“Yo quiero ser científica” antzezlana sortu eta antzezten duten irakasleak. Ezkerretik eskuinera: Gurutze Pérez Artieda (Maria Sibylla Merian), Marisol Gómez Fernández (Emmy Noëther), Leyre Catalán Ros (Hipatia de Alejandría), Silvia Díaz Lucas (Hedy Lamarr), Idoia San Martín Biurrun (Edith Clarke), Edurne Barrenechea Tartas (Ada Lovelace), Aránzazu Jurío Munárriz (Klara Von Neumann), Alicia Martínez Ramírez (Sofia Kovalévskaya) eta Patricia Aranguren Garacochea (Marie Sklodowska-Curie), antzezten dituzten zientzialari historikoen antzera jantzita, emanaldietako baten hasieran.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) “Emakume zientzialaria izan nahi dut” lehiaketaren I. edizioa antolatu du, ikasturte honetan izen bereko antzezlana ikustera joan diren ikastetxeetako ikasleek bertan agertzen diren iraganeko edo egungo zientzialariekin loturiko lan bat egin dezaten; lan hori idazlana, marrazkia, bideoa edo bestelako formatu bat izan daiteke. Lehiaketa honetan bi sari kategoria izanen dira. Lanak ekainaren 15era arte aurkezten ahalko dira. Orain arte, Nafarroako 24 ikastetxe, ikastola eta institututako ia 2.100 ikaslek ikusi dute Iruñeko Planetarioan NUPeko bederatzi emakume irakaslek idatzitako eta antzeztutako ikuskizuna. Dagoeneko programatu dira apiril eta maiatzerako doako emanaldiak.
Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzak antolatu du lehiaketa, eta bi sari modalitate ditu: bata, ikasturte honetan Lehen Hezkuntzako 3., 4. eta 5. mailetan matrikulatutako ikasleentzat eta, bestea, Lehen Hezkuntzako 6. mailan eta DBHko 1.ean matrikulatutakoentzat. Modalitateetako bakoitzean bi sari kategoria daude: lehen saria (tableta elektroniko bat) eta bi accesit (NUPeko sustapen materiala). Gainera, saritutako ikasleen ikastetxeek liburu sortak jasoko dituzte.
Lan motak
Lehiaketaren oinarrien arabera, emanaldietara joan diren ikastetxeetako bakoitzak bi lan aurkezten ahalko ditu gehienez ere kategoria bakoitzeko. Lanek “Yo quiero ser científica” antzezlanaren gaiarekin loturik egon behar dute. Hala, parte-hartzaileek antzezlanaren lehen zatian agertzen diren iraganeko zientzialariak edo gaur egungoak har ditzakete gaitzat. Lanaren formatua askotarikoa izan daiteke: idazlana, gehienez ere folio baten bi orrialdeko luzerakoa, marrazkia, bideoa, edo ikastetxeko irakasleek egokitzat jotzen duten beste zeinahi formatu.
Lanek originalak edo argitara eman gabeak izan behar dute. Epaimahaiak balorazio irizpide hauek erabiliko ditu: sormena (lanaren originaltasuna eta nola erabili diren baliabideak jendearen interesa pizteko), edukia (mezua eta erakutsitako ezagutzen sakontasuna) eta kalitatea (aurkezpena eta nola eman den lana).
Lehiaketaren oinarriei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunea.
Iraganeko eta egungo emakume zientzialariak
“Yo quiero ser científica” antzezlanean, NUPeko ingeniaritzako zenbait titulaziotan eskola ematen duten bederatzi emakume irakaslek aurreko mendeetako emakume zientzialarien bizitza eta lana berreskuratu dituzte. Hipatia Alexandriakoa, matematikaria, astronomoa eta filosofoa (IV.-V. mendeak); Maria Sibylla Merian, entomologoa eta margolaria (1647-1717); Ada Lovelace (Ada Byron izenaz ere ezaguna), matematikaria eta lehen informatikaria (1815-1852); Sofia Kovalévskaya, matematikaria eta astronomoa (1850-1891); Marie Sklodowska-Curie, kimikaria eta fisikaria (1867-1934); Emmy Noëther, matematikaria (1882-1935); Edith Clarke, ingeniari elektrikoa (1883-1959); Klara Von Neumann, informatikaria (1911-1963); eta Hedy Lamarr, telekomunikazio ingeniaria (1914-2000).
Bederatzi emakume irakasleek sortu eta interpretatzen duten antzezlanak emakume zientzialariak agerian jarri nahi ditu, batetik, zientziaren historiaren parte ezezagun bat gogora ekartzeko, eta, bestetik, neska gazteak zientziaren eta teknologiaren arloko emakume gailenekin identifika daitezen, eta inspirazio iturri gisa har ditzaten.
Hauek dira proiektuan esku hartu hartu duten ikertzaileak: Patricia Aranguren Garacochea (doktorea Industria Ingeniaritzan), Edurne Barrenechea Tartas (doktorea Ingeniaritza Informatikoan), Leyre Catalán Ros (doktoretzako ikaslea Komunikazioetako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Teknologiak programan Tecomber), Silvia Díaz Lucas (doktorea Telekomunikazio Ingeniaritzan), Marisol Gómez Fernández (doktorea Matematikan), Aránzazu Jurío Munárriz (doktorea Ingeniaritza Informatikoan), Alicia Martínez Ramírez (doktorea Telekomunikazio Ingeniaritzan), Gurutze Pérez Artieda (doktorea Industria Ingeniaritzan eta ekimenaren arduraduna) eta Idoia San Martín Biurrun (doktorea Industria Ingeniaritzan). Guztiek NUPeko ikerketa institutuetako bitan egiten dute lan: Smart Cities Institutuan (ISC) eta Material Aurreratuen Institutuan (InaMat).
Ia 2.100 ikaslek ikusi dute antzezlana
Nafarroako 24 ikastetxetako ia 2.100 ikaslek ikusi dute “Yo quiero ser científica” antzezlana, joan den urteko urrian, azaroan eta abenduan eta aurtengo otsailean egindako hamar emanalditan. Halere, ikastetxeentzako beste sei emanaldi antolatu dira Iruñeko Planetarioan, eta horietako bi dagoeneko bete dira. Beraz, ikastetxe, ikastola edo instituturen batek interesa badu oraindik toki libreak dituzten apirilaren 3ko eta maiatzaren 6ko eta 22ko emanaldietara joateko, NUPen webgunean eman dezake izena, dohainik.
Proiektuak Nafarroako Gobernuaren babesa jaso du, baita Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioko Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioren (FECYT) finantzaketa ere.