Telekomunikazio ingeniaritzako egresatua da eta Vicente Ferrer Fundazioak Anantapurren duen eskolan lan egiten du egun (India)
Nafarroako Unibertsitate Publikoak NUP Alumni Nabarmenaren I. Sariaren deialdia egin du, Unibertsitatearen ikasle ohiek hainbat lan-eremutan eduki duten ibilbidea saritzeko. Laugarren saria José Antonio Hoyos Castañedarentzat izan da (Burgos, 1973). NUPeko Telekomunikazio ingeniaria da (1997), eta Anantapurreko Vicente Ferrer Fundazioarentzat egiten du lan (Indian), kasta baztertuetako gazteei eta familia txiroei hizkuntzak eta komunikazio trebetasunak irakasten dizkien eskola profesional bateko koordinatzaile lanetan.
Epaian, epaimahaiak adierazi duenez, “bere ibilbide profesionaleko meritu garrantzitsuengatik eta izaera sozialeko eta lan humanitarioko beste batzuei egindako ekarpenengatik” eman diote saria José Antonio Hoyosi. Sarituak, bestalde, esan du harro dagoela trebakuntza NUPen jaso izanaz, eta oso garrantzitsuak direla ikasle garaiko ikaskuntza akademikoak eta pertsonalak.
José Antonio Hoyos Castañedak esan digunez, hainbat zereginetan aritu da bere ibilbide profesionalean, hala nola "soldatapeko arrunt, enpresaburu, autonomo, langabe, boluntario eta, egun, kooperante". Ibilbide profesionalaren hasieran, bi multinazionaletan egin zuen lan, eta "enpresako autoa eta kreditu txartela izan nituen urte askoan, baita soldata ona, komisio oparoak eta bidaia ordainduak ere".
Gero, autonomo aritu zen, eta orduan hasi zen sumatzen "barrena zimeltzen" ari zitzaiola edo halako zerbait. "Orduan erabaki nuen dena saldu eta Tanzaniara joatea Born to Learn GKEko boluntario gisa". Afrikako herrialdean bi urtez aritu zen haurtzaindegiko haurrei batuketak eta kenketak eta irakurtzen eta idazten irakasten. 2015ean, Vicente Ferrer Fundazioan hasi zen lanean, Indian, fundazioaren School of Foreign Languages eskolan. Gaur egun, eskola horretako koordinatzaile-lanetan ari da. Kasta eta familia pobreetako haurrentzako ikastetxea da, eta han hizkuntzak ikasteko aukera dute (ingelesa, frantsesa, alemana eta espainiera), informatika eta kontabilitatea. "Ikasleen % 95ek lana aurkitzen dute hurrengo lau hilabeteetan. Harrigarria eta oso aberasgarria da", ziurtatu du.
Bestalde, azaldu duenez, Vicente Ferrer Fundazioak jasotako 2017ko Brunet Sariaren zuzkidura osoa lan egiten duen eskolari eman zitzaion, eta ikasleak nabarmendu du “diru horren erabilera egokiaren lekuko eta eragile pribilegiatua izan dela, eta eskolako ikasleen eta haien familien bizimoduari mesede handia egin diola ere”.
NUP Alumni Nabarmenaren Sariaren helburua da unibertsitate komunitateari, bereziki, eta gizarteari, oro har, ezagutzera ematea zenbateko garrantzia duen unibertsitate prestakuntzak egresatuen garapen pertsonal eta profesionalean, eta, beraz, zer onura ekartzen dituen Unibertsitatean egiten den inbertsio publikoak.
Ekimenaren beste helburu bat da NUPen eta bere ikasle ohien arteko harremana bultzatzea, eta denok instituzio beraren parte garelako sentimendua indartzea. Sari hau lortzen duten pertsonen adibideak balio izanen du beren etorkizun profesionalaren kezka daukaten ikasleen pizgarri izateko, baita Unibertsitateak etorkizun horretan jokatzen duen papera nabarmentzeko ere. Ohorezko sari bat da, eta ez dauka esleipen ekonomikorik.
Sariketaren epaimahaiko burua Cristina Bayona Sáez izan da, Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea; epaimahaikideak, berriz, Joaquín Ansa Erice, NUPeko Gizarte Kontseiluko burua; Unai Hualde Iglesias, Nafarroako Parlamentuaren presidentea; Rafael Rodríguez Trías, NUPeko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskolako zuzendaria; Iosune Pascual Azcárate, Unibertsitate-Gizarte Fundazioko kudeatzailea; Tomás Rodríguez Galarza, Nafarroako Gobernuko Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, eta Idoya Zabaleta Arregui, A3U programaren zuzendaria.