Sare sozialek adierazpen-askatasuna eraldatu dute? Horixe da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) XVI. Eztabaida Ligan parte hartuko dutenek erantzun beharreko galdera, martxoaren 8an eta 9an. Lehiaketan hiru diru-sari emango dira, eta izena emateko epea martxoaren 2an, osteguna, bukatuko da. Lehiaketaren oinarriak eta izena emateko orria Unibertsitatearen web-orrialdetik jaisten ahal dira.
Talde irabazleak aukera izango du NUPen ordezkaria izateko G-9 Taldearen Unibertsitateko IX. Eztabaida Ligan. Balear Uharteetako Unibertsitateak antolatu du eta martxoaren 22tik 24ra bitartean iraungo du. Gainera, irabazten duen taldeko ordezkari batek, txapelketa horrek iraun bitartean, NUP ordezkatuko du G-9 Taldearen III. Mintzaldi Lehiaketan.
NUPeko Unibertsitateko Eztabaida Liga Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzak antolatzen du eta Nafarroako Parlamentuaren laguntza dauka. Talde garaileak 700 euroko saria izango du, bigarrenak 500ekoa eta hirugarrenak 300ekoa. Gainera, txapelketan Joaquín Pascal saria emango diote hizlari onenari.
Liga hori Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2016-17 ikasturtean ikasketa ofizialetan matrikulatuta dauden ikasleei dago zuzendua. Lehiakideentzat zilegi da izena elkarrekin ematea, dagoeneko osatutako eztabaida-talde moduan, edo banaka, izena banaka eman duten beste lagun batzuekin batera eztabaida-taldea osatzeko.
Jarrera zozketaren bidez hartuko da
Eztabaidetan parte hartzen duten taldeek aurkako jarrerak defendituko dituzte: talde batek aldeko jarrera izango du eta beste taldeak aurkakoa, baina defenditu behar duten jarrera zozketaz erabakiko da eztabaida egin baino minutu batzuk lehenago. Eztabaidak 34 minutuko iraupena izango du. Talde bakoitzak hasierako azalpena egiteko txanda izango du (4 minutu), bi txanda eztabaidarako (5 minutu bakoitzean) eta 3 minutu ondorioak azaltzeko.
Puntuazioa emateko garaian, epaimahaiak segurtasuna eta gaia menderatzea, argudio-lerroaren kalitatea, inprobisatzeko gaitasuna eta halako gorabeherak hartuko ditu aintzat. Taldeek gutxienez hiru kide eta gehienez bost kide edukiko dituzte. Kideetako bat kapitaina izango da. Bere taldea ordezkatuko du arbitroen eta epaimahaiaren aurrean, eta hitz-txandetan esku hartzeko eta epaimahaiaren aurrean kexak aurkezteko aukera izango du.
Ekimen horren helburua da Unibertsitateko ikasleen artean jendaurreko elkarrizketa eta ideien alderaketa sustatzea, betiere elkarbizitzan trebatzeko eta norberak dituen trebetasunak garatzeko. Lehiaketan parte hartzen duten ikasle guztiek 0,5 ECTS kreditu jasoko dute. Bestalde, irabazten duen taldeko kideek 1 ECTS kreditu jasoko dute.