Joan eduki nagusira

zoom NIGMETeko irakasle eta langileak eta olio kaxak, Lacarra adineko jendearen elkarteko, erakunde onuradunetako eta Mendia errotako kideekin batera, argazkia ateratzeko jarrita, NUPeko Praktiketarako Etxaldean.

NIGMETeko irakasle eta langileak eta olio kaxak, Lacarra adineko jendearen elkarteko, erakunde onuradunetako eta Mendia errotako kideekin batera, argazkia ateratzeko jarrita, NUPeko Praktiketarako Etxaldean.

Foru Erkidegoko hiru erakunde sozialek oliba olioaren 180 litroko emaitza jaso dute. Lacarra adineko jendearen elkarteko kideek Nafarroako Unibertsitate Publikoko Praktiketarako eta Nekazaritza Esperimentaziorako Etxaldean bildutako olibekin egin dute olioa Arroizko Mendia errotan. Erakunde sozialak hauek dira: Izarbeibarko Oinarrizko Zerbitzu Sozialen Mankomunitatea (egoitza Garesen dauka), Iruñeko Udaleko Emakumeei Arreta Emateko Udal Zerbitzua eta Apoyo Mutuo-Elkarri Laguntza elkartea, zeinak Hipotekak Kaltetutakoen Iruñeko Alde Zaharreko Plataformaren elikagai banku bat kudeatzen baitu.

Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (NIGMET) Praktiketarako eta Nekazaritza Esperimentaziorako Etxaldea kudeatzen du Arrosadiko campusean (Iruñea). Instalazioak 300.000 metro koadro ditu, eta Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Graduko eta Nekazaritza Ingeniaritzako Masterreko ikerketa proiektuak eta eskola praktikoak egiten dira bertan. Gune horretan hazten dira, beste zenbait laboreren artean, olibondoak, eta espezie horren bertako barietate batzuk gordeta daude (germoplasma bankua izenekoan). Lacarra adineko jendearen elkarteak urtarrilean bildu zituen aipatu etxaldeko olibondoetako olibak, eta horretarako NIGMETeko erakunde sozialekin lankidetzan jarduteko programaz baliatu ziren. Olibekin 180 litro olio egin zituzten, Mendia errotan prozesatuta.

Jarduera solidarioak

zoom Oliba olioa duten txanbilen bilgarria kentzen

Oliba olioa duten txanbilen bilgarria kentzen

Olioa emateko ekitaldia Praktiketarako Etxaldean bertan egin zen, eta han izan ziren NIGMETeko zuzendaritza taldea, Silvia Arazuri Garín zuzendaria buru zutela, NIGMETeko administrazio eta zerbitzuetako langileak eta irakasleak, bai eta hiru erakunde onuradunen eta Lacarra adineko jendearen elkartearen ordezkariak ere. Azken erakunde hori duela bost urte hasi zen garatzen Baratze Adiskide Solidarioak deritzan proiektua premian dauden familiei laguntzeko, gizarte-boluntariotzaren eta elikagaiak hazten dituzten erretiratuen aisialdi aktiboaren bidez.

Olio emaitza hori NIGMETen jarduera solidarioaren beste erakusgarri bat da, zeinak 2012-2013 ikasturteaz geroztik ikaskuntza zerbitzua deritzana garatzen baitu. Ikaskuntza akademikoei esangura sozial handiagoa eman nahi dien prestakuntza proposamen bat da.  Esperientzia solidario bat da, eta batera ari dira lanean irakasleak, ikasleak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak erakunde sozial baten premia zehatzak asetzeko. NUPeko Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza Graduari EUR-ACE® ingeniaritzetarako Europako kalitate ziurtagiria eman dion akreditazio agentzia baimendu eta independenteak balioetsi duen irakaskuntza metodologietako bat da.