Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) zazpi ikastaro kultural eskainiko ditu (talde egonkorren jarduerez gain) 2021-2022 ikasturtearen udaberriko seihilekoan, Arrosadiko campusean (Iruñean). Unibertsitateko komunitateko kideentzat izanen dira lau, eta dagoeneko ematen ahal dute izena irakasle eta ikertzaileek, administrazioko eta zerbitzuetako langileek eta ikasleek. Gainerako hiru ikastaroetan, ikasle ohiek, A3U Programakoek eta Unibertsitatekoak ez direnek ere ematen ahalko dute izena urtarrilaren 20tik aurrera. Ikastaroen inguruko informazio guztia, egutegiak eta prezioak Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko. 

zoom Grupo Teatro

NUPeko Antzerki Taldea.

Unibertsitateko komunitatearentzako ikastaroak eta talde egonkorren jarduerak

Zehazki, honako ikastaro hauek emanen zaizkie Unibertsitateko komunitateko kideei —parentesi artean, ikastaroen arduradunak ageri dira—: Astronomia (Carlos Sáenz Gamasa), Eztabaida gela (Miguel Rodríguez Garayar), Irakurketa Kluba eta Online Irakurketa Kluba (Begoña Espoz González da azkeneko bien arduraduna). Doakoak dira denak. Udazkeneko seihilekoan jarri ziren martxan, eta aukera dago bigarren seihileko honetan ikastaroetan sartzeko. Beste hiru ikastaroetan Unibertsitatekoak ez direnek ere hartzen ahal dute parte. Hauek dira: Jendaurrean hitz egitea (Óscar Orzáiz Resano), Ibilbideak Nafarroako ondare geologikoan barna (Francisco Javier Sanz Morales) eta Idazteko sormena pizteko tailerra (Marisol Artica Zurano).

Horretaz gainera, ikasturtearen hasieran abian jarritako talde egonkorren jarduerek ere segituko dute seihileko honetan: Antzerki Taldea (Unibertsitateko komunitateko kideentzat, ikasleentzat batik bat), Iruñeko Orfeoiaren Gazteen Abesbatza eta Erasmus Agertokia (nazioarteko ikasleentzat bakarrik). Óscar Orzáiz Resano izanen dute gidari antzerki taldeek.