

Alicia M. Sintes, LIGO nazioarteko proiektuan parte hartzen duen talde espainiar bakarreko ikertzaile nagusia.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) grabitazio-uhinei buruzko jardunaldi bat antolatu du azaroaren 9an, ostiralean. Grabitazio-uhinak leku-denboraren dimentsioak aldatzen dituzten perturbazio txikiak dira, eta indar handiko fenomeno astronomikoak dituzte sorburu, hala nola zulo beltzen arteko talkak eta neutroi-izarrak. Gonbidatutako hizlarien artetik, nabarmentzekoa da Alicia M. Sintes Olives, LIGO nazioarteko proiektuan (laser-interferometriaren bidez grabitazio-uhinak aztertzeko behatokiaren siglak ingelesez) lan egin duen lehenbiziko talde espainiarreko ikertzaile nagusia. Behatoki horrek detektatu zituen aurreneko aldiz Albert Einsteinek ehun urte lehenago iragarritako grabitazio-uhinak, eta hemezortzi herrialdetako mila ikertzaile inguru biltzen ditu. Saioan parte hartuko duen beste aditu bat César García Marirrodriga aeronautika-ingeniaria da, grabitazio-uhin horiek detektatzeko xedez espaziora zunda bat bidaltzeko lehenbiziko proiektuaren zuzendaria Europako Espazio Agentzian (ESA). Ekitaldia azaroaren 9an egingo da (ostirala), 17:00etan, Nafarroako Museoan (San Domingo kalea, 47), eta doakoa izango da.
Grabitazio-uhinak ulertzeko, bola handi eta pisutsu bat imajina dezakegu koltxoi baten gainean, beste bola txiki eta arin baten ondoan. Lehenengoa hondoratu egingo da, eta bigarrena lehengorantz eroriko da. Grabitatearen kasuan gertatzen denaren irudi bat da hori, Albert Einsteinek sortutako ikuspuntu modernoaren arabera. Einstein bera ohartu zenez, unibertsoan higitzen diren objektuek uhindurak eragiten dituzte leku-denboran, eta espazioan zehar hedatzen dira. Bola pisutsu horren modukoa da Lurra, bere inguruko leku-denbora (koltxoia) deformatzen baitu, gainerako objektuak (bola arina) erakartzen dituen bitartean. Etengabeko deformazioa da hori. Hala ere, fenomeno batzuek (orbitan dauden bi neutroi-izar, adibidez) deformazio bat eragiten dute, uhin baten moduan hedatzen dena, harri bat uretara botatzen denean bezala. Grabitazio-uhin bat igarotzen denean, objektuen distantziak eta dimentsioak aldatzen dira, modu hautemanezinean bada ere.
Grabitazio-uhinen existentzia da Albert Einsteinen Erlatibitatearen Teoria Orokorraren iragarpenen artetik egiaztatu gabe zegoen bakarra. Fisikariak duela mende bat proposatutakoa da iragarpen hori, baina ez zuen uste uhin horiek inoiz detektatuko zirenik. LIGO behatokiak 2015eko irailean lortu zuen, aurkikuntza 2016ko otsailean jakinarazi bazen ere. Behatokiaren fundatzaileek (hiru estatubatuar) Fisikako Nobel Saria irabazi zuten 2017. urtean.
Hala, badirudi grabitazio-uhinek bidea emango dutela unibertsoari behatzeko leiho berri bat irekitzeko. Grabitazio-uhinen detekzioak ezagupen berriak ekarriko ditu teoria orokorrari buruz, zientzialariei aukera emango baitie espazio-ehunaren distortsio arinaren kausa posible gisa kalifikatu diren fenomeno astrologikoen eragina zehazteko.
Hiru hitzaldien edukia
Grabitazio-uhinei buruzko saioa hiru hitzalditan egongo da antolatua. “Grabitazio-uhinen astronomiaren hasiera” izenekoa Alicia M. Sintes Fisika Teorikoko irakasle eta Balear Uharteetako Unibertsitatean LIGO lankidetza zientifikoaren ardura duen ikertzaile nagusiak emango du. Hala, hizlariak grabitazio-uhinak zer diren azalduko du, nola detektatu ziren, zer informazio berri ematen duten eta zer eginkizun izan duen Balear Uharteetako Unibertsitateko Erlatibitate eta Grabitazio Taldeak gaur egun arte iragarri diren grabitazio-uhinen sei detekzioetan.


César García Marirrodriga ingeniari aeronautikoa, grabitazio-uhinak detektatzeko xedez espaziora zunda bat bidaltzeko lehenbiziko proiektuaren zuzendaria Europako Espazio Agentzian.
Bestalde, César García Marirrodriga ESAko LISA Pathfinder misioaren proiektu-zuzendariak hitzaldi hau emango du: “Grabitazio-unibertsoa, espaziotik behatua: ESAren proiektuak”. Palentziar ingeniariaren lana LISA Pathfinder misio horren alderdi guztien garapena gidatzea da, grabitazio-uhinen detektagailu espazialak sortzeko beharrezkoa den teknologia probatzeko helburuarekin. Behe-maiztasuneko grabitazio-uhinen aurkikuntzak unibertsoari behatzeko metodo berri bat ekarriko du, espektro elektromagnetikoko behaketak baino eraginkorragoa izango dena mila milioi argi-urtera izaten diren eskala handiko gertakariak aztertzeko. Horregatik, bere hitzaldian zientzia berri baterako pausoak aurkeztuko ditu, hots, espaziotik aztertutako grabitazio-astronomiarako. Hala, grabitazio-teleskopio handien bidez espaziotik behatzen ahal den unibertsoaren eta ESA ematen ari den pausoen laburpen bat egingo da. Horretarako, LISA Pathfinder misio espaziala aurkeztuko da, 2015eko abenduan espaziora bidali zena, eta 2030eko hamarkadan abiaraziko den LISA misiorako etorkizuneko planak ere aurkeztuko dira.
Azkenik, Agustí Pintó Fisika doktoreak hitzaldi hau emango du: “Nola detektatzen dira grabitazio-uhinak? Zer da eta nola funtzionatzen du LIGOk? Froga praktikoa”. LIGO behatokian grabitazio-uhinak detektatzeko aplikatu den interferometria izeneko teknika zer den azalduko du hizlariak, eta modu praktikoan egingo du, interferometro batek nola funtzionatzen duen erakutsiz.
Jardunaldi hori NUPeko Kultura Proiektuen 2018ko deialdian hautatu diren jardueretako bat da, eta hari buruzko informazio guztia Unibertsitatearen webgunean dago eskuragarri, esteka honetan hain zuzen: http://bit.ly/2NVBwFa.
Jardunaldia NUPeko Irrati-teleskopio Proiektuak antolatu du, eta erakunde akademikoak Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Nafarroako XVIII. Astea dela-eta antolatu dituen jardueretako bat da. Egitarau osoa Unibertsitateko Kultura Zientifikoaren Unitatearen web-orrialdean ikus daiteke.