Joan eduki nagusira

zoom LyDER programako ikasleetako batzuk José F. Alenzarekin (Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa eta programaren arduraduna) eta Manuel Loureiro idazlearekin

LyDER programako ikasleetako batzuk José F. Alenzarekin (Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa eta programaren arduraduna) eta Manuel Loureiro idazlearekin

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zientzia Juridikoen Fakultateko 40 ikaslek hartu dute parte ikasturte honetan LyDER Programan (Literatura eta Zuzenbidea). Programako bosgarren promozioko graduazio ekitaldia izan zen berriki. Aurten, hamar ikasle graduatu dira. Ekitaldian, Manel Loureiro idazle eta abokatuak hitz egin zuen bosgarren promozioaren aitabitxi gisa. Idazlea zenbait libururen egilea da, honako hauena adibidez: “Apocalipsis Z”, “Fulgor” edo “Veinte”. Ikasturte bakoitzean, LyDER programaren segimenduan une desberdinetan dauden ikasleak eta programaren bukaeran daudenak elkartzen dira.

LyDER ekimenak “Zuzenbidea besterik ez dakienak Zuzenbidea ere ez daki” leloa dauka, eta José F. Alenza García NUPeko Zientzia Juridikoetako dekanoak bultzatua da. Irakurgai plan bat dauka, graduko lau ikasmailetan banatua, eta ikasleek irakurgaiei buruz eztabaidatzen dute mintegietan, betiere lagungarria izan dadin giza jakintzan eta balioetan oinarritutako prestakuntza emanez ikasleen hezkuntza integralerako. Aipatutako irakurketez gainera, ohiz kanpoko mintegiak ere eskaintzen dira programan. Orain arte, literatura fantastikoa eta zuzenbidea izan dute aztergai, besteak beste, “Tronuen jokoa” eta “Eraztunen jauna” sagetan eta Eduardo Mendozaren "Savolta kasuari buruzko egia” lanean, eta Franz Kafkaren nobela batzuetan ere sakondu dute, hala nola “Prozesua” eta “Gaztelua” izenburukoetan.

Manuel Loureiroren hitzaldia

Manel Loureirok “De abogado a escritor: cómo contar historias (y que los demás se las crean)” izenburuko hitzaldia eman zuen, eta, alde batetik, abokatutzan, zenbait urtez izan zuen lanbidean, nola hasi zen kontatu zuen. Azaldu zuen abokatutzan egitateak eta bezeroen eskaerak istorio sinesgarri baten bidez azaldu behar zirela epaitegietan. Testuinguru horretan, bere hastapen profesionalei buruzko bitxikeria batzuk kontatu zituen, eta nola ikasi zuen ofizioa, harik eta egun batean deseroso sentitzen hasi zen arte istorio horiek kontatzean forma prozesalen mugengatik eta foroko hizkuntza artifizialarengatik.

Manel Loureirok kontatu zuen zonbien istorio bat idazten hasi zela blog batean, formen eta erabilera juridikoen zurruntasuna baztertzeko asmoz. Bere harridurarako, irakurle kopurua modu esponentzialean hazi zen milioi bat irakurleren kopurua gainditu arte. Orduan jaso zuen argitaletxe baten deia bere istorioak liburu gisa argitaratzeko. Liburuak arrakasta izan zuen, eta beste bi gehiago argitaratu ziren “Apocalipsis Z” trilogia osatzeko. Gero, “Fulgor”, “Veinte” eta “El último pasajero” nobelak idatzi zituen. Azken horrek arrakasta izan zuen Estatu Batuetan.

Nobelagileak nobela bakoitzaren eta idazle lanaren nondik norakoen berri eman zuen bi alderdi bereiziz: artisau lana (liburua idaztea) eta lan industriala (liburua saltzea).

LyDER Programa eta literatura lanen hautaketa

LyDER programa 2010ean jarri zen abian, eta “gozaraziz irakasteko” asmoarekin sortu zen, José F. Alenzaren esanean. Prestakuntza jarduerak helburu hau zuen: “Prestakuntza jaso baterako bidea ematea, ikasleari gaitasuna eman diezaion errealitatea kritikoki interpretatzeko eta gizartearen bilakaerara egokitzeko”, esan du Alenzak.

Irakurgai planak nahitaezko hogeita hamar bat lan dauzka (aukerako beste lan batzuez gainera): lehenik, Cervantes, Shakespeare eta Espainiako Urrezko Mendeko idazle batzuk (Calderón de la Barca, Lope de Vega); gero, XIX. mendeko beste batzuk (Poe, Sthendal, Stevenson, Dostoievsky, Dickens, Balzac, Galdós, Benavente); aurrerago, XX. mendeko idazle batzuk (Camus, Kafka, Golding, Orwell); eta, azkenik, idazle garaikideak (García Márquez, Vargas Llosa, Eduardo Mendoza, Javier Marías, Jesús Sánchez Adalid edo Juan Manuel de Prada).

Seigarren promozioko ikasle graduatuak

Ikasle hauek graduatu dira seigarren promozioan: Amaiur Cisneros Murugarren, Raquel Díaz Zudaire, Karen González Jiménez, Ángela María Hincapie Hincapie, Sandra Iglesias López, Gabriela Lacunza Arraiza, Marta Lázaro Echavarren, Iranzu Maiora Berrio, Paula María Pomares Tablado eta Unai Urtasun Villabona.