Joan eduki nagusira

zoom NUPeko Antzerki Taldea, entseguetako batean.

NUPeko Antzerki Taldea, entseguetako batean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 20 kultura-ikastaro eskainiko ditu 2016-2017 ikasturtean. Horietatik 13 Iruñeko campusean egingo dira eta 7 Tuterako Campusean. Matrikula egiteko epea gaur, osteguna, irailak 8 ireki da unibertsitateko komunitateko kideentzat, eta ikasle ohi eta adiskideek,  A3U programan izena emandakoek eta unibertsitatekoak ez direnek hilaren 22tik aurrera emango dute izena.

Eskaintzaren barruan daude zenbait gairi buruzko monografikoak, hala nola, musika, dantza, arte eszenikoak, artea, komunikazioa, irudia, zientzia, nazioarteko politika eta gastronomia. Iruñean egingo diren bi ikastaro euskaraz emango dira.

Aurten lehenengo aldiz antolatu dira Iruñeko campusean “Swing Dancingerako hastapenak”, swing musikarekin lotutako dantzak ikasteko, hala nola lindy hop, balboa, charlestón, shag eta klake; “Garagardo lantegia”, garagardoa nola egiten den eta dastaketen bidez kalitatearen ezaugarri nagusiak zein diren jakiteko; eta “Ibilbideak Nafarroako ondare geologikotik barna”, zeinean hiru irteera egingo baitira Iruñerrian, karsteko ibilibidea (Aralar eta Andiako mendilerroak) eta Pirinioetako mendiak (Longida, Ledea eta Alaitz mendilerroa).

Irudiarekin lotutako hiru monografiko ere lehenengo aldiz emango dira. Gaztelaniaz emango da “Argazkiei ukituak egitea photoshop-en bidez” eta euskaraz, “Argazkigintza digitala: irudien edizioa” eta “Argazkigintza digitala: ezagutu zure reflex kamera”.

Aurten, lehen aldiz, bi talde egonkor sortuko dira, eta Antzerki Taldeari gehituko zaizkio: Iruñeko Orfeoiaren Gazte Abesbatza eta Ganbera Taldea.

Aurreko ikasturteetan bezala, aurtengoan ere eskainiko dira ikastaro hauek: “Irakurketa Kluba” (udazkeneko seihilekoa eta udaberriko seihilekoa), “Sukaldaritza osasungarria” (udazkenekoa eta udaberrikoa), “Argazkigintza digitala”, “Jendaurrean mintzatzea (oinarrizkoa)” (udazkeneko seihilekoa eta udaberriko seihilekoa) edo Antzerki Taldea.

Tuterako campusari dagokionez, ikastaro hauek daude programatuta: “Arte garaikidearen gakoak”, “Magreb handia.  Mediterraneoko hegoaldeko gure itsasertza”, “Landareen mundua”, “Adimen emozionalaren oinarri praktikoak eguneroko bizitzan aplikatzeko”, “Oinarrizkoa dena… ikusezina da begientzat”, “Jakintzaren maisuak, bizitzaren ikastunak. Ezagutzaren jatorriak: mitotik errealitatera” (udazkeneko seihilekoa eta udaberriko seihilekoa) eta “Tuterar elkartzea. Jardunaldi gastronomikoak”.

Doako ikastaroak

Izen-ematea doakoa da "Irakurketa Kluba" eta "Argazkiei ukituak egitea photoshop-en bidez" ikastaroetarako, bai eta Antzerki Taldea, Iruñeko Orfeoiaren Gazte Abesbatza eta Ganbera Taldera ikastaroetarako ere. Gainerako ikastaroen prezioak 61 eurotik 137 eurora bitartekoak dira, eta ordainduko den prezioa zehazteko kontuan hartuko da ikaslea unibertsitateko komunitateko kidea den eta prestakuntza jardueraren iraupena zein den.

Matrikula Interneten bidez egingo da Kultura Jardueren web-aren helbidean  edo Iruñeko campusean (Kultura Jardueren Bulegoa, Ikasgelategiko 019. ) eta Tuterako campusean (Argibide Bulegoa), bertara joanda.

Ikastaroak eta kultura-jarduerak egiteagatik kredituak emango zaizkie ikasleei, eta beren espedientean jasoko dira. Gehienez ere sei kreditu erdietsiko dituzte jarduera horiengatik graduko ikasketa-plan osoan.