Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Nafarroako Ondare Materiagabearen Artxiboaren Katedrak eta Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak antolatu dituzte, datorren asterako, III. Jardunaldi Zientifikoak eta XXXI. Folklore Jardunaldiak. Aurten programa luzeagoa prestatu da, Artxiboa martxan jarri zela X. urteurrena ospatzen delako. Artxiboak Foru Erkidegoaren eta Nafarroa Beherearen ahozko ondare materiagabea biltzen duen artxibo multimedia (soinua, ikus-entzunezkoak eta testuak) izan nahi du. "Teknologia berriak, begirada berriak" izenburuarekin, proiektu honekin batera martxan jarri ziren lan-ildo guztiak erakutsi nahi dira (kultur ondare materiagabearen ikerketa, kudeaketa, zabalkundea), publikoari zabalik dauden saioen bidez.
Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak, Caixaren Gizarte Obrak, Nafarroako Kutxaren Fundazioak, Labrit Patrimonio enpresak (zeinarekin katedrak lankidetza-hitzarmen bat baitauka) eta Unibertsitateak berak babesten dituzte jardunaldiak.
Astelehenean, martxoaren 7an, emango zaie hasiera jardunaldiei, Nafarroako Filmotekan egingo den eta publiko guztiarentzat zabalik izango den saio batekin. Bertan Patxi Salaberri katedrako zuzendariak eta Karlos Irujo Ortzadarreko kidea eta NUPeko irakasleak aurkezpen bat egingo dute. Ondoren hiru dokumental emango dira, "Kultu Ondare Materiagabea eta zine dokumentala" izenburupean: lehenak Aezkoa Ibarraren eta Donibane Garaziren arteko harremanak ditu gaitzat, eta Eugenio Arraizaren omenez eginda dago, 2015ean hil zen euskal hizkuntza eta kulturaren aztertzaile eta babeslea izan zelako; bigarrena Jeanine Fribourg etnolinguista frantziarrari buruzko da; eta hirugarrenak, "Zur bustiaren oroitzapenak: zura ibaietatik barna garraiatzen zeneko inbentario etnografikoa eta ikus-entzunezko zabalkundea" izenburukoak, jarduera honen protagonisten lekukotasunak biltzen ditu, bai almadiazain ibili zirenenak, baita gaur egungo jaietan aritzen direnenak ere. Labrit Multimediak ekoitzi du film labur hau, Hezkuntza, Kultura eta Kirola Ministerioaren finantzaketarekin. Aitor Ortizek zuzendu du eta Ortizek berak, Gaizka Arangurenek eta Fernando Hualdek egin dute gidoia. Proiekzioak eta gero zineforum bat izango da.
Ondareari buruzko heziketa
Asteartean, martxoaren 8an, ondareari buruzko heziketa hartuko da aintzat. Horretarako, NUPeko Errektoretzan aurkeztuko zaie komunikabideei "on-line" aplikazio bat, Katedrak garatu dituen material didaktikoen bilduma gordetzeko diseinatu dena. Bildumaren lehen lana kantutegiari dedikatu zaiona da, eta Juan José Zubirik, NUPeko Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Saileko zuzendariak, eta Alfredo Asiáinek, katedrako irakasle eta lanaren koordinatzaileak aurkeztuko dute. Laster zabalduko da bigarrenaren edukia, gaztelania eta euskara era integratuan erabiltzeari buruzkoa; eta lan egiten ari dira dantzaren inguruan izango den hirugarrenaren gainean.
Arrosadiko campuseko Arteak sail-eraikineko Ada Byron Aretoan, asteazkenean, martxoaren 9an, 10:00etatik aurrera, kultur ondare materiagabearen kudeaketari buruzko lan-jardunaldi bat izango da, batez ere udaletako kultur kudeaketariei zuzendua, baina interesdun guztiei zabalik egongo dena. Labrit Patrimonio enpresako hiru aditu gai hauei buruz mintzatuko dira: bilketa, dokumentazioa eta inbentarioari buruz (Gaizka Aranguren), legeei buruz (Sara González Cambeiro) eta transmisioari buruz (Itziar Luri). Gainera, Ortzadar taldeko adituek "Nafarroako dantza tradizionalaren atlasa" egiteko lanak eduki dituen aurrerapenak azalduko dituzte. Saioa bukatzeko, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Mª Ángeles Querol katedradunak, Kultur Ondarearen Klusterreko kideak, "Kultur Ondarearen kudeaketa" izenburuko hitzaldia emango du.
Doktoregaientzako saio berezia
Ostegunean, martxoaren 10ean, "Master class" bat izango da, doktoregaientzat, Ortzadarreko laguntzaileentzat eta Nafarroako Ondare Materiagabearen Artxiboaren Katedrako laguntzaileentzat. Nafarroako Doktoretza Eskolak (NADOE) ere parte hartu du saio honen antolakuntzan. Saioaren izenburua "Landa lana: metodologia eta teknologia" da, sarrera librea da eta 17:00etan izango da, Ada Byron Aretoan. Hizlariak eta gaiak hauek izango dira: Magdalena Romera, katedrako kidea, metodologia kualitatiboari buruz; Karlos Irujo eta Alfredo Asiáin, lan praktiko baten aurkezpena; eta Gaizka Aranguren alderdi teknikoei buruz. Ondoren lau doktoregaik (NUPeko Maira Diasek, Nayim Medinak e Isabel Merinok eta EHUko Aroia Kortabitartek) beren doktoretza tesien proiektuetako landa lanak aurkeztuko dituzte.
Azkenik, ostiralean, martxoaren 11n, jardunaldiak amaituko dira NUPen eta EHUren arteko saio zientifiko batekin. Azken saioa 17:00etan izango da, Ada Byron aretoan, eta irekia izango da publikoarentzat. EHUko irakaslea den Álex Ibáñezek emango du hasierako hitzaldia, "Ondare-heziketa eta IKT: eredu teorikoa eta joerak" izenekoa. NUPeko irakasleak eta katedrari atxikiak diren Ana Mª Mendióroz, Alfredo Asiáin eta Arantza Almogueraren komunikazioak entzun eta gero, Mª Victoria Lópezek (NUP-katedra), Mikel Ozkoidik (Iturrama Institutuko irakaslea eta Ortzadarreko kidea) eta Patricia Carballok (Erroibarreko Elutseder Elkartea), ondare-heziketako esperientzien berri emango dute.