Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) azaroaren 16ko 14:30 arte du zabalik deialdia Unibertsitateko komunitateko kideek proiektu kulturalak proposatzeko. Aukeratzen diren jarduerak Unibertsitatearen 2021eko programazio kulturalean sartuko dira.

zoom ProyectosCulturales

NUPen egindako jardueretako bat.

 

Proiektuek balio hauek sustatu behar dituzte: sormena, berrikuntza, errespetua, enpatia, dibertsitatea, guztien ongizatea, elkartasuna, berdintasuna, ekitatea, bizimodu osasungarria, jasangarritasuna, eta, oro har, ingurunearekiko ardura. Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahal dira deialdiaren oinarri guztiak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa ofizial eta ez-ofizialetan matrikulatuta dauden ikasleek hartzen ahal dute parte (baita gradu, master edo doktoretza amaierako lana egiteke badute ere), eta irakasle eta ikertzaileek (I-I) eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek ere bai (AZL), eta bakoitzak bere izenean edo talde batenean aurkezten ahal ditu proiektuak.

Parte-hartzaile bakoitzak ziurtatu behar du bera dela aurkezten duen proiektuaren egilea eta jatorrizkoa dela proposamena, eta bere gain hartu behar ditu horrek ekartzen ahal dituen erantzukizunak.

Hautatzeko irizpideak

Ebaluazio Batzorde batek ebaluatu eta hautatuko ditu proiektu finalistak. Hona hemen baloratuko diren irizpide batzuk: irabazi asmorik gabeko proiektua izatea, interesgarria izatea Unibertsitatearentzat, originala izatea, lotura izatea Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 17 helburuetako batekin, berritzailea izatea, eta Unibertsitateko komunitateko kideen parte hartze handiagoa bultzatzea, ikasleena batez ere.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak duen aurrekontuaren mende egonen da proiektuen gauzatzea. Proposamen-egileek aukera izanen dute proiektuak garatzen eta kudeatzen elkarlanean aritzeko Kulturako eta Kiroletako Unitatearekin, baldin eta jarduera-proposamenean hala jaso bada.