Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiaren bitartez, Konfuzio Institutuak antolatutako txinera-azterketak eskaintzen dituzten zentro aztertzaile baimenduen sarean sartu da. Maiatzaren 20an egingo da, Arrosadiko campusean (Iruñean), HSK  proba idatziaren eta HSKK ahozko probaren deialdia. Bi azterketa horiek ofizialak dira, eta nazioartean aitortuak dira txineraren ezagutza-maila egiaztatzeko. Azterketa egin nahi dutenek 2017ko apirilaren 19ra arteko epea dute matrikula egiteko.

HSK probak (Hanyu Shuiping Kaoshi, txineraren ezagutza-mailaren azterketa) sei maila ditu modalitate idatzian: 1. maila, Hizkuntzen Erreferentziako Europako Esparru Komunaren A1en baliokidea, 2. maila (A2), 3. maila (B1), 4. maila (B2), 5. maila (C1) eta 6. maila (C2). HSKK probak (ahozko mailaren azterketa), berriz, hiru: oinarrizkoa, ertaina eta aurreratua. Txinera Atzerriko Hizkuntza gisa Irakasteko Pekingo Bulegoak (Hanban izenekoak) gainbegiratzen ditu azterketak, eta horiek egin eta hilabeteren buruan bidaltzen ditu gutxi gorabehera emaitzak.

Izena emateko azken eguna apirilaren 19a

NUPen txinera-azterketaren bat egin nahi dutenek apirilaren 19ra arte dute izena emateko aukera. Azterketa bakoitza egiteko eskubideen prezioak 40-65 euro bitartekoak dira. Ikasleek aukera dute maila batean baino gehiagotan izena emateko, baldin eta azterketak ordu berean egitekoak ez badira.

Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Unibertsitatearen webgunea edo jarri harremanetan Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiarekin, 948 16 97 91 telefonora deituz, centro.idiomas@unavarra.es helbide elektronikora mezu bat bidaliz edo Ikastegiaren Informazio Puntura joanez (Sario eraikina, 3. modulua, 1. solairua). Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiaren ordutegia webgunean dago kontsultagai.

Konfuzio Institutuaren xedea da txinera eta txinatar kultura sustatzea eta mundu osoko txinera-irakaskuntzari laguntza ematea, Txinera Atzerriko Hizkuntza gisa Irakasteko Bulego Nazionalaren (Hanban) eskariz.

Txinera-azterketak egiteko sareaz gainera, NUPeko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegia Cambridgeko Unibertsitatearen ingeles-azterketak eskaintzen dituzten zentro aztertzaile baimenduen sarean ere sartu da ikasturte honetan. Lehendik ere, ikasturtero antolatzen ditu Ikastegiak DELF-DALF frantseseko diplomak (Frantziako Hezkuntza Ministerioak ematen dituenak), DELE gaztelaniazko diplomak (Cervantes Institutuak ematen dituenak) eta ingelesezko TOEFL-iBT online-diploma eskuratzeko azterketak.