Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) NUPeko Alumni Nabarmenaren Sariaren bosgarren ediziorako eta  Erakunde Nabarmenaren Sariaren laugarren ediziorako deialdia egin du. Bi kasuetan, hautagaiak ekainaren 26a baino lehen aurkeztzen ahalko dira (lehenbiziko kasuan, interesdunak edo hirugarren batek proposaturik, eta bigarrenean, unibertsitateak proposaturik). Alumni sariaren bidez, pertsona egresatuen ibilbide pertsonala eta profesionala bereizi nahi dira, eta erakundearentzako sarian, berriz, erakunde, enpresa edo erakundeek Unibertsitatearekin dituzten lankidetza-praktika onak aintzatestea da helburua. Bi sarien oinarriak Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahal dira. 

zoom Jose Antonio Hoyos

Azken edizioko alumni nabarmena, José Antonio Hoyos, errektorearekin batera argazkia ateratzeko jarrita saria emateko ekitaldian.

Aipatu denez, Alumni Nabarmenaren Sarian, interesdunak edo hirugarren batek aurkezten ahalko du hautagaitza, betiere izangaiak betekizunak betetzen baditu.   Erakunde bereiziaren kasuan, prozedura desberdina da; izan ere, Unibertsitateko zuzendaritza-kontseiluak, haren zentroek, ikerketa-institutuek edo kontseilu sozialak, beren ekimenez edo NUPeko langile iraunkorrek proposatuta, Unibertsitatearekin edo Unibertsitatea-Gizartea Fundazioarekin lankidetza formaleko akordioren bat duten edo izan duten eta aipatutako helburuak betetzen dituzten erakundeak proposatzen ahal dituzte hautagai gisa.  

Hautagai-zerrendekin batera aurkeztu behar diren agiriak posta elektronikoz bakarrik aurkez daitezke helbide honetan: a3u@unavarra.es.  

Beharrezko dokumentazioa eta aurreko deialdietako saridunak 

Alumni Nabarmenaren Sarian, dokumentu hauek aurkeztu behar dira: aurkezpen gutun bat, curriculuma eta ohar labur bat, hautagaiaren ibilbide pertsonalean eta profesionalean NUPek izan duen garrantzia azalduko duena.    

Erakunde Nabarmenaren Sarian, erakundea proposatzen duenak honako hauek identifikatu beharko ditu argi eta garbi: sarira aurkezten diren jardubide egokiak eta parte hartzen duten subjektuak, bai eta behar bezala egiaztatutako merezimenduak ere. Diru zuzkidurarik gabeko ohorezko aintzatespena da saria bi kasuetan. 

Aurreko urtean, José Antonio Hoyos ingeniariari eman zioten Alumni Nabarmenaren Saria Indiako gazte behartsuekin egindako lanagatik, eta, Erakunde Nabarmenaren Saria, berriz, Grupo AN enpresari eman zioten.