Nafarroako Foru Komunitatean Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) urtero antolatzen duen Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioa (USEa) ekainaren 2an, 3an eta 4an izanen da aurten Iruñeko eta Tuterako campusetan. Iruñearen kasuan, Arrosadiko campuseko Ikasgelategia eta Sario eraikina erabiliko dira, baita Osasun Zientzien Fakultatea ere (Barañaingo etorbidean du egoitza).
Azterketa-eredua iazkoaren berdin-berdina izanen da, eta, aurreko deialdian bezala, osasun- eta hezkuntza-arloko agintariek COVID-19a prebenitzeko ezarritako gomendioei jarraituko zaie. Laburbilduz, nahitaezkoa izanen da pertsonen arteko distantzia mantentzea, instalazio guztietan eskuragarri egonen diren gel hidroalkoholikoekin eskuak maiz garbitzea eta une oro maskara erabiltzea.
Iaz bezala, ezin izanen dira ikastegietan sartu COVID-19arenak izan daitezkeen sintomak dituzten pertsonak, gaixotasuna diagnostikatua duten eta bakarraldi nahitaezkoa bukatu ez dutenak, ez eta COVID-19a diagnostikatua duen edo gaixotasuna bera duen norbaitekin harreman estua izateagatik etxean bakarturik daudenak ere. Era berean, probarik egin behar ez dutenak ezin izanen dira egoitzetara sartu, laguntza behar duten ikasleen laguntzaileak izan ezik. Osasun-protokoloa laster egonen da eskuragarri Unibertsitatearen webgunean, eta ikastetxeetara bidaliko da.
Azterketak egiteko matrikularako epea maiatzaren 3an zabalduko da, astelehena, eta maiatzaren 25era arte egonen da zabalik. Probei buruzko informazio guztia Unibertsitatearen webgunean aurki daiteke. Horretaz gainera, NUPek jada bidali du ikastetxeetara behar den informazioa, 2020-21 ikasturteko USEaren datuak dituena.
Azterketaren egitura, iazkoaren berdin-berdina
Esan bezala, azterketak iazko egitura bera izanen du; izan ere, ikasturte berezia izan zenez, nobedade gisara, aurreko deialdietan baino aukera gehiago eman zitzaizkien ikasleei erantzuteko.
Joan den ikasturtean adierazi bezala, ikasleei gomendatzen zaie ariketen oharrak arretaz irakurtzeko, adierazitako galdera kopuruari bakarrik erantzuteko, erantzundako galdera edo galderak behar bezala etiketatzeko eta probak egin baino lehen azterketaren egiturari eta zuzentzeko irizpideei ongi erreparatzeko. Informazio guztia Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.
Azterketa bakoitzak, beti bezala, 90 minutu iraunen du. Proben emaitzak ekainaren 10etik aurrera emanen dira ezagutzera, eta deialdi berezia 2021eko ekainaren 23an, 24an eta 25ean izanen da.
Probak nola eginen diren
Proba egiteko matrikulatu diren ikasleak 7 epaimahaitan daude banatuta; horietatik 6 Iruñean (horietako bi euskarazkoak), eta zazpigarrena Tuteran. Iruñeko epaimahaiek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren instalazioetan izanen dute egoitza (Sario, Osasun Zientzien campusa eta Ikasgelategia).
USE probak bi fase ditu: nahitaezkoa eta borondatezkoa. Lehenbiziko fasean, ikasleek Batxilergoko modalitate guztietako hiru irakasgai komunetako azterketak eginen dituzte (Gaztelania eta Literatura, Espainiako Historia eta Atzerriko Hizkuntza, zeina Ingelesa, Frantsesa edo Alemana izan baitaiteke eta atzerriko lehen edo bigarren hizkuntza izan ikaslearentzat). Nafarroan, A eta D hizkuntza-ereduetakoek beste azterketa bat egin beharko dute: Euskara eta Literatura. Horrez gainera, beste proba bat eginen dute: Batxilergoko beren modalitatean egin duten enborreko irakasgaiari dagokiona. Zientzietakoa Matematika II izanen da; Giza eta Gizarte Zientzietakoa, Latina II edo Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika II; eta Arteetakoa, Artearen Hastapenak II.
Azterketa horietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da. Ikasleak USE proba gaindituko du baldin eta batez besteko nota horren % 40 eta Batxilergoko espedienteko batez besteko notaren % 60 ponderatuta 5 puntuko nota edo handiagoa lortzen bada (10etik). Ponderazioa egiteko, nahitaezko faseko azterketetako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoak 4 puntukoa edo handiagoa izan behar du (10etik). Ikasleak proba gainditzen badu, betiko izanen du nota hori.
Azterketa-egutegia lau egunetarako
2021eko ekainaren 2an hasiko dira azterketak, asteazkenean: 09:30ean, Gaztelania eta Literatura II, eta, 12:00etan, Espainiaren Historia. Arratsaldean, 16:00etan hasiko da Ingeleseko proba, eta 18:30ean, berriz, Frantsesekoa eta Alemanekoa.
Ekainaren 3an, osteguna, azterketa hauek eginen dituzte ikasleek: 08:30ean, Euskara eta Literatura II (A eta D eredukoek); eta, 11:00etan, Matematika II, Latina II eta Artearen Hastapenak II. Arratsaldean, 15:00etan, Gizarte Zientziei aplikaturiko Matematika II eta Biologia; 17:30ean, aldiz, Marrazketa Teknikoa II, Enpresaren Ekonomia eta Arte Eszenikoak.
Ekainaren 4an eginen dira azkeneko azterketak, ostiralean: 08:30ean, Filosofiaren Historia; eta, 11:00etan, Fisika, Greziera II eta Ikus-entzunezkoen Kultura II. Azkenik, 15:00etan Kimikako eta Artearen Historiako azterketa eginen da, eta 17:30ean, Geologiakoa, Geografiakoa eta Diseinukoa.