Joan eduki nagusira

zoom “Discurshow” jende guztiarentzako dibulgazio ikuskizunaren kartela, Iruñeko Planetarioan, azaroaren 11n, larunbatean, doan ikusten ahalko dena.

“Discurshow” jende guztiarentzako dibulgazio ikuskizunaren kartela, Iruñeko Planetarioan, azaroaren 11n, larunbatean, doan ikusten ahalko dena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) zazpi jarduera antolatu ditu Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astearen XVII. ediziorako, Iruñean eta Tuteran. Datozen hamabost egunetan zehar egingo dira, eta zazpi jarduerok helburu bikoitza dute: batetik, herritarren artean kultura zientifikoa bultzatzea, eta, bestetik, ikerketa zientifikoaren eta berrikuntza teknologikoaren inguruan gizartea sentsibilizatzea. Nafarroako hiriburuan egingo den egitarauan jarduera hauek daude: ikuskizun zientifiko bat, "Sapiens kodea: hizkuntza-zientziaren inguruko esplorazio bat" izenburukoa, "Hiru minutuan" lehiaketaren azkena, "Zientzia zaletasuna" topaketa, bi ingeniaritza lantegi Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat eta "Campusa proportzioan" erakusketa (magnitude zientifikoak ikusizko moduan azaltzen dituzten grafikoek osatua). Erriberako hiriburuan, "Begi elektronikoa" argazki erakusketa dago bisitatzeko moduan. Jarduera horiek doakoak dira, Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazioaren (FECYT), Iruñeko Planetarioaren, Tuterako Udalaren Gizarte Etxeen eta RNE irratiaren laguntza daukate, eta Ikerketako Errektoreordetzak antolatu ditu, Kultura Zientifikoaren Unitatearen bidez. Jardunaldiaren programa osoa Unibertsitatearen webgunean dago ikusgai.

Nafarroako Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astearen XVII. ediziorako, erakunde sustatzaileek jarduera askotarikoak antolatu dituzte, hala nola lantegiak, hitzaldiak, bisitak, ikuskizunak eta erakusketak. Programa azaroaren 19ra arte luzatuko da. Astearen inaugurazioa heldu den astelehenean, azaroaren 13an, 17:30ean, izango da Iruñeko Gaztelu Plazan, eta jende guztiarentzako hainbat erakustaldi zientifiko egingo dira. Inaugurazio horretan, NUPeko ordezkari batzuk egongo dira, Fisika eta Matematika sailetako ikertzaileak, alde batetik, eta Energia Berriztagarriak Nafarroan Sustatzeko Elkarteko (APERNA) ordezkariak, bestetik. Gogoratu behar da elkarte hau Unibertsitatean jaio zela, eta erakundeko Energia Berriztagarrien Katedrarekin lotura duela.

NUPen jarduerak Planetarioan

NUPek Iruñean bultzatuko dituen jarduerak azaroaren 11n, larunbatean, hasiko dira, "Discurshow" ikuskizunarekin (zientzia zabaltzeko modu erakargarri bat). Ikuskizunaren izenburua hau da: "Sapiens kodea: hizkuntza-zientziaren inguruko esplorazio bat". Ikuskizunean, Xurxo Mariñok (A Coruñako Unibertsitateko irakaslea, neurobiologoa, zientzia dibulgatzailea eta www.culturacientifica.org blogaren egilea), eta Vicente Mohedanok (aktorea, "showman"a eta antzerki zuzendaria) azalduko dute, modu dibertigarrian, hizkuntza nola sortu zen. Ikuskizuna 12 urtetik gorako jende guztiarentzat irekita dago (baita gazteagoentzat ere, lagunduta badoaz), eta 21:00etan izango da Iruñeko Planetarioan (Sancho Ramirez kalea, z/g). Sarrera doakoa da, aretoa bete arte. Ikuskizunera joateko, beharrezkoa da gonbidapena jasotzea ordubete lehenagotik (20:00etatik) Planetarioko txarteldegian.

Datorren astean (zehatz esateko, azaroaren 14an, asteartean), 19:00etan, "Hiru minutuan" lehiaketaren azkena izango da Planetarioan. Lehiaketaren helburua da publiko ez-espezializatuari ikasketa amaierako lanen edukia 180 segundoan hobekien azaltzen duten graduko, zikloko eta masterreko NUPeko ikasleak saritzea. Lehiaketan 1.000 euro banatuko dira sarietan. Lehiaketaren finalean parte-hartzaileek hiru minutuko bakarrizketak egingo dituzte epaimahaiaren aurrean, eta sarrera doakoa da jende guztiarentzat aretoa betetzen den arte.

Azaroaren 18an, larunbatean, Planetarioan "Zientzia zaletasuna" topaketa izango da. Topaketa hau bilera bat da, non zenbait diziplina zientifiko edo teknologikorekin zaletu diren pertsona batzuek, elkarte baten izenean edo bakarka, erabiltzen dituzten materialak, makinak eta lanabesak erakutsiko baitituzte, 17:30etik 20:00etara egingo den azoka txiki batean. Aldi berean, 19:00etatik 20:00etara, beren esperientziak kontatuko dizkiote publikoari (zer egiten duten, nolako bitartekoak erabiltzen dituzten...), Planetarioko hitzaldi aretoan xede horrekin antolatu den hitzaldi batean. Erakusketan sartuko dira, beste elementu batzuen artean, akuarioak, energia berriztagarriei buruzko materialak (esaterako, zaborrontziekin egindako aerosorgailu bat, eguzki-labe bat, kandela baten beroaz mugikorra kargatzeko aukera ematen duen kargagailu termoelektriko bat, hidrogenoarekin funtzionatzen duten jostailuzko autoak), elektronikarekin zerikusia duten gailuak (3D inprimagailu bat, sumo-borroka egiten duten robotak eta beso robotiko bat), eta ingurumenarekin zerikusia duten elementuak (saguzarrentzako kutxa-habiak, tranpa-argazkien laginak eta estazio meteorologikoetako lanabesak) eta espazioarekin zerikusia daukatenak (meteoritoak). Sarrera doakoa da eta nahi duen guztia joaten ahal da.

Jarduerak NUPeko campusean

Iruñeko Arrosadiko campusean "Campusa proportzioan" erakusketa ikusten ahalko da. Erakusketa honetan, informazio laburra ematen duten txartelen eta grafikoen bidez, ikusten ahal dira (eta beraz, alderatzen ahal dira), era azkar eta erraz batean, energiak garapen ekonomikoan eta Nafarroako populazioaren bilakaeran daukan garrantziari buruzko kontzeptu neurgarri batzuk, baita energiak Foru Erkidegoan daukan egoerari buruzkoak ere. Horrela, bisitariak ideia aski ona egin dezake Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek lantzen dituzten kontzeptu zientifikoei buruz. Txartelak Iruñeko Arrosadiko campuseko ikasgelategiko ate nagusietan egongo dira ikusgai azaroaren 15etik abenduaren 22ra, eta aste horietan guztietan oztoporik gabe ikusten ahalko dira.

Beste alde batetik, Arrosadiko campusean bi ingeniaritza lantegi egongo dira Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat: bat euskaraz, “Aitona/Amonarekin Unibertsitatera” izenburukoa, landareen fotosintesia daukana gai nagusia, aiton-amonek eta beren ilobek, DBHko 4. mailako ikasleek, elkarrekin egingo dituzten esperimentuen bidez lantzen dena, Natura Ingurunearen Zientzien Saileko eta Nekazaritzako Ekoizpen Saileko ikertzaileen kontura; eta beste bat gaztelaniaz, izenburu hau duena: "Natusfera, herritarren zientzia lanabesa bioaniztasunari buruzko datuak erregistratu eta elkarbanatzeko"; Javier Peralta de Andrés Natura Ingurunearen Zientzien Saileko irakaslea arduratuko da lantegiaren garapenaz.

Argazki erakusketa Tuteran

Azkenik, Tuterako Rúa Gizarte Etxean, azaroaren 29ra arte, "Begi elektronikoa" erakusketa ikusten ahalko da. Erakusketan ekortzeko mikroskopio elektroniko batekin lorturiko berrogeita hamarren bat argazki baino gehiago daude ikusgai, eta horri esker , 4.000 aldiz handiagotutako irudi harrigarriak ikusten ahal dira, egunerokoa erakusten dutenak (intsektuak, landareak, osagai kimikoak, mikrofosilak, edo boligrafoak eta monetak bezalako objektuak).  Erakusketarako sarrera doakoa da, eta astelehenetik ostiralera ikusten ahal da, 11:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 20:00etara. Irudien egilea José Javier Vesperinas Oroz da, Unibertsitateko Ikerketa Laguntzeko Zerbitzuan lan egiten duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako jardueren egitaraua Kultura Zientifikoaren Unitatearen webgunean dago kontsultagai, eta Nafarroako Foru Erkidegoan egingo direnena, berriz, Zientziaren Adiskideen Klubaren webgunean. NUPeko jarduerak Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) – Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatu ditu.

Foru Erkidegoan, honako hauek dira Zientziaren Astearen XVII. edizioaren sustatzaileak: Zientziaren Lagunen Elkartea, Iruñeko Planetarioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, eta Nafarroako Unibertsitatea. Gainera, Nafarroako beste enpresa eta erakunde batzuek laguntzen dute jarduerak garatzen.