Joan eduki nagusira

zoom Zenbait ikasle NUPeko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian

Zenbait ikasle NUPeko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiak epea ireki du gaur, abuztuak 20, heldu den 2018-2019 ikasturterako matrikula egiteko. Ikasturtea irailaren 10ean hasiko da, eta datorren urteko ekainaren 7an bukatuko. Matrikula Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiaren webgunean egin behar da, eta egutegi akademikoa webgune horretan bertan kontsultatu daiteke. Ingelesa, frantsesa, alemana eta atzerritarrentzako espainiera ikasteko ikastaroak eskaintzen dira, eta, gainera, ikasturte honetan txinera ere emango da, Zaragozako Unibertsitateko Konfuzio Ikasgelaren bitartez. Horiez gainera, ingeleseko eta frantseseko azterketa ofizialak prestatzeko lantegiak eta ikastaro espezifikoak ere aurki daitezke eskaintzan.

Ikastaroen tipologia Unibertsitateko komunitateko talde desberdinek hizkuntza-prestakuntzaren eremuan dauzkaten beharretara moldatzen da. Halaber, ikastaroen diseinuak aukera ematen du hizkuntzen ikasketa norberaren neurrira, beharretara eta mailara egokitzeko, komunikazioa eta parte hartzea errazten duten eta, azken batean, hizkuntzaren komunikazio gaitasunean benetan aurrera egiteko bidea ematen duten metodoen bitartez.

Ikastaroak Unibertsitateko komunitateko kidentzat eta kanpokoentzat

Ikastaroak denentzat dira: bai Unibertsitateko komunitateko kideentzat (graduko edo graduondoko ikasleak, irakasle eta ikertzaileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak), bai NUPeko tituludunentzat, bai eta Unibertsitatekoak ez direnentzat ere. Unibertsitateko ikasle ohiei eta adiskideei zuzendutako A3U Programan izena emana duten kideek deskontu bereziak dauzkate ikastaro horietarako.

Ikastegiko ikasle berriek, hizkuntza bat ikasi nahi eta aldez aurretiko ezagutzak badituzte, beren maila egiaztatu beharko dute, dela egiaztapen ofizial baten bidez, dela ikastegian bertan proba bat eginez (Arrosadiko campuseko Sario eraikina, Iruñea). Proba hori doakoa da, eta, egin ahal izateko, aldez aurretik izena eman behar da, astelehenetik ostiralera, goizez abuztuan eta goizez eta arratsaldez irailean, gaurtik hasita (abuztuak 20, astelehena).

Ikastaro horiei buruzko argibide guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiaren webgunean kontsultatu daitezke; edo 948 16 97 91 telefono zenbakira deituta; edo helbide elektroniko honetara mezu bat igorrita: centro.idiomas@unavarra.es.