Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) 2021-2022 ikasturtean graduko ikasketak egiteko aurreinskripzio arrunterako epea ekainaren 11n hasiko da, ostirala, 09:00etan, eta uztailaren 1ean bukatuko da, osteguna, 14:00etan. Onartuen zerrenda uztailaren 5ean jarriko da jendaurrean, eta matrikula uztailaren 19an eta 20an gauzatuko da. Batxilergoa, Lanbide Heziketa edo unibertsitateko titulazioa duten ikasleek Interneten bidez egin beharko dute aurreinskripzioa, eta hurrengo ikasturtean egin nahi dituzten titulazioak adierazi, gehienez ere sei, lehentasun hurrenkeraren arabera.

zoom Preinscripción

Ikasle batzuk NUPen.

NUPek 2.045 ikaspostu ditu hurrengo ikasturterako, bere 25 graduetan eta sei gradu bikoitzetan banatuta. Aurten, NUPek hizkuntzak ikastearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, eta, horretarako, nazioarteko programez gain, beste batzuk eskaintzen ditu honako hauek lantzeko: ingelesa (English Learning Programme, gehienez C1 maila lortzeko aukera ematen duena), frantsesa (Programme d'Apprentissage du Français, B1 edo B2 gehienez) eta alemana (Programm für DaF, B1 gehienez). 

Hizkuntza horiek NUPeko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian ikasten ahal dira, eta graduetako batzuekin bateragarriak dira. Horrez gain, graduko prestakuntza aldi berean egin daitezkeen titulu berekiekin osa daiteke. Ikasketa horien eskaintza osoa eta graduak, hizkuntzak eta titulu berekiak konbinatzeko aukera guztiak Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahal dira.

Hizkuntzen garrantzia unibertsitateko prestakuntzan

NUPek lan-jardueran gaztelania ez den beste hizkuntza batzuk erabiltzeari buruz egindako azken inkestaren arabera, ingelesa da gehien erabiltzen dena (egunero, maiz edo noizean behin erabiltzen dutenak % 61 dira guztira), ondoren euskara (% 25,8), frantsesa (% 7,3) eta alemana (% 4,1).

Hala ere, hizkuntza bat edo bestea erabiltzeko maiztasuna aldatu egiten da titulazioaren arabera. Hala, Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko tituludunen % 35,4k egunero erabiltzen dute euskara lan-jardunean, eta ingelesa % 30,9k. Bestalde, Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko tituludunen artean egunero erabiltzen dute ingelesa % 34,4k, eta maiz % 23,6k; euskara, aldiz, inkestatutakoen % 2,6k erabiltzen du egunero.

Osasun Zientzien Fakultateko tituludunen artean, euskara %19,4k erabiltzen dute egunero, eta ingelesa %1ek, egia bada ere ingelesa noizean behin erabiltzen dutenak % 37,8 direla, eta euskararen kasuan, berriz, %20,4. Bestalde, Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoan graduatzen direnei dagokienez, % 14,3k erabiltzen dute euskara egunero, eta % 2,4k maiz; eta, ingelesaren kasuan % 9,5ek egunero eta % 28,6k maiz.

Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko tituludunen artean, ingelesa % 26,8k erabiltzen dute egunero, eta euskara, berriz, % 4,7k. Azkenik, Zientzia Juridikoen Fakultatean graduatzen direnen artean, ingelesa da gehien erabiltzen den hizkuntza (% 6,5ek egunero erabiltzen du).

Inkesta honetan parte hartu zutenak ikasketak amaitu eta bi urtera elkarrizketatu zituzten. Zehazki, 848 lagunek osatu zuten lagina, 1.124ko helburuko populazio batetik. Lagin horren errore-marjina % 1,67koa izan zen, eta konfiantza maila, berriz, % 95,5ekoa.