsitate masterreko tituluei ematen zaien ziurtagiri bat da. Hori lortzeko, estandar jakin batzuen arabera ebaluatzen dituzte, Europako Unibertsitate Eremuan (EUE) ezarritako kalitate, garrantzia, gardentasun, aitorpen eta mugikortasun printzipioak kontuan hartuta.
2009az geroztik, European Quality Assurance Network for Informatics Education (EQANIE) izeneko elkartea arduratzen da EURO-INF zigilua emateko prozesua arautzeaz. Zigilu hori nazioartean aitortua dago, eta bai mugikortasun akademikoa bai profesionala egiteko erraztasunak ematen ditu, aukera ematen baitu Europan eta Europatik at kalitate handia duten informatikako programak identifikatzeko.