Joan eduki nagusira

zoom LUCEren X. urteurreneko kartela

LUCEren X. urteurreneko kartela

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Enpresak Sortzeko Laborategia (LUCE) Nafarroako Berrikuntza eta Enpresen Europar Zentroak (CEIN) eskaintzen duen zerbitzu bat da, eta hamar urte bete ditu. Orain arteko ibilbidean, ekintzailetzari lotutako 400 ekintza gauzatu ditu, eta 13.138 ikasleri eta tituludun berriri eman die zerbitzua, proiektuak bilatzen eta enpresa berriak sortzen lagunduz. Hamargarren urteurrena ospatzeko, jardunaldi bat egingo da abenduaren 13an, Iruñeko Arrosadiko campuseko Nicolás Oresme aretoan (Gurbitzak eraikinean). Sarrera doan izango da, baina izena eman behar da aldez aurretik. Goizean, lehenik, ikasle ohi ekintzaile batzuek mahai-inguru bat egingo dute; gero, Juan Luis Polo transformazio digitaleko eta enpresa-eraldaketako adituak ekintzailetzari buruzko hitzaldi bat emango du; eta, azkenik, erakundeko ikertzaile batzuek osasunaren inguruko jakintza-transferentziako kasu batzuk azalduko dituzte.

LUCE Unibertsitate osoarentzako zerbitzu bat da, ekintzailetza sustatzea eta enpresak sortzea bultzatu nahi duena. CEINek gauzatzen ditu LUCEren funtzioak, enpresa-proiektuei aholkularitza emanez, ikasgelan ekintzailetzari lotutako jarduerak eta lantegiak antolatuz eta ekintzaileen bisitaldiak eta jardunaldiak eginez. LUCE 2006. urtean jarri zen abian, CEINen, Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen eta Enpresaburu Gazteen Elkartearen (AJE) laguntzarekin.

LUCEren zerbitzuak ez dira soilik ikasleentzat eta egresatuentzat; izan ere, NUPeko ikertzaileentzako programa bat jarri du martxan aurten, ikertzaileak jakintzan, zientzian eta teknologian oinarritutako enpresen sorkuntzara hurbildu daitezen.

X. urteurreneko jardunaldiaren egitaraua

Abenduaren 13an, 12:00etan, hasiko da jardunaldia "Lehen pertsonan" izeneko mahai-inguruarekin. NUPeko bederatzi ikasle ohik beren enpresa nola sortu duten azalduko dute, zehatz-mehatz, hauek izango dira hizlariak: Matías Hernández Van Waes, Velites Sport enpresaren sortzailea (crossfit eta fitness egiteko produktuak); Pablo Albizu Balerdi, Iker Mariñelarena Cabeza eta Gorka Moreno Asín, 540 enpresakoak (web-aplikazioetarako eta aplikazio mugikorretarako irtenbide estrategikoak); Miguel A. Llorente García, Ana Monreal Vidal eta Jon Navarlaz Zudaire, iAR Industrial Augmented Reality enpresakoak (irtenbide industrialak errealitate areagotuko aplikazio aurreratuen bidez); María Larrañeta Oiarzun, Paisatge enpresaren sortzailea (paisaia babesteko, kudeatzeko eta planifikatzeko aholkularitza teknikoa); eta Ana Martínez Tanco, Martan enpresakoa (makineria-autoeskola).

zoom Juan Luis Polo, transformazio digitaleko aditua.

Juan Luis Polo, transformazio digitaleko aditua.

Arratsaldean, 16:30ean, Juan Luis Polo antolamendu- eta lidergo-eredu berrietan aditu denak "Helburu bat duen ekintzaileak arrakasta izaten du" izeneko hitzaldia emango du. Hogei urtetik gorako esperientzia du ingurune digitalean, eta transformazio digitaleko erreferentea da bai aholkulari gisa bai eta dibulgatzaile, hizlari, blogari eta negozio-eskola batzuetako irakasle gisa ere. Bestalde, “#Socialholic” eta “#Lidertarios” izeneko liburuak idatzi ditu, eta Territorio Creativo transformazio digitaleko aholkularitza-agentziaren sortzailea eta zuzendari nagusia da. Enpresa horrek 120 langile baino gehiago ditu bost herrialdetako sei hiritan. Horretaz gainera, Agentzia Digitalen Elkarteko presidentea da, hau da, komunikazio digitalean espezializatutako Espainiako marketin- eta komunikazio-agentzien elkartekoa.

Azkenik, 18:30ean, NUPeko ikertzaile batzuek osasunarekin lotutako jakintza Unibertsitatetik enpresara transferitu den kasu batzuk azalduko dituzte. CEINen "S3 Ekimena" izeneko programan parte hartu dute ikertzaile horiek guztiek, hots, RIS3 (Research and Innovation Strategy for Smart Specialisation) gisa ezaguna den Nafarroaren espezializazio adimendunaren estrategiaren esparruan. Marisol Gómez Fernándezek (Matematika Saila) inguruarekiko lankidetzan oinarritutako transferentziaz hitz egingo du; Edurne Barrenechea Tartasek (Smart Cities Institutua-ISC), berriz, "big data" delako teknologia-arloaren eztandaz; eta, azkenik, Cristina Latasa Osta NUPeko doktorea teknologia enpresa bihurtzeari buruz mintzatuko da, eta, bereziki, berak kudeatzen duen Recombina enpresaz, zeina neurrira egindako ingeniaritza genetikoaren arlokoa baita.

LUCEren X. urteurreneko jardunaldira joan nahi baduzu, bidali mezu elektroniko bat luce@unavarra.es helbidera.